'Sevillako bizargina'-ren bertsio «ausarta» Hamabostaldian

Rossiniren operako pertsonaiak telenobela bateko aktore bihurtu ditu Joan Anton Rechi eszena zuzendariak

Sevillako bizargina operaren entsegua, atzo arratsaldean, Kursaalean. LANDER FERNANDEZ ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2011ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Gioacchino Rossiniren Il barbiere di Siviglia edo Sevillako bizargina opera ezagunaren bertsio «ausart eta irudimentsua» eskainiko du Donostiako Musika Hamabostaldiak bihar eta etzidamu, hilaren 8an eta 10ean, Kursaalean, Patrick Alfaya jaialdiaren zuzendariak adierazi duenez. Joan Anton Rechi eszena zuzendariak obrari «bira eman dio», Alfayaren iritziz, baina Rossiniren espirituari traiziorik egin gabe. Duela 14 urte eman zen azkenekoz Sevillako bizargina Hamabostaldian.

Rossiniren obrari «ero ukitu bat» eman nahi izan dio Rechik, berak azaldu duenez, «Rossinik berak egiten zuen moduan», eta publikoak horretan parte har dezan nahi du, errealitatearen eta fikzioaren arteko jolas baten bitartez, «Rossinik berak askotan egiten zuen bezala». Publikoarekin oso harreman estua lortzen zuen Rossinik, eta Rechik haren antzera jokatu nahi izan du.

Sevillako hiritik (Espainia) telenobela baten filmaketa lanak egiten ari direneko plato batera eraman ditu operako trama eta gertakariak Rechik, eta, XVIII. mendeko pertsonaien ordez, telebistarako lan egiten duten aktoreak sartu ditu istorioan.

Musikaz Euskadiko Orkestra Sinfonikoa arduratuko da, Andres Orozco Estrada zuzendari dela. Rechiren egokitzapena «adimen harrigarriz» egina dago, Orozco Estradaren iritziz, eta ziur dago operara joaten diren ikusleek oso ondo pasatuko dutela. Easo abesbatzak ere parte hartuko du emanaldian, Xalba Rallok zuzenduta. Hasieran horren inguruko zalantzak izan bazituzten ere, Easo abesbatzako kideek ere bat egin dute Rechik moldatutako bertsioaren umorearekin, Alfayak azaldu duenez.

Gaur, inaugurazioa

Hamabostaldiaren inaugurazioa gaur egingo da, hiriko hainbat lekutan egingo diren emanaldien bitartez: Udal Txistularien Bandaren emanaldia Urdaneta kalean (12:00etan); Gus Marionetas txotxongilo konpainiaren Inaugurazioa ikuskizuna (12:00etan Julio Caro Baroja plazan eta 19:00etan Urdaneta kalean); hainbat talderen dantza emanaldia Kursaaleko foyerrean (12:00etan); Easo Txiki eta Araoz Txiki abesbatzen emanaldia udaletxeko batzar aretoan (12:30ean); ZHL String boskotearen emanaldia (13:00etan Julio Caro Baroja plazan, 18:00etan Konstituzio plazan eta 20:00etan Urdaneta kalean); haurrentzako txotxongilo ikuskizuna Matia Fundazioaren Bermingham ospitalean (16:00etan); Trino Zurita biolontxelistaren eta Antonio Simon pianistaren emanaldia udaletxeko batzar aretoan (20:00etan); eta Concerto Donostiarraren kontzertua, Tomas Luis de Victoriaren omenez, Zorroagako elizan, 20:00etan.

Organo Zikloaren barruan, Loreto Aramendi, Ana Belen Garcia eta Alize Mendizabal Koruko Andre Mariaren basilikan ariko dira gaur (20:00etan); etaAlessandro Bianchi Usurbilgo Salbatore elizan (ordu berean).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.