Musika

Sintetizadore bat, bi erritmo kutxa, euskara, 'sampler' bat eta bi pedal

Ü musika elektronikoko proiektu berria abiatu du Xabi Dupouyk. Acid-house estiloko musika sortzen du, euskal kantu mitiko zenbaitetatik abiatuz.

Xabi Dupouy musikaria. PATXI BELTZAIZ
Xabi Dupouy musikaria. PATXI BELTZAIZ
Leire Casamajou Elkegarai.
2024ko martxoaren 21a
05:15
Entzun

Zuberotarrak hizki bati identifikatu beharko balira, zein litzateke? Ü, prefosta. Izen horren ideia jende orok ukan zezakeen, eta, aldi berean, originala da, laburra, abstraktua: «Elektro munduan horrelako izenak dituzu anitzetan, horrelako zerbait nahi nuen, ahalaz zubereraz; maite dizut, nik ikusten ditizut bi pertsona dantzan, hurbil», azaldu du Xabi Dupouy musikariak. Halaxe deitu du bere musika proiektu berria: Ü.

Sintetizadore bat, bi erritmo kutxa, sampler bat eta bi pedal: besterik ez du beharko bi oreneko emanaldia jotzeko. «Ez nizun nahi ordenagailurik erabili, zeren eta aski pantaila badizugu. Nahi nizun gauza fisiko hori begiratu, eta orduan, pentsatu dizut setup bati, manera bati egiazko sintetizadoreekin aritzeko».

«Enetako, erritmo goxoa duzu [acid-housea]. Halere, ez duzu eginik mojito baten hartzeko hondartzan, giro berezi bat behar dizu».XABI DUPOUYMusikaria

Musika elektronikoak terminologia zehatza du, eta, horri buruz guti dakienari erabilitako materiala zerrendatzen zaionean, begiak handi zabalik baratzen da, tresna horiek nola funtzionatzen duten ulertu ezinik. «Badizut sekuentziadore bat: notak idazten dituzu horretan, eta makina horrek kontrolatzen dizu bai sintetizadoreak egiten duena —baxua edo teklatu soinuak—, bai eta erritmo kutxak egiten duena ere —bateria soinuak—. Sekuentziadore horrekin dena antolatzen dizut, eta horrekin gehitzen ditizut bozak ere [sample-ak]. Balio dizu trantsizioen egiteko ere, filtroen ezartzeko». Azkenean, sekuentziadore hori sistemaren burmuina da, Dupouyk erran duenez. Ü proiektuaren musika guzia konposatu du material horrekin, eta material berarekin jotzen du ondotik; «eta beste bi pedalekin, efektuak egiteko».

Euskal kantuak acid-housearen muinean

Musika elektronikoa zerbait da, baina oso orokorra, eta, horren barruan, beste mila azpiestilo dira; Dupouyk acid-house estiloko musika egiten du, «teknora lerratzen dena artetarik». Ez da arrunt lasaia, baina ez arrunt bortitza ere; bien artekoa da. Azaldu du: «Enetako, erritmo goxoa duzu. Halere, ez duzu eginik mojito baten hartzeko hondartzan, giro berezi bat behar dizu». Acid-house estiloa 1980ko hamarkadan sortu zen, Chicagon (AEB), house estilotik abiatuz. Ondotik, Erresuma Batuan eta Europan zabaldu zen anitz, rave party gaualdietan haboroenik.

House, acid-house, rave party... Euskarak betitik jakin du egokitzen, eta aldi honetan ere asmatu du, Dupouy horren froga. Houseak eta bide beretik acid-houseak tradizio duten bezala, bozak gehitu dizkie bere ekoizpen musikalei, sample-ak. Boz horiek zenbait euskal kantu mitikoetatik hartzen ditu: «Parisen bizi ninduzun, eta sartu nuzu duela urte bat eta erdi; nahi nizun euskal musikari berriz lotu, eta aitzakia izan duzu. Sortu nahi nizun entzun nahi nuen musika, eta horrela egin duzu, naturalki... Sekula ez dizut pentsatu frantsesez edo ingelesez egitea».

«Parisen bizi ninduzun, eta sartu nuzu duela urte bat eta erdi; nahi nizun euskal musikari berriz lotu, eta aitzakia izan duzu. Sortu nahi nizun entzun nahi nuen musika, eta horrela egin duzu, naturalki... Sekula ez dizut pentsatu frantsesez edo ingelesez egitea».XABI DUPOUYMusikaria

Euskal kantuekin sortu acid-house musika, beraz, baina nola hautatu? Odeiren Zinez, Oskorriren Argi oilarrak, Willis Drummonden So, Pier Paul Berzaitzen Zelüko izarren bidea... Horiekin sortu du, besteak beste. Zein den errezeta? «Martxan baldin bada, begiratzen dizut. Denbora anitz igaran dizut Badok-en gauzen entzuten eta entseatzen. Zeren eta gero baduzu tempo istorioa ere... Zonbaitetan martxan zuzun, eta zonbaitetan batere ez». 

Bistan dena, errazegia litzateke norberak maite duen kantua hartu eta baldintzarik gabe moldatzen ahalko balitz. Gainera, usu, maite diren kantu horien kanbiatzea izaten da gaitzena: «Badizut harreman zinez azkarra kantore zonbaitekin, eta horiek ez ditizut hunki». Noiztenka, halere, ausartu da: «Pentsatzen dizut Berri Txarrak taldearen kantore bati... Duda nizun, eta arrunt beste zerbait egin dizut. Eta badoa, baina ez nizun nahi bertsio zerbait egin, kantorea ontsa baita jadanik. Sobera errespetatzen ditizut ez ontsa arrahartzeko». Hain zuzen, Dupouyk azkar aldarrikatzen du sortzailea dela, eta azpimarratu du egiten duen ez dela DJ lana: «Besteen bozak hartzen ditizut, baina ez dituzu bertsioak, sorkuntzak dituzu. DJ lana duzu besteen kantoreen jotzea; disc-jockey, hatsarrean, hori zuzun. Nik, DJ setaren gisako zerbait sortu dizut, ber kodeekin eta oro, baina, ene kantoreak direnez, ez nuzu DJa».

Udarako zenbait emanaldi egitea espero du Dupouyk. «Amiñi bat berant ilki dizut udako, besta anitzetan jadanik eginik baititezu egitaraua, baina ikusiko. Nik sortu dizut zuzenean jotzeko, ez batere etxean entzuteko». Hain zuzen, Ü proiektuko ekoizpenak ez dira plataformetan agertuko; mementoko ez, ez baita hori lehen lan horren xedea. Etorkizunean beste zenbait musika proiektutan aritzea espero du, baina elektronikotik organikora igaranez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.