Miarritzeko Big Festival jaialdiak ez du aurten iaz bezalako izen klasiko handirik programatu —Neil Young izan zen kartelburu—, baina rockaren eta poparen esparru zabalaren erakusleiho izateko asmoa du bere seigarren ekitaldian ere.
Jaialdia gaur iluntzean (20:00) hasiko da, Atabal aretoan; Belako Bizkaiko taldea, Parisko leSpark, Bordeleko Tample eta Jabberwocky laukote estatubatuarra izango dira bertan, eta Big Boite espazioan, berriz, hip hopari eta elektronikari lotutako DJ saioa izango da.
Bihar, Smile Getxoko taldea eta Jamaica eta Stand'art talde frantziarrak ariko dira Big Village espazioan, eta Gesaffelstein, Brodinski, The Hacker eta Louisahhh!!! Big Boiten.
Big Festivalen bi egun nagusiak, baina, ostirala eta larunbata izango dira, eta horietan egingo dira kontzertu jendetsuenak, Aguilera estadioan. Ostiralean, eta 20:00etatik aurrera, Willis Drummond, Fauve eta Yodelice ariko dira lehendabizi, eta Metronomy izango da gaueko lehen talde izarra. Joseph Mount gitarrista eta teklatu jotzaileak 1999an sortutako taldeak musika elektroniko instrumentala egiten zuen hastapenetan, baina poliki-poliki pasarte abestuak ere sartu ditu bere kantuetan. Era berean, Mountek remixak egin ditu hainbat artistarentzat (Goldfrapp, Roots Manuva, Franz Ferdinand, Klaxons, Ladytron...). Metronony bere laugarren eta azkeneko diskoa (Love Letters) dator aurkeztera Miarritzera.
[youtube]http://youtu.be/riEBi8BJ9Tw[/youtube]
Ostiraleko gaua Placebo hirukote britainiarrak segituko du. Brian Molko abeslariak gidatzen duen hirukotea arrakasta eta oihartzun mediatiko handiarekin estreinatu zen 90eko hamarkadan, melodia ilunak, rocka eta elektronika ukituak uztartuz, eta harrezkeroztik bigarren mailan geratu bada ere, oraindik ere haren izenak jarraitzaile ugari biltzen ditu. Placebok iaz kaleratu zuen Loud Like Love zazpigarren diskoa.
[youtube]http://youtu.be/U0YP9aJ_1TQ[/youtube]
Larunbaterako prestatutako egitarau oparoaren artean (Garland Jeffreys, Irma, Patrice Babatunde Bart, Kavinsky, Flight Facilities, The Mekanism...), Stromaeren izena nabarmentzen da. Paul Van Haver (Brusela, 1985) Opsmaestro ezizenarekin hasi zen musika munduan —zehazki hip hoparen esparruan—, 15 urte besterik ez zuela, baina berehala hartu zuen gaur egun bere izen artistikoa dena. Suspicion taldea sortu zuen 2002an, baina hamarkada erdialdetik aurrera beste hainbat artistarentzako abestiak konposatzeari ere ekin zion. Cheese (2010) diskoarekin estreinatu zen bakarlari gisa, eta Racine carrée (2013) lanak oihartzun ikaragarria eman dio, batik bat Frantzian.
[youtube]http://youtu.be/S_xH7noaqTA[/youtube]