Sorgune eta lotune

Tabakaleraren behin betiko proiektua azaldu dute Jon eta Naiara Montero arkitektoek, eta apirilaren erdialdera hasiko dira gauzatzenAldaketa gutxi egin dizkiote egitasmoari, eta auditoriumik ez egitea da horietako bat

Sototik egingo da bisitarientzako sarrera nagusia. Irudian, sarrerako patioaren irudi birtuala. TABAKALERA.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Apirilaren erdialdean hasiko dituzte obrak Donostiako Tabakaleran. Eraikina berritzeko proiektua egokitu dute Jon eta Naiara Montero arkitektoek, azken urtean instituzioek egindako «birdimentsionatze prozesua» dela eta. Hala ere, aldaketa gutxi batzuk baino ez dizkiote egin Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentrorako 2008an aurkeztutako Hirutan lerro egitasmoari. Besteak beste, ez da auditoriumik egingo, eta 115 eserlekuko zinema aretoaren ordez, askotariko erabileretarako areto bat egongo da —450 lagunentzako beste zinema aretoari eutsi egin diote—. Aldi berean, hainbat espazio nahiz erakusketa gune «txikitu eta optimizatu» egin dituzte. Modu horretan, Tabakaleraz kanpoko erakundeek erabiltzeko espazioak 6.000 metro koadrora arte zabaldu dituzte.

Krisia dela-eta halako proiektu bat egokitzea pentsatzen denean, arkitekturako baldintzak gehiegi aldatuko ote diren beldurra sortu ohi da, Jon Monteroren hitzetan. «Baina kasu honetan, zorionez, ez da halakorik izan. Esan dezakegu ezaugarri arkitektoniko nagusiei eutsi zaiela». Ideia nagusiari eutsi diote, hiruko lerroa jokoa kontzeptu gisa erabiltzeari. Hala, Egia auzoa eta erdialdea lotzeko, bien arteko pasabidea eta tresna izango da Tabakalera. Batetik, sarrera nagusiari beste bi gehituko zaizkio, eta eraikin barrutik igaroko den «kaleak» lotuko ditu, aldi berean hiriko espazioak ere lotuz. Bestetik, Tabakalera inguratzen duten espazioak zabalduko dituzte. Hala, gaur egun hiriko leku arriskutsuetako bat den lurpeko pasabidea, adibidez, hogei metroko kale ireki bilakatuko da, eta trenbidearen gainean eraikitzekoa den plataformarekin ere lotura egingo du eraikinak.

Eraikinaren bereizgarri diren elementuak nabarmentzeari ere eutsi diete arkitektoek: fatxada, erakusketetarako erabiliko diren galeriak, eskailera nagusia edo lau patioren inguruko antolaketa bere horretan uzteari, alegia.

Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuarekin, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin eta Odon Elorza Donostiako alkatearekin batera atzo eginiko agerraldian, eraikinaren 36.200 metro koadroak, solairuz solairu, nola banatu dituzten azaldu zuten arkitektoek, planoekin eta infografiekin.

Hiru sarrera, hamaika gune

Sototik, lurpeko pasabide aldera ematen duen hormatik egingo da bisitarientzako sarrera nagusia. Bertako patioa izango da sarrera gunea; 24 metroko altueran argi-zulo batek estaliko du, eta haren inguruan antolatuko dira informazio gunea, beste solairuetara sarbidea, gune komertzialak eta TBKafea —kafetegia, ikus-entzunezkoen ekoizpena eta etengabeko programazioa uztartuko dituen gunea—. Biltegiak eta platoa ere sotoan egongo dira.

Beheko solairua erakusketarako espazioek osatuko dute. Mandasko dukearen kaletik sarrera izango du, eta bertan egongo dira erakusketa aretoak, zinema aretoa, balioaniztuneko areto bat, eta askotariko erabileretarako plaza, bestelako aukeretarako espazioekin batera. Lehen solairuak trenbide aldetik sarrera bat izango du, eta mediatekak hartuko du ia osorik. Bigarrenak, berriz, Tabakaleran egoitza izango duten erakundeen bulegoak hartuko ditu, tartean, Etxepare institutuarenak eta Euskadiko Filmategiarenak.

Ekoizpenerako guneen solairua izango da hirugarrena. Bertan egongo dira laborategiak, sortzaileei uzteko espazioak eta ediziorako zein postprodukziorako areto teknikoak. Gainaldean eraikiko den beirazko prisma izango da eraikinaren ikur nagusia. Erabilera publikoa izango du, eta jatetxe bat hartuko du barruan. Hiriko behatoki izango da egunez, eta itsasargi moduko bat gauez.

Obrentzat iragarritako egunei eusten diete agintariek. Apirilaren 14an hasiko dira hainbat gune eraisten eta desegiten, eta irailean hasiko da obraren bigarren fasea, 20-22 hilabete artean iraungo duena. Hornikuntzari eta ingurunea urbanizatzeari ekingo diote ondoren, eta 2014. urte amaieran dena bukatuta izatea espero dute, 2015ean zentroa inauguratzeko.

Lanak hasi baino lehen, herritarrei proiektu berria ezagutarazteko eta eraikinaren egungo itxura ikusteko azken aukera emateko, bisita gidatuak antolatu dituzte. Asteburuetan izango dira, heldu den larunbatean hasi eta apirilaren 10era bitarte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.