Zinema. Estreinaldiak

Shreken laguna, justizia bila

Katu botadun ezaguna da Dreamworks ekoiztetxearen film berriaren protagonista nagusia

Katu botaduna eta Kitty, filmeko protagonistak. BERRIA.
Gontzal Agote.
2011ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Zinema eta telebista arloan spin-off hitza maiz erabiltzen dute adituek. Laburbilduta, film edo telesail batetik ateratzen den istorio edo pertsonaiaren luzapen independenteari esaten zaio hori. Hasiera batean bigarren maila batean egoteko sortu ziren horiek erabateko protagonismoa hartzen dutenean. Hori gertatu da Shrek sail luzeak zuen pertsonaietako batekin, katu botadunarekin.

Shrek 2-n agertu zen lehen aldiz pertsonaia, eta berehala ekoizleek ikusi zuten katu bitxi horrek Shrek berari itzal egiten ahal ziola. Hori dela eta, Dreamworksek katu botadunari pelikula oso bat eskaintzea erabaki du, ogroaren arrakasta gehiago ezin dutela luzatu ohartu baitira.

Zuzendari lanetarako Shrek saila oso ongi ezagutzen duen pertsona bat jarri dute: Chris Miller. Sailaren lehenengo filmean marrazkilari moduan hasi zen lanean; bigarrenean, berriz, istorioaren garapenaren arduraduna izan zen, eta hirugarrenerako zuzendari postua irabazi zuen. Puss in Boots-en berriro ere ardura hori hartu du.

Filma Shrek 2-ren nolabaiteko prekuela da, katuak ogroa ezagutu aurretiko gertaerak kontatzen baititu. Katu botadunak Kitty izeneko emea ezagutuko du, eta baita harekin batera dagoen pertsonaia bitxi bat ere: Humpty Dumpty. Haien helburu nagusia herriak pairatzen duen zapalkuntza amaitzea da, baina hori saihesteko bi etsai indartsu izango dituzte, Jack eta Jill gaizkileak.

Animazio filmetan ohikoa denez, pertsonaia nagusiei ahotsa jartzen dietenen zerrenda aktore ezagunez beterik dago: Antonio Banderas, Salma Hayek, Zack Galifianakis, Billy Bob Thorton... Filma hiru dimentsiotan ikusteko aukera izango da.

'PUSS IN BOOTS'

Zuzendaria. Chris Miller.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2011.

Iraupena: 90 minutu.

Estreinaldia: Gaur estreinatuko dute Hego Euskal Herrian, eta hurrengo asteazkenean Ipar Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.