Durangoko 53. Azoka

"Sinistuko dugu bagarela?"

Zabaldu ditu ateak Durangoko 53. Azokak. Berrikuntza ugarirekin dator; izan ere, lehen Sormen beka norentzat izango den jakinaraziko dute bihar. Sarrera ekitaldian, jende ugari bildu da Areto Nagusian, antolatzaile eta ordezkariei entzuteko prest. Albistearen amaieran, irekieraren bideoa.

Durangoko Azokaren irekiera ekitaldia. ANE UBEGUN GOIKOETXEA
2018ko abenduaren 5a
10:37
Entzun

Urtero bezala, ikasleak eta komunikabideak izan dira Durangoko Azokako ateak zeharkatzen lehenak. Aurrez prestaketa lanak izan dira nagusi. Izan ere, asko dira prestatu beharreko xehetasunak bost egunez iraungo duen azokan dena espero moduan atera dadin.

Inaugurazio ekitaldia 19:00etan izan da Txakur Gorria sormen kolektiboaren eskutik. "Gure kontraesan guztiekin. Sinistuko dugu bagarela?" galdetuz bukatu dute ekitaldia, atzean mural bat egiten zuten bitartean. Durangoko alkate Aitziber Irigorasek hitz egin du lehenengo: azoka aniztasunaren eta sormenaren isla dela azpimarratu du, eta antolatzaileei eskerrak eman dizkie, azoka antolatzeko egiten duten esfortzuagatik. Ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiko Ana de Castro Euskarako zuzendariak hartu du hitza: "Durangoko Azoka liburu azoka bat baino askoz gehiago da". De Castrok eskerrak eman dizkie udalari eta antolatzaileei, eta elkarte publiko eta pribatuen arteko elkarlana "ezinbestekoa" dela adierazi du.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburuak ere hitz egin du: "Gizarte aurreratu honi interesa nola piztu pentsatu behar dugu". Bukatzeko, herritarren interesa sustatuko duten proiektuak sortu behar direla azaldu du. Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko zuzendariak esan du DA! bizitzeko modu asko daudela, eta horregatik, Durangoko Azoka, aldi berean, azoka asko direla: "Hitzen bueltan ibiliko gara, eta musikaren inguruan topatuko dugu elkar. Arte eszenikoekin aberastuko gara, kultura digitalean murgildu eta ikus-entzunezkoekin amestuko dugu".

Aurretik, ordea, hainbat lan ezagutzeko aukera izango dute hara biltzen direnek: besteak beste, Javier Sagarzazuren eta Miren Aierberen Hondarribia. Ñabarduren hiria, edota Josune Albisuren, Jone MIren Hernandezen eta Garbiñe Mendizabalen Non dago MIkel Laboa? dokumentala.

Iazko aurrekontu antzekoa izango du Durangoko Azokak aurtengoan: 659.912 euro izango da. Orotara, 247 erakusmahai bilduko ditu Landako guneak, eta berrehun kultur ekitaldi inguru izango dira. Esaterako, Telmo Esnalen Dantza dokumentalean oinarrituta ondu duten dokumental sailaren lehen atala eta Koldo Almandozen Oreina ardatz hartuta landu dituzten hiru film labur.

Ateak ireki arteko tartean urduritasun eta ilusioa izan dira nagusi Gerediaga Elkartean ere. Erronka berriei eurre egiteko prest da Nerea Mujika lehendakaria ere: "Etapa berri baten hasiera dela iruditzen zait, eta emozio berezia dut horregatik".

[youtube]https://youtu.be/JoiuLrLPgBI[/youtube]

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.