Deskargen aurkako legea

'Sinde legea' ez dute onartu PSOE ez beste guztien ezezkoarekin

PSOE CiUrekin negoziatzen saiatu da azken unera arte, baina akordio globalik iritsi ez dutenez ezezkoa eman du alderdi katalanakEkonomia Iraunkorraren Legeaz aparte bozkatu dute, EAJ, CC eta ERCren eskariz

gorka erostarbe leunda
2010eko abenduaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Espainiako Kongresuko Ekonomia Batzordeak ez du onartu Gobernuari Interneteko deskargen aurka egitea ahalbidetuko liokeen Sinde Legea. Azken unera arte CiUrekin negoziatzen saiatu zen PSOE atzo, bainaarratsalde partean iragarri bezala, alderdi katalanak ez zuen babestu legea. Atzerapen ugari eta luzeen ondoren, 22:30ak pasa zirenean bozkatu zuten legea Diputatuen Kongresuko Ekonomia Batzordean. 21 boto izan ziren aurkakoak, 16 aldekoak eta abstentzio bakarra.

Hasiera batean, Ekonomia Iraunkorraren barruan bozkatu behar zutendeskargen aurkako legea, baina EAJk, CCk eta ERCk hala eskatuta bereizita egin zuten bozketa. Legearen bozketa 14:00etan egitea zegoen aurreikusia hasieran. Lehenik 15:15era arte atzeratu zuten, gero 15:30era, eta azkenik Kongresuaren osoko bilkuraren amaiera arte. Lege egitasmoari milatik gora emendakin aurkeztu zizkioten, gehienak legez kanpoko deskargen ingurukoak, eta PSOE CiUrekin negoziatzen aritu zen azken unera arte Sinde legea bozketan onartua izan zedin lortzeko.

Batzordearen bileran, PP, EAJ, ERC-IU-ICV eta CC taldeek adierazi zuten Sinde legearen aurka bozkatuko zutela, eta Josep Sanchez Llibre CiUko bozeramaileak esan zuen ez zuela Ekonomia Iraunkorraren Legea babestuko, ez zuelako PSOErekin akordiorik erdietsi hainbat emendakinen inguruan. Legearen inguruko akordio globalik iritsi ez izanak bultzatu zuen CiU Ekonomia Iraunkorraren Legeari nahiz Sinde legeari babesik ez ematera.

Josu Erkoreka EAJko talde parlamentarioaren bozeramailearen ustez, «orain artean egin dena baino gogoeta gehiago» egin behar da teknologia berrien eta jabego intelektualaren artean egon daitezkeen talken inguruan, kontuan harturik legeak biak babestu behar dituela.

Sinde legea ez zaio Espainiako Konstituzioari «ondo egokitzen», Jose Maria Lasalle PPko diputatuaren ustez, eta Gobernuak debaterako eta negoziaziorako tarteak ez utzi izana kritikatu zuen.

Nuria Buenaventura ICVko parlamentariaren ustez, Sinde legearekin «gutxien dutenei» egin nahi die aurre Espainiako Gobernuak. Joan Ridao ERCko diputatuaren ustez, berriz, «lardaskeria hutsa» da.

Copyrightaren aldeko agiria

Angeles Gonzalez Sinde Espainiako Gobernuko Kultura ministroakbozketa egin aurretik adierazi zuenez, «bideraezina» da Espainia izatea inguruko herrialde bakarra «ADSL indartsua izanik, joko araurik ez duena sarean».

Sinde legearen aldeko nahiz aurkako jarrerarik esplizitatu gabe, Copyrightaren aldeko manifestua plazaratu zuten atzo Madrilen, 150etik gora idazlek sinatua, horien artean Almudena Grandes, Juan Jose Millas, Angeles Caso, Elvira Lindo, Fernando Savater, Enrique Vila Matas , Luis Eduardo Aute, Fernando Aranburu, Espido Freire, Raul Guerra Garrido,Rosa Montero eta Jordi Serra Fabra direlarik, besteak beste. Produktu digitalen inguruan gertatzen ari den «harrapaketaren aurrean» egile eskubideak defenditu behar direla diote manifestuaren sinatzaileek.

Dokumentu berean copyleftaren eta Creative Commonsen lizentziak «garatzearen alde» agertzen dira sinatzaileak, baina zehaztuz lizentzia horiek egileak egindako aukeraren ondorio izan behar dutela beti. «Copyright lizentziari heldu nahi dion egilea ezin da lizentzia horiek erabiltzera behartua izan gertakarien indarrez edo bere eskubideen babes faltaz».

Alex dela Iglesia zinemagile eta Espainiako Zinema Akademiako zuzendariak beharrezkotzat jo du Sinde legearen onarpena. Legearen aurka daudenak konpainia telefonikoei egiten diete mesede, De la Iglesiaren ustez.«Robin Hood ez da dirua txiroei ematen ari, konpoainia telefonikoei baizik»

Zinema banaketa enpresa nagusietako batzuk —Alta Films, Karma , Cameo eta Venus Enterteinment horien artean— beren webguneak itzalita izan zituzten atzo Sinde legeari babesa adierazteko, lege hori onartzea oinarrizkotzat jotzen baitute biziraupenerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.