Literatura. Hirudia

Stockholmgo sindromea

lander garro
2011ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Ez dakigu, beraz, gure hizkuntzaren eta, ondorioz, geure literaturaren osasuna hobea edo okerragoa litzatekeen frankismoaren komatik igaro izan ez balitz. Nekez sinetsiko luke gure jeneral ttattarrak, terrorea ereinda poemak loraraziko zituela, baina, hara non, horixe onartu diogu, ezarian eta, nahiago nuke, oharkabean.

Bitxia da diktadoreek, joan den mendekoek eta gaur egungoek, kulturarekin daukaten harremana: beti saiatu dira zapaltzen, isilarazten, iluntasunera eta mututasunera kondenatzen, eta, trukean, beti lortu dute halako onespen stockholmdar bat, txikia akaso, nekez onartzen dena, baina hazka eginez gero beti azaleratzen dena.

Poetak aitaren zaplaztekoak oroitzen ditu, eta min hartatik sortzen dituen testuek itzularazten dioten auto-estimuak, aitarekin bakea egiten lagunduko diote. Gerriko zafladak behar ditu poetak poeta izateko, antza. Edo, nor litzateke, zer litzateke Primo Levi, naziek gosera kondenatu izan ez balute, alegia, gizonari bere gizontasuna auzitan jartzen lagundu izan ez baliote? Kimiko kaskar bat!

Berdin Mauricio Rosenkof, Uruguaiko milikoek 11 urtez zulo batean (zulo esan dut eta hau ez da metafora bat) bizitzera zigortua, lagunekin morse kodean mintzatzera ohitua, gatibutzan hortzak ere galdu zituena... nor litzateke Rosenkof Uruguaiko milikoek makilaren graziaz batailatu izan ez balute: terrorista bat!

Miguel Bonasso argentinarrak Videlaren estatu kolpea pairatu zuen. Militarrek beste hainbat Montonerorekin atxilotu zuten, Ford Falcon horietako batean sartu, eta sei hilabetez torturatu, gaur eta hemen poliziak erabili ohi dituen metodoekin antzekotasun handiak dituzten metodoak erabiliz. Sei hilabetez. Kolpeak ere ez omen zituen sentitzen amaieran. Hainbeste izen eman zituen, hainbeste lagun salatu zituen, ze bere burua estutzen zuen, ahaztutakoren bat noiz agertuko, han, memoriaren eremu lauso hartan, militarrek gehiago jipoitu ez zezaten. Baina ez zeukan lagun gehiagorik (zorionez), ez zitzaion gogora ekartzeko deus gelditzen: berdin jipoitzen segitu zuten. Zer litzateke Bonasso, Videlaren menpekoen laguntzarik gabe? Estatistika hutsa!

Eta euskaldunok ere, geure koadroetako idiek bezala, geure idi bikotea makilaz ziztatuko duen norbait behar izan dugu beti, estimulu gabe azukrea kafean bezala baikara urtzen. Bere kasa uzten baduzu, euskaldunak erdara egingo du, gaztelania ez bada, frantsesa, eta, baleki, baita txinera ere. Eta idatzi ere, nekez idatziko luke, eta gutxi. Artzai istorioak, asko jota. Akaso arrantzale konturen bat, euskaldunok itsasoarekin izan dugun lotura horrenbestekoa izan baita, hain emankorra, ze itzuliko lizkiguke olerkitxo batzuk, kresalaz edertuak. Imajina ezazue gerra aurreko (hemen gerrarik gabeko garairik inoiz egon bada) euskaldun bat, itxi begiak eta egizue ariketa sano hori: hantxe agertuko zaigu bere txapelarekin, sudur luzea, zintzur zorrotza, sorbalda zabalak, aire xaloa, zintzoa, haizeak eta lanak zaildua, beti leial.

Munduko arma saltzaileok, batu zaitezte, literaturak zuen beharra dauka!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.