H ala 36ko gerra nola beste edozein giza gatazka jorratzean, literaturak anbiguotasunari eta ñabardurari lekua egin behar dio; eta ihes, aldiz, sektarismoari, heroismoari, epikotasunari eta propagandari. 36ko gerrari buruz idatzitako narratiban horrela jokatu dute idazleek batzuetan, baina ez beti. Horiek dira Gerra Zibila eta memoria historikoa Iberiar Penintsulako literaturan mintegiko hitzaldietatik eratorritako ondorio nagusietako batzuk. Eusko ikaskuntzak eta Etxepare Euskal Institutuak antolatuta, joan den asteazkenean egin zen mintegia, Donostiako Aiete auzoan, Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean.
Egun memoria historikoa errebindikatzen bada ere, «inoiz ez da egon benetako desmemoria bat, kontaketen selektibitate bat baizik», Joan Ramon Resina Kaliforniako Stanford Universityko irakaslearen ustez. «Ezin zaio soilik irabazleei egotzi obejktibitatez ez jokatu izana gertaera historikoen kontaketan. Gisa berean, ez da da frankisten aldea bere krimenak ezkutuan gorde dituen bakarra».
Gatazka armatua amaitu ondoren, 36ko gerrak «plano ideologikoan izan zuen jarraipena», Resinaren ustez, «iraganeko egiaren ezarpenaren inguruan», eta etenik gabeko borroka horretan objektibitatea nork bere aldeko jarreraz urratzeko joera ez da izan soilik historiografia ofizialarena. «Oposizioa dei dezakegunaren historiografiak» ere horrelaxe jokatu du»».
Joan Fuster ohartu zen
Joan Fuster valentziar saiakeragilea 50eko hamarkadan jabetu zen oker horretaz, eta baita izango zituen ondorio larriez ere, Resinak bere hitzaldian gogora ekarri zuenez. Errepublikaren aldeko idazle askok errepublikazaleak nagusi ziren lurraldeetan geratutako gehiegikeriak ukatu egin zituztela salatu zuen Fusterrek, edo haietako asko ezkutatu behinik behin. Hori izan zen, haren ustez, atzerritarrek 36ko gerraz emandako lekukotasunen «akats handia, iruzur handia».
Ondorengo hamarkadetan konpondu ez den akatsa. «36ko gerraren gaia lantzen duten nobela askotan biktima, biktima izate hutsarekin, errugabetasunaren paradigma da, ikuspegi sinple eta manikeo batean, ñabardurak eta kontraesanak baztertuz».
«Objektibitatearen eta konpromiso politikoaren ateko gatazka planteatu zuen Fusterrek 50eko hamarkadan», Resinaren ustez, «orduan gaur bezain zaila zen gatazka». Inongo legek ezin alda dezakeen «eragile psikologikoa» da Fusterrek 50eko hamarkadan atzeman eta salatu zuen joera hori. «Koakzioa izan daiteke zenbaitetan konponbidea —Alemaniaren kasua da, 1945az geroztik—; egiari pixkanaka azaleratzen eta gailentzen lagunduko liokeen negoziazioa izan daiteke konponbidera hurbiltzeko beste modu bat». Esklabotasunaren krimen izaeraren aitormena aipatu zuen negoziazioaren bidezko pixkanakako aldaketaren adibide gisa.
«Literatura, kontzientziaren sustrai emozionaletatik gertu dagoen neurrian, horretan lagungarri izan daiteke», Resinaren ustez. «Literaturak garai jakin baten espiritua beste edozein dokumentuk baino fideltasun handiagoz jaso dezake; hots, amaitu gabeko iragan baten islatze subjektiboak, anbiguitatea eta kontraesanak baztertu gabe, horiek baitira arrazionalizazioaren lehen biktimak».
Kataluniako soldadu idazleak
36ko gerraz katalanez idatzi ziren lehen nobelek erreparorik gabe egin zioten lekua anbiguotasunari eta ñabardurari, «ikuspegi antiheroikoa, antiepikoa eta ironikoa» nagusitu zen haietan, Xavier Pla Gironako Unibertsitateko irakasleak azaldu zuenez.
Gerran parte hartu zuten Pere Calders eta Aveláli Artis-Gener Tisner idazleek, eta esperientzia horretan oinarrituak dira lehenaren Unitats de xoc eta bigarrenaren 556 Brigada mixta nobelak, 1938an eta 1945ean argitaratuak hurrenez hurren. Nahiz eta bi egileek Errepublikaren alde borrokatu, haien nobelak urrun daude defenditu zituzten ideien propaganda izatetik eta gerraren ikuspegi idealizatua ematetik.
Meritu berezia du alde horretatik Caldersen nobelak, Kataluniako Generalitateko erakunde batek antolatutako lehiaketa bat irabazi baitzuen Caldersek nobela harekin, deialdiaren berri Amic hamabosteroko aldizkariaren bidez jaso eta gero. 1937aren amaieratik 1938ko iraila arte kaleratu zuen Generalitateak Amic, eta Errepublikaren aldeko soldadu guztiei helarazten zitzaien.
Aldizkaria bazen propagandarako eta Errepublikaren balioen gorazarrerako tresna, baina Caldersek sortu zuen nobela ez. «Gainera datorkien debacle-aren berri badakiten soldadu apalen eguneroko bizimodua eta sufrimendua erakusten du». Gosea, zorriak, arratoiak, hotza… gerrako miseria guztia uzten du agerian.
«40, 50 eta 60ko hamarkadetan, aldiz, isiltasuna zabaldu zen, garaileak zirelako ahotsa zutenak, eta haiek gaztelaniaz idatzi zutelako gerraz», Plak azaldu zuenez. «Ez dago garaileen katalanezko nobelarik. Eta garaileen nobeletan fusilamenduak, kontzentrazio esparruak eta bestelako errealitate gordinak oso gutxi ageri dira, ezkutuan daude. Horretan guztiz beste muturrekoa izan zen atzerriko idazleen joera: Hemingway, Orwell, Bernanos…».
Frankismoaren osteko katalanezko literaturak 36ko gerraren gaia jorratu duenean, aldiz, ez du aintzat hartu soldadu idazle haiek erakutsi zuten bidea, eta «sektarismora eta erromantizismo faltsu batera» jo da, «autokritikarik egin gabe», kasurik gehienetan, Plaren iritziz. «Pere Calders, Tisner, Merce Rodoreda eta besteren lanen ordez, askoz arrakasta handiagoa dute heroismorako joera duten nobelek, gerraren ikuspegi edulkoratu eta faltsua ematen duten kontaketek».
Manuel Rivasen «aroa»
Bestelako kezkak agertu zituen Dolores Vilavedra Santiagoko Unibersitateko irakasleak. 36ko gerrak galizierazko literaturan izandako tratamenduari buruz mintzatzean. 40ko eta 50eko hamarkadetan jaiotako idazleek jorratu zuten 36ko gerraren gaia galizieraz, 80ko hamarkadaren bigarren erdialdean. Carlos Casaresek, adibidez, Os mortos daquel verán nobelan (1987). Gertaera bakar baten inguruan hamar pertsonaiak epailearen aurrean emandako lekukotasunak batu zituen obra hartan, oso ikuspegi ezberdinak txirikordatuz eta «memoria historikoaren izaera heterogeneoa» agerian utziz.
Ondoren, gerrak galizierazko literaturan izandako errepresentazioari dagokionez, Manuel Rivasen lanek «aro berria» zedarritu dute, eta lan horien ondoren «alderdi sentimentalaren protagonismoak orain artean ez zegoen adostasun soziala eragin du», Vilavedraren ustez. «Rivasen kanonizazioak, haren lanen arrakasta zabalak eta hark sortzen duen sinpatiak, gaiaren neutralizazioa ekarri dute», eta arrakasta zabal horrek izan dezake arriskurik, «gaiaren deshistorizazioa eta despolitizazioa, adibidez».
Literatura
Sektarismoari eta propagandari, gerra
36ko gerrak gaztelaniazko, euskarazko, galizierazko nahiz katalanezko literaturan izan duen isla aztertu dute hainbat unibertsitatetako irakasleek Donostian. Gerra jorratzerakoan sektarismotik eta propagandatik ihes egin izan duten idazleen alde mintzatu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu