Literatura. 'ZAHARRAK EZ ZUEN HIL NAHI'

Soluziorik gabe

Iratxe Esnaola.
2011ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Egilea: Gaizka Zabarte.

Argitaletxea. Susa.

Gaizka Zabartek (Zaldibar, 1960) argitaratutako lehen eleberri honek hasiera bitxi batez agurtzen du irakurlea. Unai Iturriagak egin duen azaleko marrazkiak fantasiazko hilerri batetik dei egiten digu. Liburu hasieran, lehenengo pertsonan narratzen duen Josu Gezetari Mahatserriko ehorzleak etxera deitu dio hilerrian hitzordu bat proposatuz. Galdetu diozu zeure buruari zer dagoen hilobietan idatzitako izenen atzean? Edo hurbilagora etorrita, zer kalean gurutzatutakoen izenen atzean? Eleberrian Nathaniel Hawthornen Wakefield, edo Luigi Pirandelloren Matias Pascal defuntua kasu literarioak agertzen bazaizkigu, nortasun eta identitateen bilaketaz eta desagertzeez mintzatzeko da, deituren faltsutzea, aldaketa eta ezkutatzea gaitzat duten erreferentzia literarioen bitartez. Josu Gezetak ez du aita sekula ezagutu. Haren izena bakarrik dauka esku artean. Aita ezezagunaren lorratzaren atzetik abiatuko da, eta, bidaia horretan, ezin bereizirik, tipula kapaz betetako iragana eta familia arteko sekretuak ere zabalduko zaizkio. Nor da nor? Bilaketa lanak ez dakar beti emaitzarik.

Irakurketa entretenigarria eta erraza da, kapituluak laburrak dira, eta arin irakurtzekoak. Elkarrizketak ere ondo emanak daude; deskribapenak berdin. Baina, badira zenbait molestia lanaren gorputzean. Kapitulu bakoitzean unitate tematiko edo sekuentzia bat osatzeko moduak ez nau ase, idazlearen lan banaketa mental eskematikoa nabaritzen den neurrian (artifizioa, alegia, idazte eskema nabaritu egiten da), eta kapitulu amaiera zakar samarrak sortu. Narratzailearen autoesplikazio gehiegizkoak ere ez dira onerako, hautu oro eta ekintzen gogoeta oro esplikatu beharrak elipsirako lekurik ez baitu utzi. Aldi berean, eta hasierako partean bakarrik, pertsonaiek, une batzuetan, tramak aurrera egin dezan esan behar dutena esaten dutela iruditu zait. Nolabait, karakterizatu aurretik diskurtsoa jarri zaie ezpain artean, azkarregi, irakurleak ez pertsonaia ez testuingurua ezagutzen ez dituenean (ehorzleak XVII. mendetik hasita dueluen errepaso historiko bat egitea, adibidez). Aurrera joan eta pertsonaiak ezagutu ahala, desagertu egin zait sentimendu hau, elkarrizketen arintasunak lagunduta.

Zerbaitek mantentzen badu misteriozko istorio honen garra, hori trama da, edo hobeto esan, trama ez amaitzeak. Azken soluziorik ez emateak egiten du berezi amaiera. Pertsonaiak amore ematen du bere bilaketan. Denek berak baino gehiago dakitela sentitzen du, eta inguratzen dutenen sekretuek konplot handi bat osatu dutela bere kontra. Guri ere narratzaileak horixe egin ez ote digun... Ez dizkigu emango mataza askatzeko egiak, pertsonaia bezain galdurik senti gaitezen gure hipotesi guztiekin. Irudipena dut batzuei teknika honek barruak ukituko dizkiela irakurketaren ostean hariak lotu araziz, eta bestetzuei, hutsal antzekoa irudi dakiekeela, autoreak liburua ixteko lanik hartu ez balu bezala. Bi muturren artean mugitu naizela aitortuko dut. Amaiera hain irekiak norberak hutsune asko bete beharra dakar derrigorrean. Misterioaren soluziorik eman ezean, batek asmatu behar. Hipotesi edo erantzun batzuk agerikoak iruditu zaizkidan bezala, bestetzuk ez. Uste dut bide ematen duela eleberriak norbere hipotesiok balizko beste irakurleenekin eztabaidatzeko. Lehenengo eleberri honekin Gaizka Zabartek irakurlea entretenitzen badakiela erakutsi du, eta, horrela esan badaiteke, irakurlea nahasten ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.