SOS Iruña-Veleiak zilegitasuna kendu dio ministerioaren txostenari

Plataformak, Euskararen Jatorria elkarteak eta Lurmenek uste dute aurkikuntzen faltsutasun hipotesia duela abiapuntuIruña-Veleiaren auzia epaitegietan izaten ari den prozedurarekin oso kritiko agertu dira

Euskararen Jatorria elkarteko, SOS Iruña-Veleia plataformako eta Lurmen enpresako kideak, atzo. RAUL BOGAJO / ARP.
Gasteiz
2014ko otsailaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Espainiako Kultura Ministerioaren menpeko Kultur Ondarearen Institutuak Iruña-Veleiako 39 ostraka aztertu ondoren, horietako 35 garaikidetzat jo izanak hautsak harrotu ditu. Atzo, ikerketa baloratzeko, agerraldia egin zuten Lurmen enpresak, SOS Iruña-Veleia plataformakoek eta Euskararen Jatorria elkarteak. Juan Martin Elexpuru eta Eliseo Gilen ahotik oso kritiko eta haserre azaldu ziren txostenaren edukiarekin zein Iruña-Veleiaren auzia epaitegietan izaten ari den bilakaerarekin.

Azaldu zutenez, ikerketak aurkikuntzen faltsutasunaren hipotesia du abiapuntu, eta ideia hori berrestera dator. Ikertzaileek azterketa analitikoa piezen gainazalari bakarrik egin diotela esan zuten, eta horrekin ezin dela erabaki grafitoak benetakoak diren edo ez. Auzi judizial batean erabakigarria izan behar duen azterketa bat gainazalean bakarrik egitea «oso larritzat» jo zuten, eta esan zuten bertan aurkitu diren materialen arrastoak piezak jende askoren eskuetan ibili izanaren ondorioa direla. Txostenean ostraketan hogei bat metal moderno aurkitu dituztela agertzen da, eta hori ikerketaren «faltsutasunaren seinale» irizten diote, ustezko faltsifikatzaileak hogei bat erreminta erabili beharko zituelako.

Bestalde, materialaren zaintza katerik ez dela egon salatu zuten, eta «ulertezina» iruditzen zaie horrelako egoera bat edozein justizia sistematan. Horren harira, «nola egon daitezke piezak auzian inplikaturiko parte baten esku?» galdetu zuen Elexpuruk, eta auzia artxibatzeko eskatu zuen. Egoera horrek azken sei urteetan piezetan «nahita edo nahi gabe» aldaketak egotea ahalbidetu duen susmoa daukate.

Elkarteek auzia ahalik eta bizkorren argitzea nahi dute, eta, horretarako, 2009an egin zituzten eskaerak berretsi dituzte, egoerari irtenbidea emateko modurik eraginkorrena iruditzen baitzaie. 2009an argitaratutako agiri batean hiru eskakizun egin zituzten; batetik, piezak hasierako egoeran daudela egiaztatzea; bestetik, grafitoen beste analisi eta ikerketa zientifiko batzuk egitea, eta, azkenik, parteekin zerikusirik ez duten arkeologo entzutetsuek indusketa kontrolatuak egitea aurrez seinalatutako lekuetan. Eskaera horiei Lurmenek egindako lana eta EHUko Arkeologia Sailak hondeamakinekin eginiko «langintza» ikuskatzea egitea gehitu diete.

Benetakotasuna berretsiz

Aurkikutzen benetakotasuna ere berretsi zuten agerraldian, eta jarrera hori defendatzen duten 24 txosten dituztela nabarmendu. Azken txosten hau eta auzia bere osotasunean Lurmen auzipetzeko eta grafitoen faltsutasuna bermatzeko ahalegina direla uste dute. Horretarako argudio zientifikoak erabili izanagatik ere txosten analitikoak ez duela «ez bururik eta ez hankarik» pentsatzen dute.

Bestalde, Gil eta Idoia Filloy Lurmeneko kide eta ikertzaileen aurka gertatzen ari den «lintxamendua» ere salatu nahi izan zuten atzoko agerraldian. Gaur egun ikerketa esparrutik guztiz baztertuta daudela esan zuten, komunikabideetan ez zaiela aukerarik ematen beraien jarrera azaltzeko eta Iruña-Veleiako aztarnategian egindako lana ere ez zaiela onartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.