SGAEren zuzendaritzarako bi hautagai talde izan ziren ekainaren 30ean egindako hauteskundeetan. Kudeaketa taldetik kanpo geratu zen taldea, DOM (De Otra Manera), akusazio gisa aurkeztuko da Espainiako Auzitegi Nazionala egungo zuzendaritzaren aurka egiten ari den kasuan. Horren harira, hauteskundeak berriz egiteko eskatu dute, iruzurra egon zelakoan.
Izan ere, Pablo Ruz epailearen autoak baieztatzen du Jose Rodriguez Neri kasuko inputatu nagusiak hauteskundeetan CPAChautagaitza garailea babestu zuela —ordura arteko kudeaketaereduarekin jarraitzearen aldekoa—. Rodriguez Neri hauteskunde batzordeko kide zen, eta Poliziak atzemandako telefonoko elkarrizketa batzuetan oinarrituta, postua DOMen hautagaitza oztopatzeko erabili zuela ondoriozta daiteke, Ruzen arabera. DOMek orduko zuzendaritzaren alternatiba gisa aurkeztu zuen bere hautagaitza, eta SGAEko kideen %43k babestu zuten arren, ez zuen ordezkari bakar bat ere lortu.
Zuzendaritza, bere horretan
DOMeko buru Jose Miguel Fernandez Sastronek azaldu duenez, Ruzen autoko datuek bide ematen die kaltetu gisa aurkezteko eta «hauteskundeen baliogabetasun osoa eta zuzendaritza taldearen zilegitasunik eza» salatzeko. Fernandez Sastronek adierazi du SGAE «bere historiako krisirik larriena» nozitzen ari dela eta herenegungo prentsaurrekoan zuzendaritza taldearen dimisioa espero zutela. Ez zen hala izan, ordea. Zuzendaritza ez da aldatuko, eta Teddy Bautistak presidente gisa jarraituko du oraingoz, baina botere exekutiborik gabe eta barne komisio baten ikerketaren menpe. Jose Rodriguez Neri, berriz, SDAE enpresako buruzagitzatik kanpo geratuko da. Kartzelara bidali du epaileak, ustez dirua desbideratzeagatik. Beste hiru atxilotuak—tartean Bautista— kolaboratzaile gisa inputatu zituen, eta aske daude, oraingoz.
Fernandez Sastronen hitzetan, kontu horrek guztiak «autore eta editoreei» egiten die kalte, gizarteak «ustezko delitugile» gisa ikusten baititu. DOMeko ordezkariaren iritziz, SGAEk «ezohiko batzar orokor» bat antolatu behar luke, bazkideei azalpenak eman, eta horiek «iritzia eman eta zer egin erabaki» dezaten.
SGAEko hauteskundeen zilegitasuna ere jopuntuan
Rodriguez Neriren esku hartzeak ustez kalte egin zion beste hautagaitzari, eta hark berriz egin nahi ditu bozak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak