Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiak zera adierazi zuen, atzo goizean, Radio Euskadin egin zioten elkarrizketa batean: «Sortutako matraka ikusita, orkestrak dauden bezala gera daitezela». Izan ere, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak EOSek eta Bilboko Orkestra Sinfonikoak BOSek epe ertain edo luzera bat egitea proposatu zion Bilbaok Iñigo Urkullu lehendakariari, joan den urtarrilaren 28an. Baina bere planteamenduak erreakzio zaparrada eragin du, eta, hori kontuan hartuta, atzera egitea erabaki du. Hori bai, zera gehitu zuen atzo: «Gero ez dezatela hitz egin bikoiztasunez».
Hainbat ordezkari politikok bateratzearen kontrako iritziak plazaratu dituzte, eta Donostiako EAJk balizko orkestra bateratuak egoitza nagusia Gipuzkoako hiriburuan izan beharko lukeela agertu zuen joan den asteartean. Bilbaok, baina, esan zuen atzo inoiz ez dutela hitz egin orkestra horren egoitzaz. Haren ustez, erreakzioak «neurriz kanpokoak» izan dira, eta fusioaren ideiak «ona» izaten jarraitzen duela iruditzen zaio. Gainera, adierazi zuen berak ez duela beste lurralde batzuek dituzten egitasmoei buruz iritzirik ematen, ez duelako gogoko «besteen etxeetan» sartzea. «Baina nik Bizkaia defendatzen dut, Bizkaiarentzat ona dena Euskadirentzako ona dela pentsatzen dudalako».
Horretaz gain, nahiz eta Guggenheim berri bat Urdaibain eraikitzeko proiektuak museoaren fundazioaren plan estrategikoaren barruan segitzen duen, egungo egoeran «halako inbertsiorik» ezin dela egin eta horrek ere bere momentua izango duela pentsatzen du Bilbaok.
BERRIAk orkestrei buruz herenegun kaleratutako erreportajea irakurtzeko, jo helbide honetara: www.ttiki.com/47210
«Sortutako matraka ikusita, orkestrak dauden bezala gera daitezela»
Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiak atzera egin du, EOS eta BOSen balizko bat egitearen gaian

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu