SGAE erakundeko zuzendaritzako zenbait kideren aurkako operazioa abiatu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Bosgarren Instrukzio epaitegiak, eta bederatzi lagun atxilotu ditu. Iruzur egin izana leporatzen diete egile eskubideak kudeatzeaz arduratzen den Espainiako elkarte nagusiko zuzendaritzako buru horiei. Horien artean Eduardo Bautista Teddy presidentea dago. Ustez, erakundearentzat lan egiten zuten hainbat enpresatara desbideratu dute erakundeari zegokion diruaren zati bat. Iruzurra, bidegabeko jabetzea eta delitu sozietalak egozten dizkiete horregatik. Ikerketako iturrien arabera, Bautistak ez zuen parte hartu diruaren bideratze okerrean, baina bazuen haren berri.
Atzo hasi zituen Guardia Zibilak miaketak elkartearen Madrilgo egoitza nagusian eta beste hamazazpi enpresa eta etxetan. SGAEren bankuko kontuak bahitu eta blokeatu egin dituzte. Paradoxikoki, aurreko zuzendaritza taldeak nabarmen irabazitako barne hauteskundeen osteko egunean egin dute operazioa.
Teddy Bautistarekin batera, Jose Neri da auziaren erdigunean dagoenetariko bat, SGAEren menpe dagoen SDAE Espainiako Egileen Elkarte Digitalaren zuzendari orokorra ere badena. Microgenesis enpresako zuzendari ohia ere bada, gainera, eta baita kontseilari ordezkari ohia ere. Enpresa horretara bideratu zuen ustez dirua Nerik, SGAEk sekula jaso ez zituen zerbitzu batzuen trukeko ordain gisa. Dozenaka mila euro. Poliziaren galderei erantzun zien atzo, eta ziurrenik epailearen aurretik pasatu beharko da egunotan.
2007an aurkeztutako salaketa batean du oinarria Auzitegi Nazionalak abiatutako ikerketak. Biltzen zuen dirua legearen kontra banatzen zuela egotzi zioten orduan SGAEri erakunde haren politikek kaltetutako zenbait elkartek. Interneteko Erabiltzaileen Elkarteak, Espainiako Informatika eta Teknologia Berrien Enpresa Txikien Elkarteak eta Kanonaren Biktima diren Ostalarien Elkarteak, hain zuzen ere. Salatu zutenez, SGAEren menpe ziren enpresetara bideratzen zuen erakundeak egile eskubideengatik jasotako diruaren zati bat, eta ez zuen bere kideen artean banatzen. Erakundearen eta haren kideen kontra aritu ziren, salatzaileen arabera, zuzendaritzako kideak, eta hori da orain polizia ikertzen ari dena.
SGAEren irudiaz kezkatuta agertu dira erakundeko kideak. Haien hitzetan, orain arte egindako kontu ikuskatzeek erakusten dutenez, «garbi» jokatu du beti erakundeak, eta «sorpresaz» hartu ditu ikerketak. Javier Trujillo elkarteko zuzendari komertziala izan da SGAEren lanaren zuzentasunaren alde aritu denetariko bat. «Jendeak jakin behar luke ikuskatze horiek kanpoko profesionalek egiten dituztela urtero, estatuko Politika Publikoen eta Zerbitzuen Kalitate Agentziarekin batera, eta beti atera gara garbi. Salaketa egin duenak jakingo du zergatik egin duen».
Interneteko oihartzuna
Interneten berehala zabaldu zen berria, eta egunean gehien eztabaidatu zen gaietako bat izan da orduz geroztik sare sozialetan. Izan ere, sareko erabiltzaileak izan dira azken aldian SGAEren jomugetariko bat. Gogor aritu dira Bautistak gidatutako zuzendaritzako kideak filmak eta musika doan deskargatu ahal izateko webgune eta sistemen aurka, esaterako. Horregatik, ez da harritzekoa albisteak sarean izan duen oihartzuna.
Gogor kritikatu izan dute lehenago ere Interneteko erabiltzaileen elkarteek SGAE erakundearen jokaera, eta atzokoa ez zen salbuespena izan. Kultura Ministerioari ere eskatu zizkion kontuak Victor Domingo Espainiako Internet Erabiltzaileen Elkarteko zuzendariak, adibidez. «Ministerioari dagokio egile eskubideen gestioaz arduratzen diren erakundeen fiskalizazioa zaintzea. Eta SGAEren kontuak ez dira ez argiak, ezta gardenak ere».
SGAEn ustezko ustelkeria kasu bat ikertzen ari da Espainiako Auzitegia
Dirua elkartearentzat lan egiten zuten enpresetara bideratzea leporatzen die Guardia Zibilak atxilotutakoeiBederatzi atxilotuen artean Teddy Bautista dago, egile eskubideen elkarteko burua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu