Sei konpositoreren obra bana estreinatuko du gaur Hitz Xare Laborategiak

Musikagileak zirkuituaren barruan emango du taldeak kontzertua San Telmo museoan, Donostian

Iñigo Ginerrek De retórica obra estreinatuko du. BERRIA.
Erredakzioa
Donostia
2013ko urriaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Sei musikagile gazteren beste horrenbeste konposizio estreinatuko ditu Hitz Xare Laborategia taldeak gaur Donostiako San Telmo museoan. Jagoba Astiazaranen Xare, Jose Ruben Ciden Ut-tu, Ignacio Ferrandoren Y al final, la paz o el final, Miguel Matamororen Dun home e de sal, Iñigo Ginerren De retórica eta Carlos Trujilloren Hrsah izango dira aurrenekoz zuzenean eskainiko dituzten musika lanak. Musikagileak musika garaikideko IV. zirkuituaren barruan egingo da kontzertua.

Hainbat diziplinari erantzuteko musika sorkuntza eta ikerketa lantzen duen kolektiboa da Xare, eta bere barruan hainbat talde biltzen ditu. Hain zuzen ere, sorkuntza berrientzako taldea da Hitz, konpositore gazteekiko arreta berezia duena.

Egun 20 eta 35 urte arteko hamahiru kidek osatzen dute Xare Laborategia. Musikene Euskal Herriko goi mailako musika ikastegian heziak dira denak eta laborategiko lana musika garaikideko beste hainbat talderekin partekatzen dute: Krater, Kuraia, Espacio Sinkro, Nou Ensemble... hainbat orkestra sinfonikotan ere aritzen dira.

Orain arte hainbat proiektutan hartu du parte Xare Laborategiak. Besteak beste, Txaber Larreategik eta Josu Martinezek zuzendutako Debekatuta dago oroitzea dokumentalerako Txaber Fernandez Martinek idatzitako musika grabatu zuen Xarek. Fernandez Martinek zuzenduko du, hain zuzen ere, taldea gaurko kontzertuan.

Gaur beren obrak estreinatuko dituztenetatik bi euskal herritarrak dira: Iñigo Giner (Bilbo, 1980) eta Jagoba Astiazaran (Zestoa, 1986). Ginerrek sari eta aipamen ugari jaso ditu, lankidetzan aritu da hainbat ensemble-rekin Europan eta AEBetan. Horretaz gain, zenbait elkarte eta jaialdiren enkarguak jaso ditu. Azkeneko urteotan, pianista gisa aritzen da musika-antzerki obratan Europa osoan eta baita Die Ordunung der Dinge antzerki arloko ensemblearekin.

Astiazaran, berriz, Donostiako Udal Txistulari bandako partaide da eta hainbat konposizio sari irabazi ditu. Era berean, Donostiako Orfeoia/EHU ikerketa saria irabazi zuen 2011n.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.