Holger Czukay

Soinuaren lilura, musikara eramana

Can Alemaniako kultuzko taldearen sortzaile eta baxu jotzaile, soinu ingeniari eta esperimentatzaile; krautrockaren aita ponteko izan zen.

BERRIA.
gorka erostarbe leunda
2017ko irailaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Albiste tristeak pilatu zaizkio Can Alemaniako musika talde kultuzkoari aurten. Jaki Liebezeit taldekidea hil zen iragan urtarrilean. Atzo, aldiz, Holger Czukay taldearen sortzaileetako bat zena zendu zen, 79 urte zituela. Taldeak Weierwisten (Alemania) zuen estudioan aurkitu zuten Czukayren gorpua; hantxe bizi zen. Can taldeko baxu jotzailea eta soinu ingeniaria zen. Kölner Stadt-Anzeiger egunkariak zabaldu zuen berria.

Poloniako Gdnask hirian jaio zen Czukay —Danzig hiri askea zen artean— , 1938ko martxoaren 24an. Karlheinz Stockhausen musikari konpositorearen ikaslea izan zen 1960ko hamarkadako lehen urteetan. 1968an, Can sortu zuen, Michael Karolirekin batera. Harekin eta beste bi kideekin—Liebezeit bera eta Irmin Schmidt— 11 disko kaleratu zituzten 1979ra bitartean, taldea lehenengoz banandu zen arte, hain zuzen ere. Alemaniako rockaren ikurretako bat izan zen Can, abangoardia herri musikan txertatu zuena. Anglosaxoiek krautrock deitu zuten horren agerpen behinena izan zen taldea, ondoren Kraftwerken elektronikarako bidea eta Tangerine Dreamen musika kosmikoa erraztuko zuena. Baita Einsturzende Neubautenen gisako taldeen erreferentzia ere.

The Beatlesen alderik psikodelikoenak, The Velvet Undergroundek, Frank Zappak eta musika elektroniko goiztiarrenak eragin zuten Czukayren lehen urteetako musika ikuskeran, eta hala bihurtu zen sample-en erabileran aitzindari. Baita ambient musikaren edota modu okerrean world music deitu izan zenaren sustatzaileetako bat ere.

Bakarkako lanetan, musika konkretuko teknikak erabili zituen sarri; kurioski, musika konkretuaren aita ponteko Pierre Henry ere aurten zendu da. Uhin laburreko irratiko soinuak ere ohikoak ziren haren sorkuntzan. 11 Years Innerspace (Grönland Records) izan zen bakarka kaleratu zuen azken lana, 2015ean. Bere betiko taldeari dagokionez, Mute ziguluak Can-The Singles plazaratu du iragan berri den ekainean, eta bi liburuxkaz osaturiko biografia baimendua prest dago. Datorren urtean argitaratuko dute, All Gates Open izenburupean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.