Lehen baino hobeto gaudela, baina ondo egoterainoko bidea luzea dela. Hori da kulturgintzako hainbat adituk Durangoko Azokaren inguruan daukaten iritzia. Kulturgintzak daukan boterearen isla batzuentzat, «oasi» antzeko bat besteentzat, Durangoko Azoka saihetsezina bihurtu da euskal gizartearentzat. 137 salmenta postu, milaka bisitari eta zehaztu ezinezko bultzada euskal kulturari; horiek dira, urtez urte, erakundeek eman ohi dituzten ondorioak. Dena den, azoka euskal kultura normalizatzeko bidean beste geltoki bat izan beharko lukeela nabarmendu dute. BERRIAk Durangoko Azokaren eta, oro har, euskal kulturgintzaren inguruko hausnarketa egin dezaten eskatu die hiru pertsonari: Karmelo Landa EHUko Gizarte Komunikazioaren Fakultateko irakasleari, Julen Arexolaleiba Mondragon Unibertsitateko Euskal Kulturgintzaren Transmisioa masterreko arduradunari eta Iñaki Urruzola unibertsitate bereko irakasle eta Sorguneak Ikertegiko partaideari.
Ia mende erdi igaro da Leopoldo Zugaza liburuzale amorratuak eta beste hainbat euskaltzalek Gerediaga elkartea sortu zutenetik. Santa Maria elizpearen babesean, 1965. urtean egin zuten lehenbiziko azoka. Orain, 48 urteko ibilbidearen babesean eta euskal kulturgintzaren erreferente bihurtuta, Durangoko Azokak garai berrietara moldatu behar izan du. 1965. urtetik hain urruti geratzen diren norabide berrietara, hain zuzen. Paperak eta disko fisikoek pairatzen duten krisiari aurre eginez, Durangoko Azokak norabide aldaketa garrantzitsua egin zuen duela bi urte inguru. Ordutik, disko eta liburu azoka zena, hirira zabaldutako kultur azoka bihurtzeko jauzia egin du, eta aro berri horretan azokako guneak izan ditu bidaia lagun. Irudieneak, Ahotseneak eta Kabi@k garrantzi handia izan dute, ahozkotasunari, irudiari eta teknologia berriei ateak ireki baitizkiete. «Logikoa ikusten dut orain hartutako norabidea, hau da, euskal kultura modu zabalean hartzearena», dio Landak. Gizarte joera berriez ari da, eta Urruzolak ere arrazoi eman dio: «Ekoizpen sistemak aldatu diren neurrian, azoka bera ere aldatuz joan beharko da. Dendetan geroz eta gutxiago saltzen da, eta merkataritza guneetan ere euskal egileen lekua anekdotikoa da».
Sakoneko kezkak
Egoera diglosikoetan, Euskal Herrian, esate baterako, kulturgintzak ez du lortzen egunerokotasunean sistema propioa azaleratzea. Hor nabarmentzen da Durangoko Azokaren egitekoa, Landaren arabera: «Diglosian dagoen sistema bati gertatzen zaio behar dituela baldintza bereziak dituzten ekosistema batzuk. Finean, Durango hori da, parentesi bat, hor baitaude berezko sistemak beharko lituzkeen baldintza berezi horiek». Dena den, eta EHUko irakaslearekin bat eginez, Arexolaleibak azoka erraldoi horren barruan euskarazko eta erdarazko produktuei ematen zaien ikuspegian jarri du arreta. Logikoa ikusten du, hasieran behintzat, euskal kulturaz hitz egiten zuten erdal liburuak saldu izana, baina galdera bat plazaratu du: «Zeintzuk dira azokan gehien saltzen diren liburuak? Argitaletxeak uler ditzaket, azken finean ahalik eta gehiena saltzea komeni baitzaie, baina guri ere berdin zaigu euskarazko produktuak gehiago ez bistaratzeak? Gai delikatua da, erdaraz ere euskal kulturaren alde egiten duten liburu asko daudelako. Sakoneko kezka hori da: gehiago saltzeagatik agian geure burua gutxiesten ari garela».
«Izan denari baino gehiago, izango denari begiratu behar diogu», dio Arexolaleibak. Munduko ia beste kultura guztien antzera, urteek beren arrastoa utzi dute kulturaren transmisioan, eta kontsumitzeko era berriek aldaketa sakona eragin dute. Urruzolarentzat, ukaezina da inoiz baino euskaldun gehiago daudela eta euskaltasuna ulertzeko moduak ugariagoak direla gaur egun. Horrez gain, transmisio hori gauzatzeko kanalak ugaritu egin direla dio, eta komunikabideetan, hezkuntza sisteman edota alde ez formalean jartzen du begirada. «Dena den, kanalen aldaketan baino gehiago, interesean dago aldaketa sakonena». Lehen, euskararekiko kezka berezkoagoa, endogenoagoa zela uste du Urruzolak, herri gisa jarrera aktiboagoa zelako. «Etenak» sumatzen ditu Sorguneak ikertegiko kideak, belaunaldi berrien kezkak irekiagoak baitira. «Hala ere, pixka bat arakatuz gero, azaleratzen dira, baina iraganean lehen planoan zeuden kezkak bigarren planora pasatu dira». Arexolaleibak ere ekoizpen mailak gora egin izana goraipatu du, baina Alfred Marshall ekonomialari britainiarrak famatu zuen Eskaintzaren eta Eskariaren Legea dakar gogora. Sortzaileei edota hezkuntza sistemari esker, uste du inoiz ez dela euskaraz hainbeste ekoiztu. Halaber, ekoizleen artean kopurua handitu den heinean kontsumitzaileen artean zer gertatu den jakin behar dela uste du: «Ekoizpen aldetik kualitatiboki eta kuantitatiboki hazi garen bitartean kontsumitzaileen artean zer gertatu den jakin behar dugu».
«Apustu logikoa»
Azoka norabide onean doala dio Landak, kultura osoa hartuz eta hedatuz. Dena den, habitus edo ohitura bihurtu bada ere, habitat edo bizileku izan beharko lukeela uste du, eta Durango euskal kulturaren bizileku izatea jauzi handia dela. Gainera, Durangoko Azoka oasi antzeko bat bezala irudikatzen du une honetan, berez menpeko den kultura batek —euskaldunak— egun batzuz Durango hartzen baitu kultur polisistema bat osatzeko. Polisistema hori hezkuntzaren, literaturaren edota komunikabideen sistema ezberdinak elkarlotzeaz arduratzen da. Logikoa deritzo azoka Landako gunetik Durangoko kaleetara zabaltzearen aldeko apustuari, baina, haren iritziz, horrek kontraesanen agerpen bat ekarriko du. «Durango izan daiteke habitat egokia? Ezin dugu ahaztu, Durangon, bere osotasunean hartzen badugu, berriro ere erdal giroan sartzen ari garela». Hain sakon aztertu gabe, Urruzolak ere uste du lau egun horietan ematen den komunikazio politika lar baikorra dela, ia kritikarik gabekoa. «Beste gauza askoren artean, ia ez da esaten politika publikoak oso justuak direnik, diru laguntzak %10 murriztu dizkietela, edota Durangoko Udalak alokairuan uzten diola Landako gunea Gerediagari, jakin badakitenean azoka bat baino gehiago dela. Hau da: praxian «puxika lar puztuta» dagoela.
Bitarteko pausoa
Durangoko Azokarik gabe euskal kulturgintzak badu etorkizunik? Horrela beharko lukeela uste du Arexolaleibak. «Durangok jarraitu behar du», baina Durangon lan egiten duten eragile horiek beste Durango batzuk bilatuz. «Urte batzuetan Durangok ez balitu hainbeste bisitari jasoko baina herrietan horrelako egitasmo gehiago egingo balira, gutxienez, ez ginateke txarrera joango». Landak ere antzeko ikusten du egoera, azoka «bitarteko pauso» modura irudikatzen baitu, «nahikoa ez dena baina ezinbestekoa». Dena den, aitortu du azokarik gabe ekoizle gehienak askoz okerrago egongo zirela. Adibidetzat jarri du Bilbo. «Zuk begiratu egunerokotasunean, joan zaitez Bilbon euskal kulturaren bila, ea zer aurkitzen duzun. Elebitasunaren formula gezur propagandistiko bat da; hemen ez dago elebitasunik, hemen kultura menderatzaile baten jazarpena dago, eta euskal kultura asfixia egora batean dago». Urruzola ekoizleei begira jarri da, euren salmentetan Durango funtsezkoa baita, «urtea berdintzeko eta erakusleiho izateko balio die». Dena den, Durangon beste errealitate bat dagoela aipatu du, batik bat prozesu industrialari lotuta ez dagoena. Erakunde publikoen munduaren eta herri mugimenduaren topaketa gauzatzen den leku bakarrenetariko bat dela uste du.
Euskaldun izatearen zentzua
Eredugarritzat har daitezkeen kasuengatik galdetuta, kosta egiten zaie antzekotasunik daukan azokarik gogoraraztea. Urruzolak Vic-en (Herrialde Katalanak) egiten dena du buruan, eta Frankfurtekotik (Alemania) ere ikas daitekeela dio, batez ere merkatuetan nola ibili zehazteko. Arexolaleiba ere iritzi berekoa da, eta «azoka handietan» erabiltzen dituzten teknikak bereganatu daitezkeela uste du, «gero gurean berregokitzeko». Landak, berriz, Euskal Herrian tope batzuk daudela azaldu du, elebitasunaren ereduak ezinezko egiten baitu beste eredu batzuetara salto egitea. Dena den, Flandria oso eredugarria izan daitekeela uste du. Han egondakoa da Landa, eta azken 40 urteetan hizkuntzarekiko egoera irauli egin dela dio. «Belgikako Estatua oso artifiziala da sorreratik. Flandria frantziarren kulturaren menpe egon zen denbora luzez, baina orain berea propioa izatera igaro da. Lehen frantses hizkuntza zen nagusi han, baina agintariek eredu elebiduna guztiz baztertu eta flandesera nagusitu dute, unibertsitateetatik hasiz eta beste hainbat eremura eramanez», azaldu du.
Hirurek onartu dute aurrerantzean bide luzea egin beharko dela, baina orain arte eginiko lana goraipatu dute. Dena den, euskaldun izateko eta sentitzeko gakoa, iraganean ordez, etorkizunean jarri du Arexolaleibak: «Gaur egun euskaraz egiteak berez ezer gutxi dakar. Normaltasunera iritsi gara; ez da klandestinoa. Jada ez ditugu iraganeko arazoak, baina gakoa da ea euskaraz bizitzeko hautuari heltzen diogun. Datozen mendeetan euskaldun izaten jarraitzen badugu, euskaldun izateari zentzua topatu diogulako izango da». Durangok euskarari eta hark inguratzen duen munduari heltzeko aukera eskainiko du bihartik aurrera. Ikusteke dago, euskal sistema propioa garatzeko bidean, zein urratsetan dagoen.