Agurrean aipatu zuen Xabier Silveira bertsolariak atzoko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalaurreko saioaz espero zena. Orain bi urte Julio Soto eta Silveira buruz buru jarri zituen finalaren usaina zuen atzokoak, eta maila handia espero zuen Lur aretoa betetzen zuen jendeak. «Saio hau final ttiki batekin/ konparatu izan dute;/ nik final ttiki bat baino,/ saio handi bat nahiago nuke». Txapelketan orain arte izan den saiorik onena izan zen, azkenean. Soto nagusitu zen, 415,5 punturekin, baina oso gertu izan zituen Silveira (413 puntu), eta Julen Zelaieta ere (398,5). Aimar Karrika, Aritz Saragueta eta Iñigo Ibarra baino maila bat gorago ibili ziren hirurak.
Atzokoa zen azken finalaurreko saioa, eta atzo jakin ziren, beraz, apirilaren 9an Iruñeko finalera pasatuko diren zortzi bertsolarien izenak. Soto, Silveira eta Zelaietaz gain, Estitxu Arozena, Jon Barberena, Eneko Lazkoz, Oskar Estanga eta Xabier Terreros dira pasa diren beste bertsolariak. Zortzi horiek arituko dira Labrit pilotalekuko azken saioan.
Finala ere atzokoaren mailan joanez gero, lan gogorra izango dute bertsolariek Soto, Silveira eta Zelaietak emaniko maila berdintzen. Hasieratik ikusi zen bertso gosez zirela. Zortziko handian Zelaieta eta Sotok egindako saioa izan zen binakako lanen artean txalorik gehien jaso zuena etaalerik onenak eman zituena. Langabezian, gustuko ez duten alderdi politikoaren paperak banatzea onartu edo ez onartu, dilema horretan jarri zituen gai-jartzaileak. Soto kontra eta Zelaieta alde.
Silveira, onena kartzelan
Sotok bota zuen lehena: «Barcinarentzat lan egitea,/ zer da aurkako haizea./ Hartu orri bat, buzoian sartu:/ restaurantea etxea./ Biak eskutik harturik doaz,/ poza eta oinazea./ Diru pixka bat irabazita,/ duintasuna galtzea».Umoretik jo zuten berehala. Zelaietak: «Ekonomiak agintzen du ta/ onartzea erabaki./ Aldaketa bat datorrela ta,/ gainera, hobera izaki./ Sanzek ez digu lagundu baina,/ Yolik igual bai, nork daki».
Kartzelakoan ehorzlearen rolean jarri zituzten. Lurperaketan bai, baina besteak bezalakoa ez zen egun batean. Penaz ehortzi zituzten amak Sotok eta Saraguetak; amorruz, senarrak hildako emaztea Karrikak; minez, neska gazte bat Zelaietak; eta axolagabe xamar, politiko famatua Ibarrak. Silveiraren lehen alea izan zen, halere, onena. Gordin aritu zen.
Eltzea soberan dago
ez denean zer egosi.
Urdaila ebakitzen da
ez badugu nola josi.
Ogia lortzearren ni
langintza honetan hasi,
ohorea bai, baina ez zait
morala inoiz ere jausi.
Jende aunitz ehortzi dut,
egunean zazpi zortzi,
aiton xahar ume txikiak,
PSOEko zinegotzi,
baina alaba bat ez dut
gaur arte inoiz ehortzi.
Soto gailendu da Elizondon
Barberena, Arozena, Silveira, Zelaieta, Lazkoz, Estanga eta Terrerosekin lehiatuko da Iruñeko finalean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu