Sorkuntza garaikideari leiho bat

Dantza, antzerkia eta musika bilduko ditu Bi Harriz Lau Xori jaialdiak, gaurtik aurrera, Miarritzen

OrqueStrada Portugalgo taldeak kabareta eta herri musika uztartzen ditu. RITA CARMO.
Eneko Etxegarai Urain.
Miarritze
2011ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Egitarau oparoa izango du aurten ere Bi Harriz Lau Xori festibalak. Miarritzen (Lapurdi) egingo da, eta gaur hasi eta larunbatera bitartean iraungo du; kultur adierazpide anitzeko jaialdia da. Badira hamasei urte lehen aldia martxan jarri zutenetik, eta urtez urte arrakasta irabazten joan da. Antolatzaileek zehaztu dute ekimena «geroan erroturiko sorkuntza garaikideari buruzko leiho baten gisa» ikusten dutela eta bertan diren artistek «euskararekin zerikusia» dutela. Adin guztientzat da, eta, lau egunez, Euskal Herriko zein beste lurralde batzuetako dantza, musika eta antzerkiaz gozatzen ahalko da.

Musikazaleentzako ekimen nagusia 25ean izango da, ostiralarekin, Gare du Midi aretoan; bertan, Portugalgo OqueStrada taldea entzuten ahalko da. Hego Europan batera eta bestera ibiliz, garatuz joan da talde hori, eta tasca beat izeneko soinua sortu dute. Mirandak, taldeko kantariak, nota berezi bat ematen dio musikari. Antzerki aktorea da, eta Cabo Verdeko tabernetan abesten aritu izan da. Andoni Tolosak taldeko lehen diskoari buruz BERRIAn idatzi zuen bezala, «irudimen handiko musika akustikoa biltzen da OqueStradan». Haren hitzetan, «kabareta eta herri musika uztartzen dituen» taldea da. Gau berean ariko da Sorkun kantaria ere. Hamabost urte daramatza eszena gainean, eta modu akustikoan emango ditu abestiak, bere errepertorioa biluztuz.

Dantza sorkuntza bat ere ikusi ahalko da, Mizel Theret eta Johanna Etxeberriren eskutik; hamar urteko ibilbidea dute horiek, eta, oraingoan, diptiko baten inguruan egingo dute topo taularen gainean. Makila da dantza emanaldi horren oinarria, eta horren inguruan garatu dute obra. Honela deskribatzen dute: «Zutik egoteko borrokan hastera doan gorputzaren luzamendu gisa, erresistentziatik grabitatearen mendekotasunera doan dantza irudikatzen du makilak». Azken egunean emango dute agerraldia, martxoaren 26an, larunbatarekin, Koliseo aretoan.

Ekimen parte hartzaile bat ere plantan jarriko dute, Mediatekako irudi departamentuan, soinumapa izenekoa. Bi Harriz Lau Xori festibalak irauten duen egun guztietan entzun ahalko da. Xabier Erkizia du zuzendari proiektuak, eta soinuen bidez Euskal Herriaren itzulia eginaraziko die nahi dutenei. Artelekuko Audiolab sailak 2005ean martxan jarritako egitasmoa da. Zenbait herri eta gunetan egin dute, egunerokotasunaren soinuak bilduz, eta larunbatean Miarritzen zehar ere soinuak bilduko dituzte, beren ekimena aberasteko asmoz. Ondoren, Gure Irratian emango dituzte 09:00etatik 10:00etara. Interneten bidez jadanik entzungai dira Euskal Herriko txoko asko, eta bakoitzak bere soinuak sartzen ahal ditu bertan.

Haurrek ere beren txokoa izango dute, hala nola bihar, 16:00etan, Koliseo aretoan Theatre des Chimeres konpainia famatuak Baba zango horiak antzerkia emango du. 7 urtetik goitiko haurrentzat egindako obra da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.