'Show'-aren ordua da..

Energiaz eta intentsitatez beteriko kontzertua eskaini zuen U2 Dublingo taldeak Donostiako Anoeta estadioan, abesti mitikoak eta berriagoak uztartuz

gorka erostarbe leunda
Donostia
2010eko irailaren 28a
00:00
Entzun
What's the time in the world?» galdera bota (ze ordu da munduan), eta erantzuna ere bere ahotan: «It's show time». Show-aren ordua da. Ez zuen gezurrik esan Bonok, U2-ren lider karismadunak. Show-a, ikuskizuna, espektakulua, muntaia... Hitz horiek denek ondo deskribatzen dute Dublingo taldeak oholtzaren gainean agertzen duena. Entzutekoak bezainbat dira ikustekoak irlandarren 360&fraq14; birako kontzertuak, belarriek adina lan egiten dute begiek. Musika bada, baina ez bakarrik. Zinema ekoizpen erraldoi baten ezaugarri berberak ditu. Agertoki ikusgarria, eszenaratze zaindu eta zehatza, istorio txikiz osaturiko istorio handi bat, soinu banda landua, argi efektu bizi eta koloretsuak, soinu indartsua eta aktore nagusi nahiz bigarren mailakoak.

Zerutik zintzilik zegoen pantaila erraldoi bateko erlojuko orratz urduriek ezarri zieten tentsioa kontzertua hasi aurreko uneei. Gerora ere ugariak izan ziren denborari egindako erreferentziak igande gaueko kontzertuan. Bi orduz denbora geratzea lortu zuen U2-k. Ikus-entzuleen denboraz jabetu ziren, eta denboraren mugak estutu nahiz zabaldu zituzten, unearen arabera.

David Bowieren musikak eman zien sarrera lau taldekideei. Boxeolariak ringera nola, hala igo ziren lau hankako armiarmaren formako agertoki erraldoira. Bularra puztuta, ibilera sendoarekin, larruzko praka eta jakarekin, eta eguraldi gris hits eta hotza izanagatik, bere zeinu marka diren betaurreko beltzekin agertu zen Bono. The Return of the Stingray Guitar kantu berri instrumentalarekin hasi zuten jarduna, oraindik ere Anoeta estadioko argiak pizturik zirela.The Edgen gitarra gidariak -hark ere buru gainean zuen bere zeinua: txanoa- Beautiful Day-ren lehen akordeak jo orduko, argiak itzali eta agertokia inguratzen zuen korridore zirkularrean jauzika hasi zen Bono, bira etenarazi zuen hernia diskala osatu duela eta sasoiko dagoela agerian utziz. Atrakzio parke batean gozatzen ari den mutikoa zirudien.

Ondo olioztaturiko makinaria da U2. Musikaren lengoaiak munduaren martxa eralda dezakeela sinesten duen talde gutxienetako bat da. Hobe esan, musikak mundua eralda dezakeela sinesten duen gidari gutxienetako bat da Bono, eta ikuskizunaren baliabide guztiei leku egiten die bere mezua plazaratzeko.

Estadioa dantzan

Futbol estadioak betetzeko ez ezik, bertaraturikoak bere menera jartzeko abildadea du. Hori inor gutxik lor dezake gaur egun, The Rolling Stones izan liteke bigarren salbuespena. Zenbaitetan mesianiko samar izan liteke, meza handi bat gidatzen duen asmo oneko apez boteretsuaren traza har lezake. Igande gauean, Donostiaren mistikotasuna aipatu zuen abesti eta abestien arteko solasaldi ugarietako batean; irlandarrek eta espainiarrek dituzten antzekotasunez -inteligentzia, sormena eta beste aipatu zituen- aritu zen -kaixo lehor batekin agurtu zituen bertaraturikoak, baina espainiartasuna izan zuen hizpide etengabe-; kontzertuaren bezperan taldeko lau kideak batu zirenetik 34 urte bete zirela eta berentzat ospakizun moduko bat zela nabarmendu zuen; Walk On kantua eskaini zion Aung Suu Kyi Birmaniako ekintzaile presoari, Amnesty Internationaleko hainbat kide korridorera kandelak pizturik igotzeaz bat...

Mezuak mezu, eta ikuskizunak ikuskizun, kantuek sustengatzen dute U2-ren ibilbidea. Kantu onak, 80ko hamarkadako post-punk girotik abiatuta, bokalistaeta gidari argi batek -Miss Sarajevo abestian Pavarotirenak ere txukun egin zituen Bonok kontzertuan-, sekzio erritmiko indartsuak -goitik behera zuriz jantzita azaldu zen Adam Clayton baxu jotzailea eta Larry Mullen Jr bateria jotzaileak osatua-, eta batez ere, gitarra jotzaile aparteko baten riff energiaz beterikoek eta pertsonalek osaturiko kantutegi ederra du U2k. Gidaritza, protagonismoa eta sona Bonorenak dira, baina The Edgeren eskuetatik irteten da U2ren soinu berezigarria.

The Edgek gitarra astindu zuen kantuetan, Elevation eta Vertigo-n esaterako, zoratu zen jendea gehien, 45.000 lagunez beteriko estadio osoa aldi berean jauzika jartzeraino ia.Kantu berriagoak (Magnificent, Get on your Boots, City of Blinding Lights, Mercy...)eta taldearen ibilbideko himnoak (I Still Haven't Found What I'm Looking For, Sunday Bloody Sunday, One, Where The Streets Have No Name...) uztartu zituzten errepertorioan. With or Without You balada mitikoarekin, estadio osoak kantatua, eta Moment of Surrender azken diskoko kantu ahul samarrarekin eman zioten amaiera bi ordu inguruko ikuskizunari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.