Sentimenduen epika

Berri Txarrak taldeak 'Haria' zazpigarren diskoa argitaratu du Ross Robinson ekoizle estatubatuar ezagunarekin elkarlaneanInoiz baino lan poperoagoa baina aldi berean gogorra eta gordina egin dute

Gorka Urbizu (abeslaria), Galder izagirre (bateria jotzailea) eta David Gonzalez (baxu jotzailea) Berri Txarrak taldeko kideak, atzo, Haria diskoaren aurkezpenean, Bilbon. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Hamazazpi urteko ibilbidean lehenengoz utzi dio taldeak produktore bati kantuetan eskua sartzen. Payola, aurreko diskoa, Steve Albinen Chicagoko estudioan egin zuten. Grabazioak hamar egun iraun zuen. «Disko hura analogikoa izan zen, ia gordina, baina oraingoan bolantazoa eman dugu», azaldu du Gorka Urbizuk. 50 egunezRoss Robinson ekoizle estatubatuar entzutetsuaren esanetara jarri da Berri Txarrak. «Euskal Herrian ez gaude figura honekin lan egiten ohituta, baina pozik gaude soinuekin esperimentatzen animatu gaituelako». Ia bi hilabetez taldekide bihurtu da Robinson. «Gure mugetara eraman gaitu norberaren onena ateratzeko». Taldea motibatu egin du energia berezia atereaz. Musikalki aurrerapauso handiak egin dituztela eta, pozik azaldu da taldeko kantaria: «Inprobisazio dezente egin dugu, inoiz baino gitarra geruza eta giro gehiago probatu ditugu». Arinago ukitu ez dituzten musika moldeetara urreratu dira, orain arteko diskorik ausartena sortuz. Ahotsen melodian pop kutsua nabari da. «Ez da disko ultraproduzitu bat, gordina da, itsaso zikin uger bat, eta uraren gainean pop melodia ageri da».Duela urtebete eskas sartu zen taldean Galder Izagirre, eta lehenengoz grabatu dute elkarrekin. Bateria aldaketak ere musika egiteko beste molde bat ekarri dio taldeari.

Los Angelesko Venice hondartza ezagunaren parean izan dute grabazio estudioa, Ross Robinsonen etxean bertan. Han bizi izan dira taldekideak grabazioak iraun bitartean. «Jotzeko orduan laurak gela berean egon gara elkarrekin, zuzenean egongo bagina bezala, eta oso positiboa izan da horrela grabatzea», dio taldeko bateriak. «Berak jakin du nola birmoldatu gure lana etekin onena atereaz». Urbizuk Robinsonen lana goraipatu du: «Eminentzia bat da, 90eko hamarkadako hardcore eta metalmugimenduetan funtsezko pertsonaia. Korn, Slipknot, The Cure eta Sepultura taldeen disko arrakastatsuenak, esaterako, bere lanaren emaitza dira». Ekoizle famatuaren lan teknikak txundituta utzi ditu taldekideak. «Musikari bakoitzaren alderdi psikologikoa aztertu eta erabiltzen du, eta hortik disko gordinak, espiritualitatez betetakoak ateratzen ditu». «Gauzak beste era batean egiten irakatsi digu, arlo teknikoari hainbeste erreparatu beharrean muinera joanez», dio Izagirrek. «Zenbat eta gutxiago pentsatu, musikari hobea zara», esaten zion Robinsonek Urbizuri bat-batean jotzera gonbidatuz. «Bakoitzaren beldur eta motibazioak ezagutu eta grabazioan islatzen saiatzen da», azaldu du taldeko abeslariak.

David Gonzalez taldeko baxuaknabarmendu duenez, Robinsonek asko baloratzen du norberak bere izaerari eustea musika egiterakoan. «Bitxia iruditu zitzaion euskaraz abestuz defendatzea euskal herritarrak izatea». «Han nekatuta daude ingelesez gaizki kantatzen duten talde europarrez», azaldu du irribarre artean Urbizuk. Haientzat erokeria da nork bere hizkuntza ez den batean abestea.

Emozioak, puri-purian

Haria diskoa (Kaiowas, 2011) bi formatutan plazaratu dute, biniloan eta CD euskarrian. «Hamabi abestiz osatutako lanean Berri Txarrak-en jarraitzaile bakoitzak bere kantua aurkituko du», adierazi du Gotzon Barandiaran taldeko prentsa arduradunak. «Hamazazpi urteko ibilbideko disko guztietatik zer edo zer ageri da; beraz, haria ez da eten. Oraindik mataza badauka luzerako». Barreneko sentimenduak atera, eta abesti bilakatu ditu taldeak. «Inoiz baino indartsuago eta ausartago» datozela gaineratu du Barandiaranek. Musika eta hitzen artean koherentzia bilatu du taldeak. «Iraila eta Makuluak kantuetan, adibidez, pasarte epikoak daude», dio Urkizuk, «eta sentimenduak puri-purian ageri dira, melodia deskribatzailea osatuz».

Diskoan behin eta berriro errepikatzen diren kontzeptuak daude: aurrera egitea, oinez joatea eta abar. «Batzuetan ihesetik badauka zerbait; Non bestela kantuan, adibidez, sentipen hori agertzen da». Harra abestian musikarekiko miresmena ageri da. «Barruan daukagun eta mugitzen ari den har hori da. Bada zerbait magikoa musikan, lehen eguneko ilusio berarekin jarraitzera bultzatzen gaituena». Sugea suge abestian Berri Txarrak-ekoek musikari eta narrastiaren antzekotasunak atera dituzte: «Hozka egiten jarraitu nahi dugu». Ildo politikodun kantuak ere badaude diskoan, Albo-kalteak eta Haria, esaterako, hausnarketarako gonbita eginez. «Iraila maitasun kantu bat izan daiteke», azaldu du taldeko abeslariak, «interpretazio bat baino gehiago dauka». FAQ kantuan Matt Sharpek (Weezer eta The Rentals) egin ditu koroak. «Lehortzen gitarraz egindako inprobisazioa da, diskoaren laburpen txiki bat». Zuzenekoak otsailean hasiko dituzte, eta Durangoko Azokako Ahotsenean abenduaren 7anegongo dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.