Sortu zituen lekura itzuli dira

Joaquin Sorolla margolariak Donostian pintatu zituen hainbat obra bildu dituzte San Telmo museoan, 'Margotzeko bidaiatu' erakusketan. Une jakinak jasotzen dituzten kolore apunteak dira ugarienak

Olatu hormatik, Donostia (1917) olio margolana. SOROLLA MUSEOA.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2023ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Hiru hamarkadaz, Donostia urtero bisitatu zuen udan Joaquin Sorolla margolariak (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1863-Cercedilla, Espainia, 1923). 1889an zapaldu zuen hiria lehen aldiz, eta 1921ean ikusiko zuen azkenekoz. Bere egonaldietan hamaika margolan pintatu zituen, eta obra horiek dira, hain zuzen ere, San Telmo museoan ikusgai jarri duten Margotzeko bidaiatu. Sorolla Donostian erakusketaren oinarria. Hala, sortu zituen lekura itzuli dira garai hartako eszenak, jendeak, paisaiak eta giroak erakusten dituzten lanok. Urriaren 15era arte egongo da ikusteko aukera, museoaren kapitulu gelan.

Artista hil zeneko mendeurreneko ekitaldien barruan heldu da erakusketa Donostiara. Hain zuzen, artelanak egin ziren lekuetan erakusteko, Sorolla. Margotzeko bidaiatu izeneko hainbat erakusketa antolatu dituzte Sorolla museoak eta Sorolla Museoa fundazioak. Donostiakoa da horien artetik lehena, eta San Telmo museoarekin elkarlanean atondu dute, Acacia Sanchez Dominguez komisarioaren gidaritzapean. Guztira, zortzi mihise eta 30 bat kolore apunte bildu dituzte; neurri txikiko lan horietan, eguneroko bizitzako unean-uneko eszenak jaso ohi zituen margolariak. Horiei denei artistaren beste hiru olio batu dizkie San Telmok bere funtsetatik, Rogelio Gordonek emandakoak —Sorollaren laguna eta Donostiako Arte eta Lanbideen eskolako zuzendari izandakoa—.

Komisarioaren esanetan, «bidaiari nekaezin» gisa ere gogoratu nahi izan dute artista; pintatzeko helburuz mugitzen zen batetik bestera, eta, hain zuzen, bidaietan eginiko lanak dira «haren izaera ezagutzeko modurik hoberena». Berdin Donostian sortutakoei dagokienez. «Sorollak, bere ikuspegi aurrerazale eta baikorrarekin, hiriaren modernotasuna bere pinturara eramaten jakin zuen».Donostian eta inguruetan 300 lan ondu zituen denera, baita batzuk New Yorken erakutsi ere.

Bi arrazoik eraman zuten margolaria udak Donostian igarotzera, Sanchezek esan duenez. «Piktorikoa da bata: Donostian, lehen aldiz, Iparraldeko argia irudikatzeko erronkari aurre egin behar izan zion. Oso ohitua zegoen Mediterraneoko eguzki indartsura, eta hemen aurkitu zuen ikuskizun bisualak paleta aldatzeko eta erronka horri aurre egiteko eskatu zion. Haren ibilbidean mugarri bat izan zen hori». Horren adibide da Olatu horma seriea, zeinaren lagin bat jarri duten ikusgai.

Soziala izan zen beste arrazoia, komisarioak azaldu duenez. Garai hartan, aristokraziaren eta goi burgesiaren udako topagune nagusietako bat izan zen Donostia, eta, lagunak ez ezik, bezeroak ere bazituen pintoreak horien artean. «Hala, bere lanetan udaldi dotore horiek jasota, kronikari sozial zoli baten gisan jardun zuen». Aire zabalean margotzen zituen kolore apunteetan irudikatu zituen, batez ere, eszena horiek denak.

Garaiko argazkiz, dokumentuz eta prentsan jasotako pasartez lagunduta ikus daitezke lanok.

Margolariaren egunerokoa

Komisarioak lau ataletan antolatu du erakusketa. Sarrerako horman idatzita, Sorollaren bizitzari buruzko zertzeladak eta kronologia bat irakur daitezke. Kantauriko argia atala dator jarraian; margolariak argiaren inguruan egin zuen azterketaren ondorioz, tonu apalak dira nagusi margolanetan. Besteak beste, Olatu horma serieko hiru olio jarri dituzte hartan; inpresionisten ildoari segituz, hiruretan paisaia bera pintatu zuen —Paseo Berritik Ulia mendiari begiratuta ikusten dena—, baina askotariko eguraldiarekin eta ordu desberdinetan margotuak direnez, diferenteak dira guztiak.

Atsedenik gabeko udatiarra izeneko atalak, berriz, Sorollaren egunerokoaren berri ematen du, bisitatzen eta pintatzen zituen lekuak jasotzen baititu: portua goizez, Kontxako hondartza eguerdiz, eta pasealekuak eta Bulebarreko Cafe Orientaleko solasaldiak arratsez. Garaiko eszenen kolore apunteak dira nagusi zati horretan, hiriko orduko giroaren berri ematen dutenak eta, Sanchezen hitzetan, margolariaren «esentzia eta alderik ausartena» biltzen dutenak. Baina badira olio batzuk ere: Bainuaren ondoren (1917-1918), kasurako.

Jarraian, Barrualdeko paisaiak izeneko atalean, Donostia inguruak ageri diren bi mihise daude, zeinak Siesta (1911) haren lan ezagunaren oinarri diren, komisarioak zehaztu duenez.

Azken udak atalean, margolanik ez dute jarri; izan ere, Sorollak garun isuri bat izan zuen 1920an, eta, ordutik, ezin izan zuen gehiago pintatu. Hala ere, hil aurretik beste bi uda egin zituen Donostian, eta orduko argazki eta dokumentuak jarri dituzte ikusgai erakusketari amaiera emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.