Zinema

Stuart Gordon zinema zuzendaria hil da

Beldurrezko zinemari lotuta egon zen, eta 'Re-Animator' lehen filma izan zuen bere lanik sonatuena

Stuart Gordon. BERRIA
mikel lizarralde
2020ko martxoaren 25a
16:04
Entzun

1985ean estreinatu zuten Re-Animator, Stuart Gordonen (Chicago, AEB, 1947) opera prima, eta, ordutik, kultuko film bilakatu zen B serieko beldurrezko zinemazaleen artean. H.P. Lovecraften testu batean oinarrituta zegoen filma, eta hildakoak biziberritzen saiatzen den mediku bat zuen protagonista. Baina filmak kontatzen zuenak bezainbeste harritu zituen ikusleak pelikularen tonuak: umorearen eta gorearen artean mugitzen zen, eta odolak, gorpu zatikatuek eta bestelako substantziek ohi ez bezalako protagonismoa zuten.

[youtube]https://youtu.be/wLJ8Z3PDEGU[/youtube]

Gordon atzo hil zen, 72 urterekin, eta B serieko zinema fantastikoari lotutako filmografia utzita. Re-Animator egin baino lehen, antzerkian aritu zen, eta hor ere ez zen oharkabean pasatu. Peter Panen moldaketa antibelizista bat estreinatu zuen Screw Theatre konpainiarekin, eta atxilotu egin zuten «lizuna» zelakoan. Obra horretan, Peter Pan LSDz laguntzen zen bidaiatzeko, eta Txilintxoren pertsonaia homosexuala zen.

Zinemarako jauzia Re-Animator-ekin egin zuen, Gordonek berak aitortu zuenez, lagun batek gomendatu ziolako gore generoko film bat estreinatzeko. Pelikularen arrakastaz jabetuta, generoari eta Lovecrafti lotuta segitu zuen, eta, 1986an, Re-Sonator: From Beyond estreinatu zuen. Gerora iritsi ziren Dolls, Robot Jox, The Pit and the Pendulum —Edgar Allan Poeren istorioan oinarrituta—, Fortress eta Space Truckers.

Zuzendari ez ezik, ekoizle eta gidoilari ere izan zen Gordon, eta, hain zuzen ere, berak idatzitako komedia batek (Honey, I Shrunk the Kids) arrakasta handia lortu zuen, 1989an, estreinatu zutenean.

2011n oholtzara eraman zuen Re-Animator musikal bihurtuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.