Edonork esan lezake «denetarik entzuten dut», baina hori dioena Sharon Jones moduko ibilbide zabaleko eta anitzeko norbait bada, ez dago azalpen gehiagoren beharrik. Otis Reddingen soularekin eta Tony Bennetten jazz kutsuko baladekin hazi zen, baina The Beatlesen popa, country musika edota Motown eta Stax diskoetxeetako lanak ere eragin garrantzitsu modura gogoratu ditu Donostian eskainitako prentsaurrekoan.
Hortaz, ez da harritzekoa noizean behin beste musika genero batzuetako artistekin elkarlanean aritzea. Lou Reed, Michael Buble, David Byrne, Rufus Wainwright eta gehiagoren diskoetan hartu du parte. Estiloak gorabehera, benetan garrantzia duena «norbere buruarekin zintzoa izatea» dela uste du. «Hemendik aurrera beste inork deitzen ez badit, agian izango da 56 urte ditudalako honezkero», gaineratu du txantxetan. Izan ere, adinean aurrera joanda zela harrapatu zuen ospeak Jones. Haren ustetan, soul kantuak abestu ahal izateko ezinbestekoa da lehenagotik emozioak eta sentsazioak barnean pilatzea, eta, haatik, eboluzio naturaltzat du berari gertatua: «Ez dago adinik norberaren ametsak betetzeko. Hautatzen ditugun helburuen baitakoa da dena».
Etengabeko gorakada
Orain hamazazpi urte sortu zuen The Dap-Kings taldea, eta 2002an lehendabiziko diskoa argitaratu zutenetik, asko izan dira Tina Turner edota Aretha Franklinekin alderatu dutenak —besteak beste, James Brown femeninoa deitu izan diote, bere ahots baxu eta indartsuagatik—. Gisa horretako laudorioak, zamatsuak baino, «ohore bat» direla nabarmendu du, eta oraindik gogotsu sentitzen dela. «Nire ibilbideak gora egin du beti, eta nahiago dut urte pare bat gehiago itxaron gailurrera heldu naizela esan aurretik». Era berean, azaldu du familia izan duela beti kezka nagusi, eta «pena handia» duela, martxoan ama hil zitzaiolako, alabaren arrakasta osoaz gozatzera ailegatu gabe.
Jonesen emanaldi denak izan ohi dira beroak, energiaz beteak eta dantzarako zein kanturako aproposak. Hala ere, inoiz edo behin entzuleak hotz samarrik nabarituz gero, «lan gehiago» egitea beste erremediorik ez dela izaten onartu du: «Dantza gehiago egiten dut nik, eta The Dap-Kingseko musikariek askatasun handiagoz egiten dituzte soloak, harik eta hustuta amaitzen duten arte».
Jazzaldiarentzat ez ditu hitz onak besterik. «Plazer bat» omen da Donostian soula jotzea, musika latindarrarekin, afrikarrarekin eta brasildarrarekin batera».
Donostiako Jazzaldia
Sharon Jones: «Ez dago norberaren ametsak betetzeko adinik»
Une gozoan den arren, oraindik beste pare bat urtean itxaron nahi du gailurra jo duela baieztatu aurretik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu