Soiltasun indartsua

Tomas Transtromerrek jasoko du Nobel saria, «errealitaterako bestelako sarbide bat» eskaintzen duen obra poetikoagatikEguneroko bizitzari erreparatzeko duen modua laudatu diote beti kritikariek

Juan Luis Zabala
2011ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Inora bidaiatu gabe, Stockholmen geratuko da aurten literaturako Nobel saria, Tomas Transtromer suediar poeta eta itzultzaileak jasoko baitu, «irudi trinko eta gardenak» eta «errealitaterako bestelako sarbide bat» eskaintzen dituen bere poesia «soil eta zehatzarengatik», Suediako Akademiak adierazi duenez. Hamabost urte ziren poeta batek literaturako Nobel saria jasotzen ez zuela, 1996an Wislawa Szymborskak jaso zuenetik; eta askoz gehiago, 37, suediar batek jasotzen ez zuela, 1974an Eyvind Johnson eta Harry Martinsonek jaso zutenetik. Orduko hartan askok esan zuten epaimahaiak etxekoen alde jokatu zuela, lotsagarri, ez zela merezitako saria. Transtromerren kasuan ez da halako susmorik edo salaketarik izan. Onarpen zabala izan du haren aldeko hautuak.

Ruth Inge Monica Transtromer emaztearekin batera egin zien harrera atzo Tomas Transtromerrek etxera joan zitzaizkion kazetariei. Garun-isuri batek hizketarako ezindua du Nobel saridun berria 1990az geroztik, eta emaztea du harrezkero munduarekin lotzen duen ahotsa. «Ez zuen uste hau bizitzera iritsiko zenik», komentatu zien hark kazetariei. «Pozik dago, eta hunkituta, eta oso eroso sentitzen da bera ikustera eta argazkiak egitera datorren jende guztiarekin».

Eguneroko bizitzako xehetasunei adierazkortasunez erreparatzeko eta hitza modu soil baina indartsuan erabiltzeko dohain aparta aitortu diote beti kritikariek Transtromerri. Mina, maitasuna, denbora, heriotza eta ausentzia dira haren poemetako gai nagusiak, eta haietako askotan dute presentzia handia hala izadiak nola musikak. Musikazale amorratua baita, izan ere. Gorputzaren eskuinaldea garun-isuriak elbarritua izanagatik, aise moldatzen da pianoa ezkerreko eskuaz joz gozatzeko. Transtromerren poesiak «behe lainoa altxatu eta egunerokotasuna urratzen deneko une laburraz» dihardu Lars Gustafsson idazlearen ustez. Adiskide minak dira aspaldidanik Gustafsson eta Transtromer.

Sariaren hirian jaio eta bizi

Bizi den eta saria jasoko duen hiri berean jaio zen Tomas Gosta Transtromer, Stockholmen, 1931n. Literatura, psikologia eta erlijioen historia ikasi zuen. 1954an argitaratu zuen lehen poema liburua, 17 dikter (17 poema), eta berehala bereganatu zuen poeta interesgarriaren fama. Hemligheter pa vägen (Sekretuak bidean), Den halvfärdiga himlen (Zeru erdi-egina)eta Klanger och spar (Soinuak eta lorratzak) argitaratu zituen gero, 1958, 1962 eta 1966an, bere belaunaldiko poeten erreferente ezinbesteko bihurtu zuten poema liburuak.

Gai sozialei lekurik ez ematea leporatu zioten 70eko hamarkadan, baina kritikek ez zioten egotzi bere ibilbide poetikoan aurrera egitea. Emaztearen laguntzari esker, garun-isuriak ere ez zion eragotzi poesia idazten jarraitzea, eta bi liburu argitaratu zituen 90eko hamarkadan: Sorgengondole (Hileta-gondola) 1996an eta Den strora gatan (Asmakizun handia) 2004an. Orotara, 13 poema liburuk osatzen dute Transtromerren obra poetikoa. Euskaratutakorik ez da oraindik. Datorren urtean izango da bat hala ere, Jokin Zaitegi lehiaketaren bitartez, Nobel saridun berriaren obra baten itzulpena sustatzen baitu lehiaketa horrek urtero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.