Sorkuntzaren mineralak

Artea, identitatea, gorputza eta hizkuntza ardatz dituen Meatzaleak programa jasoko du Bilboko Azkuna zentroak, hilean behin. Fermin Muguruzak hasiko du zikloa, hilaren 18an

Meatzaleak programaren aurkezpena, atzo. Ezkerretik hasita, Xabier Landabidea, Lourdes Fernandez, Leire Palacios eta Gotzon Barandiaran. MARISOL RAMIREZ / ARP.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2017ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Ustiatzen den burdin kopurua ala meazuloetatik ateratzen den mineral kopurua. Emaitzak du garrantzia meatzaritzan: ateratzen den mineralaren kantitateak. Baina, burdina jasotzeko, bilatu egin behar da lehenik; lurra jo behar du meatzariak, eta lur azpian ordu luzez aritu behar du lanean. Aldez aurretik zulorik egin gabe ez baita mearik aurkitzen. Emaitza bezain garrantzitsua da abiapuntua eta mea ateratzeko prozesua, hortaz. Eta meatzaritzan nola, sorkuntzan hala. Sormenaren iturburuetatik bukaerara doan prozesuaz hausnartzeko, Meatzaleak izeneko kultur egitaraua prestatu dute Azkuna zentroak eta Dijitalidadea enpresak elkarlanean. Solasaldi bat izango da hilero, ekainera bitarte, asteazkenez. Musika, hedabideak, gorputza eta identitatea izango dituzte ardatz, besteak beste. Leire Palacios kazetaria izango da ekitaldi guztien gidari, eta hilaren 18an hasiko da zikloa, Fermin Muguruza musikariaren solasaldiarekin. Atzo egin zuten programaren aurkezpena, ekitaldiak jasoko dituen Azkuna zentroko Bastida aretoan.

Ilunpean dagoena argitara ekartzea du helburu Meatzaleak programak, Gotzon Barandiaran Dijitalidadeako kidearen arabera. «Sormen lanak nondik hasten diren eta duten prozesua aztertu nahi dugu, eta ez soilik amaierako emaitzetan zentratu. Egitarauarekin Bilbo, Euskal Herria eta mundua kontatu nahi dugu, sormenaren ikuspegitik. Gure historiatik, iraganetik eta orainetik hausnartu nahi dugu». Mea aleak balira bezala, hainbat esparrutako sortzaileak bilduko dituzte horretarako. Eta meatzaritzan arituko dira, lau mineral nagusi ilunpetik argitara ateratzen: artea, hizkuntza, identitatea eta kultura.

Sormen lanetan oinarrizko osagaiak dira lau ezaugarri horiek, Palaciosen arabera. «Hizkuntza beharrezkoa zaigu transmititzeko. Artea egiten dugun hori da; eta, tartean, identitatea ere lantzen dugu artearen bidez. Gorputzarekin, presentzia azaltzen dugu. Etorriko diren sortzaile horiena, alegia». Berbagai bakoitzari ahalik eta etekin handiena ateratzea da helburua, eta formatu ezberdina izango dute ekitaldiek horregatik. «Eztabaida eta herritarren arteko hartu-emana bultzatu nahi dugu».

Muguruzaren hitzaldiarekin hasiko da zikloa. Bere musikaren ibilbidearekin zerikusia duten b letraz hasitako hiriburuak lotuko ditu Bilbo-BCN-Belfast-Berlin-Beirut-Bogota hitzaldian. Musikagintzaren egoerari buruzko gogoeta egingo du Muguruzak. «Bidaia bat proposatuko digu, oinarri geografikoa ere baduena. Bere musika ibilbidearekin zerikusia duten hiriak dira denak, eta gaur egungo musikaz arituko da».

Euskal Herriko hedabideez hausnartuko dute otsailean Errota Digitala elkarteko Gorka Salzesek, Koldo Diaz Bizkarguenagak eta Xabier Landabideak. Meatzaleak programaren aurkezpenean bertan izan zen Landabidea. «Euskal Herriko hedabideei dagokionez, hiru ardatzen inguruko proposamena da egingo duguna: gaur egun daudenak, beharrak eta nahiak. Hiru ardatzak nola zeharkatzen diren eta nola gainjartzen diren aztertu nahi dugu saioan». Nagore Uriarte kazetaria ere izango da saioan. Hamaika telebistako Bizkaiko erredakzio burua izan da urte luzez, eta kazetaritzak gaur egun kalean duen egoeraz hausnarketa egingo du hark.

Ander Lipusek eta Onintza Enbeitak hartuko dute txanda martxoko saioan. Palaciosek azaldu du arte eszenan gorputzak duen garrantziaz arituko direla: «Aktorea da Lipus, eta Enbeita, berriz,bertsolaria; ibilbide politikoa ere izan duena, gainera. Bakoitzaren jardunean gorputzarekin nola jokatzen duten azalduko digute sortzaile biek». Apirileko saioan, identitateaz arituko dira Mikel Inuntziaga Inun taldeko musikaria eta Lutxo Egia idazlea. Eta haiekin batera izango da Iratxe Fresneda ere, Irrintziaren oihartzunak dokumentala aurkezten. Leire Milikua eta Gorka Gortazar arkitektoek hartuko dute testigua maiatzean. Arkitektura hiriaren eraldaketarako tresna den ala ez aztertuko dute biek. Eta, Palaciosek azaldu duenez, euskal kulturarekin lotuko dute gaia. «Sormenean arkitekturak duen eraginaz jardungo gara, gaur egun nagusi den hirigintzaren eta sorkuntzaren artean dagoen harremanaz». Haizea Barcenillak eta Okela sormen lantegiak amaituko dute Meatzaleak programazioaren zikloa, ekainean. Artearen identitatearen irudia izeneko topaketa egingo dute.

Egitasmoaren lehen urratsa

Osagarria da Meatzaleak programa, Barandiaranen esanetan. «Egitaraua osatzean, Bilboko eskaintza kulturala aztertu dugu lehenik. Hiriburuan badira bestelako kultur guneak, eta horietan guztietan egiten den eskaintzaren osagarri izan nahi du Meatzaleak». Lourdes Fernandez Azkuna zentroko zuzendariak azpimarratu du urtarriletik ekainera bitarteko zikloa aurkeztu badute ere aurrerantzean programari jarraipena emateko asmoa dutela. «Lehen urratsa da hau. Baina ekainetik aurrera ere segida emango diogu Meatzaleak egitarauari; eta baita datorren urtean ere». Azkuna zentroan euskara ardatz duten ekitaldiek toki handiagoa izan dezaten nahi du Fernandezek. «Zentroaren oinarri nagusia euskara bada ere, ez da nahikoa egiten. Hutsune hori betetzeko abiatu da egitaraua, eta norabide horretan jarraitzea da gure asmoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.