Zinema

'Slumdog millionaire', Oscar sarietan jaun eta jabe

Danny Boyleren filmak zituen hamar izendapenetatik ia denak baieztatu, eta zortzi sari eraman ditu, tartean zuzendari eta film onenenak.

2009ko otsailaren 23a
17:12
Entzun 00:00:0000:00:00
Slumdog millionaire izan da bart Oscar sarietan jaun eta jabe, Los Angelesen (Kalifornia, AEB), ohi bezala egindako sari banaketa ekitaldian. Danny Boyleren filmak zortzi sari lortu ditu (hamar izendapen zituen), tartean zuzendari eta film onenen sariak. Gaueko ezusteko bakarra, Sean Pennek gizonezko aktorerik onenaren saria bereganatu izana da.

81. Oscar sarien ekitaldian nabarmen nagusitu da Slumdog millionaire filma. Zortzi sari eskuratuta,

itzal handia egin dio izendapen gehien zituen filmari, The Curious Case of Benjamin Button)-ri. Honek 13 izendapen zituen, baina hiru golardo baino ez ditu lortu, eta denak bigarren mailakoak (zuzendaritza artistikoa, makillajea eta efektu bereziak).

Hala, Boyleren lanak film, zuzendari eta gidoi egokitu onenen sariak eskuratu ditu, besteak beste.

Slumdog Millionaire-k Munbaiko (India) auzo pobreetako mutiko baten istorioa kontatzen du. Protagonista gaztea neskatila batekin maitemintzen da, eta Who wants to be a millionaire? (Nork nahi du milioidun izan?) telebista lehiaketara aurkezten da, bere amodio galduak telebistan ikus dezan eta berriro elkar daitezen. Mutikoa telebistako sari nagusia irabazteko zorian dagoenean, ordea, atxilotu egingo dute, leihaketan iruzur egitea egotzita.

Sari nagusiak

Oro har, ustekabe bakarra izan da sari banaketan. Gizonezko aktore onenaren saria irabazteko Mickey Rourke (The Wrestler) zen faborito, baina azkenean Sean Pennek lortu du, Milk filmean AEBetan homosexuala dela aitortu eta gero kargu publikoan aritu zen lehen politikariarena egiteagatik.

Bigarren Oscar saria da Pennentzat, 2003an ere irabazi baitzuen Clint Eastwooden Mystic River filmean egindako lanagatik.

Gainerako sarien irabazleak hauek dira: Kate Winslet (The Reader) emakumezko aktorerik onena, Danny Boyle (Slumdog Millionaire) zuzendaririk onena, Penelope Cruz (Vicky Cristina Barcelona) antzeztaldeko emakumezko aktorerik onena, Heath Ledger (The Dark Knight) antzeztaldeko gizonezko aktorerik onena eta Wall-E animazioko filmik onena, besteak beste.

Heath Ledger, hil ondoan saritua

Ekitaldiko unerik hunkigarriena taldeko gizonezko aktore onenaren saria banatu dutenean izan da. Heath Ledger zenari eman diote The Dark Knight (Zaldun iluna) filmean Joker pertsonaia paregabe eta beldurgarriarena egiteagatik.

Golardoa haren gurasoek eta arrebak jaso dute, Ledgerren alaba txikiaren izenean (hiru urte ditu), Akademiaren arauen arabera hark jaso behar baitzuen.

Ledger iazko urtarrilean hil zen, botika gaindosiak jota. Hil eta gero Oscar saria irabazi duen bigarren aktorea da, 1977an Peter Finchi eman baitzioten Network filmean jokatutako rolagatik.

Heath Ledgerren aitak eskertu egin dio Akademiari "semeak egindako lan izugarria" aitortu izana.

"Biok dakigu nola sortu zenuen pertsonaia", esan du haren arrebak, anaiari zuzen zuzenean hitz eginda, "eta oso harro gaude".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.