Barruak eta burua. Buruz buru aritu ziren biak atzo Labrit pilotalekuan, Nafarroako Bertsolari Txapelketako finaleko saioan. Julio Sotoren bertsokera zaindu eta dotorea, eta Xabier Silveiraren hizkeraren gordina. Biak aurrez aurre, biak parez pare. Bertsoz bertso, bost orduko saioan, elkarrengandik gertu, eta beste sei bertsolariak baina maila bat gorago. 20 puntuko tarterik ez zen izan bien artean hasierako 14 bertsoetan, eta bakarka aritu behar izan zuten, buruz burukoan. zaleen gozamenerako. Eta azkenean Sotok irabazi. Tarte ezin txikiagoz, halere. Lau puntu eta erdiz baino ez. 759 egin zituen Gorritikoak, eta 754,5 Lesakakoak. Festa aurrean zituzten 1.300 bertsozaleentzat, festa atzean zituzten beste bertsolarientzat.
Saioaren metafora bihurtu zen buruz burukoan Soto eta Silveirari jarri zieten kartzelako gaia: Pilotaria zara, buruz buruko finala jokatzen ari zara, hogeita bana doa partidoa. Azken sakea egitera zoaz». Hala aritu ziren saio osoan. Hogeita bana. Sotoren lehen bertsoaizan zen ederrena, eta baita bere bertsokeraren nondik norakoaren adibiderik egokiena ere, agian. Giroak eraikitzeko duen gaitasunaren froga.
Julio Soto
Ni Irujoren gorpuan,
txapel bat dago jokuan.
Ttanto lortu hemen, lortu han,
ta indarrak agortuan
Aimar eta ni, ni eta Aimar,
aldiro juntu-juntuan
Miribillako frontoi zahar hontan.
Presioa hartuta kontuan,
hogeina berdin hogieta bana,
artekariak kantuan,
pilota eskuta,n hanakak dardarka,
ezin eutsi talentuan;
beldurrak zertaz agertzen dira
azkeneko momentuan?
Silveirak buruz buru aurreko kartzelakoan eman zuen onena, ziur aski. Bere gisara aritu zen, gordin, eta gaiari izkinik egin gabe. Bere burua gatazkaren erdian jarriz, eta hari estu helduz.
Xabier Silveira
ETAren su etenetik
guztia ez da zorion.
Su-etenari berari
nahioka kea zerion.
Gezurra al da gauz txar bat
bilakatzen dela bi on?
Guk behintzat bake nahiari
bakez erantzun genion.
Pintadak spray beltzean,
«Silveira maketo,» zion;
«vas a morir», eta gero
«Falange» eta «Tradicion».
Egin duenari a zer
egurra emango nion.
Saio osoaren baitako saio moduko bat izan zen buruz burukoa. Eta ale ederrak utzi zituen hamarreko txikian Sotok eta Silveirak egindako saioak. Gaia bazen hainbesterakoa. Adan eta Evaren paperean jarri zituzten bi bertsolariak. Sagar debekatuari kosk egiteko gonbitean Eva, Silveira. Txaloak jaso zituen Alaitz Rekondo gai jartzaile eta Nafarroako Bertsozale elkarteko lehendakari berriak gaiagatik, eta saioak eman zuen jendearen gosearen neurria. Umoretik jo zuten. Berde.
Sotok, Adanek, ezetz: «Bere hizketa dardarti,/ hizketa izua:/ «sagarra proba ezazu»,/ ze konpromisua,/ ez al zara ohartzen,/ zer zaude, itsua?/ Sagarra probatuta/ andre jakintsua,/ infernu bihurtuko/ da paradisua». Silveirak, Evak, baietz, probatzeko: «Zuri burua jaten/ al dabil jainkoa?/ Beti kontu berdina/ Adan, ya, nahikoa!/ Bekaturako bide,/ nahiz izan ahoa;/ zuk jan nire sagarra,/ ta ez izan ñoñoa,/ ta nik jango dizut/ zuri platanoa».
Kartzelak irauli zuen saioa
Ongi hasi zen saioa, eta maila ona eman zuten zortzi bertsolariek. Hirugarren egin zuen Estitxu Arozenak (57,5 puntu), laugarren Barberenak (515,5), Zelaieta bosgarren (512,5), Terreros seigarren (507). Eneko Lazkoz zazpigarren (495), eta Oskar Estanga zortzigarren (479,5). Kartzelekoa heldu arte ez zegoen izen argiegirik txapeldun izateko, eta ale ederrak izan ziren binakako lan guztietan. Guztiz lehertzera heldu gabe, halere. Terreros eta Sotok egindako sei puntuko motza izan zen ederrenetariko bat. Goxo aritu ziren, elkarrekin ume jaioberria eta ama elbarritua paseatzera ateratzen dituzten bi pertsonaren paperean. Ongi erantzun zituen gai jartzaileak jarritako puntuak Sotok, eta ale onak emanzituen Estanga eta Arozenaren arteko 6 puntuko motzak.
Kartzelako lanean irauli zensaioa. Argitu egin zen ordura arte argiegi ez zegoena. Bi izen gailendu ziren besteen gainetik. Etxe aurrean haiei buruz idatzitako pintada baten aurrean jarri zituten bertsolariak gai jartzaileak, eta orduan nabarmendu ziren Soto eta Silveira besteen gainetik. Orduan eman zuten beren neurria eta bertsokera. Burua batak, barruak besteak.
Serio aritu ziren gehienak. PSOEko zinegotzi baten paperean Barberena, emakumea jipoitzen zituen gizonarenean Arozena, etxera heldu berri den presoarenenan Terreros, Lazkoz eta Soto, Saharar batenean Estanga, eta Falange y Tradicionekoen mehatxua jasotakoarenean Silveira. Zelaieta izan zen umoretik jo zuen bakarra, eta txalo zaparrada itzelaz eskertu zion publikoak. Real Sociedad futbol taldeko jokalari baten azalean aritu zen kantuan, taldearen egoera eskaren errua botatzen zion margoketaren aurrean.
Julen Zelaieta
Nahiz hasieran ia eman didan,
bihotzeko atakea,
batzutan zeinen alua dugun
miloidunak izatea.
Aspaldi urrun da garaipena,
aspaldi urrun enpatea;
falta zait errematea.
Horrelakoak irakurtzea
nahiz izan kaltea,
nire soldata barruan dago
halakoak jasatea.
Bertso horiekin girotu zuen berriz Zelaietak tenperaturaz eta giroz hozten hasia zen Labrit. Eguna iluntzen ari zen, eta argi artifizialak piztean argitu zen finaleko saioa. Soto eta Silveiraren kartzelakoek eutsi zioten gero, gainera, Zelaietak hasitako bideari. Buruz burukoak borobildu zuen dena.
Silveirak agurrean azaldu zuen hemendik bi urterako duen asmoa. «Orain hemezortzi urte,/ Gayarre eszenario,/ Esti ume moko zela/ eta ni un puto crio./ Harek gaurko hau ote du/ bere hola ondorio/ .../ hasi entrenatzen Julio/zeren bi urte barru BECen/ eta hau doa serio/ buruz burukoan izan nahi dut/ zure areri».
Soto bigarrenez buru
Estu aritu dira Soto eta Silveira Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean; lau puntu eta erdiko aldea soilik atera dio GorritikoakMaila ona izan zuen saioak, baina buruz burukoan lehertu zen Labriten giroa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu