Senari jarraitutako lana

Goia-Aribek aurreskuaren interpretazio libre eta «gaurkotua» egin du '5 Aurresku's' bideoan

Eskarmentu handiko musikari eta konpositorea da Josetxo Goia-Aribe (Doneztebe, Nafarroa, 1959). JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Naiara Elola.
Iruñea
2016ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Ia automatikoki etortzen zaio burura aurreskuaren doinua Josetxo Goia-Aribe saxofoi jotzaileari. Dantzatzeko modua, melodiaren erritmoa eta isiluneak memorian iltzatuak dituela aitortu du. Gau batez, saxofoia jotzen ari zela, aurreskua jotzen hasi, eta hari horri tiraka interpretazio berritua egin du, «gaurkotua». Adierazi duenez, berezko senari jarraituz egin du interpretazio hori. Musika eta dantzak ia berezkoa duten dualtasuna dela eta, melodia berria bost dantzariri dantzatzeko eskatu, eta 5 Aurresku's bideoan bildu du emaitza.

Artistak azaldu duenez, 35 dantzari aurkeztu ziren proiektuan parte hatzeko prest. «Guztiak ikusi nituen dantzan, baina bostek bakarrik eragin zidaten barruan karranpa». Horrela aukeratu zituen Sonia Sanchez, Iñaki Fortun, Marcos Vargas, Chloe Brule eta Inma Chopo. Eskarmentu handiko dantzariak dira guztiak. Bakoitzak bere dantza estiloaren arabera interpretatu du Goia-Aribek idatzitako melodia. Gainera, hark jakinarazi duenez, gehienek ez dute inolako harremanik izan proiektu horren aurretik euskal dantza tradizionalarekin. Horri esker, horren errotua dagoen dantzatzeko moduak hautatutakoak ez kutsatzea lortu duela uste du musikariak.

Mezuaren indarra

Bideoa bost zatitan dago banatua. Parte hartu duen dantzari bakoitzari atal bat eskaini dio Goia-Aribek. Grabazio eguna baino lehenago jaso zuten melodia guztiek. Hala, euren kabuz probak egin eta koreografia eratzeko aukera izan zuten. «Erabat askeak izan ziren nahi zuten interpretazioa egiteko». Askatasun hori dantzatzeko espazioa hautatzeko ere izan dute. Lauk Nafarroako txoko banatan egin zuten saioa: ehun urteko Ultzamako haritz baten gerizpean, Zangozako Karmengo klaustroan, Iruñeko Baluarteko harresian eta Etxauriko berotegi batean. Bosgarrenak, berriz, Zaragozako (Aragoi, Espainia) taberna bat hautatu zuen.

Emozioz betea dago bideoa. Atal bakoitzean, dantzariaren eta saxofoi jotzailearen artean elkarrizketa moduko bat sortzen da. Batzuetan, hartu-emana pausatua da. Besteetan, borrokaldi bat iduri du. Iñaki Fortunen saioa ikusi besterik ez dago. Zangozako klaustro bateko zutabe batera lotutako soka baliatu zuen dantzatzeko. Gainera, aurreskuaren eta sokadantzaren arteko lotura ere azaleratu zuen modu horretan.

Orokorrean, bost aurreskuak dira berritzaileak. Tradizioak eskatzen duen hertsitasuna gainditzen dute guztiek. Dena den, azken ataleko interpretazioa da urratzaileena, ziurrenik. Zaragozako kultura alternatiboko areto batean egin zuten grabaketa. Inma Chopo da dantzaria. Lesakako (Nafarroa) dantzarien moduan, zubi gainekoa dantzatuko balu bezala zintzarriak lotu zituen hanketan. Aurpegian, begi aldea gorriz margotu zuen. Gerritik gora biluzi egin zen. Goia-Ariberen irudiko, bosten artean interpretaziorik «harrigarriena» da Choporena.

Artistak azaldu duenez, bideoa egin eta ametsa egia bihurtzeko ahalegin handia egin du. Onartu duenez, inbertitutako dirua nolabait berreskuratu nahiko luke, dokumentala zinema jaialdietan aurkeztuz, adibidez. Horrekin batera, prest agertu da dantza tradizionalaren eta garaikidearen inguruko hitzaldiak ematera, azken lana aitzakia modura hartuta. Izan ere, zineman eta bideogintzan profesionala izan gabe, «oso lan txukuna» egitea lortu duela esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.