LIBURU AURRERAPENA
Su zelaiak
Mikel Peruarena Ansak 'Su zelaiak' nobela (Susa) aurkeztuko du datorren astean. Baionako Infanteriako 49. Erreximenduaren ibilerak aletuz eta Filipe Luro soldadua pertsonaia nagusi duela, Lehen Mundu Gerrako krudelkeriaren kontakizun gordina dakar.
Verdun. Itsasoko ur handien gisan higitzen da lurra hemen, harat-honat hegaldatuz, zerurat altxatu eta lurrerat jausiz, lurrezko olatuak iduri. Osoki erreak dira bazter guziak, larrutuak, biluziak, belar mikorik ere gabe, irentsiak oihanak oro, xehakatuak enborrak, mututuak hots guziak, lehergailuen harrabots hau izan ezik, iduri duena ihurtzurien besta etenik gabe bat. Lurren uzkailtzeko ez baita golde hoberik Fritz deabru horien 105eko eta 420ko obusen ukaldiak baino. Lur mokorrak, hesolak, burdinazko hariak, oholak; harkaitzak, harri kozkorrak eta harri xeheak; hormak, patarrak eta kare zakuak; parean aurkituak oro inarrosten dituzte alemanen obusek, zerurat altxatzen eta guziz zirtzikaturik lurrerat aurtikitzen. Mando eta zaldien zango-buruak, gizonen beso eta erraiak birrintzen eta itzulipurdikatzen. Alemanen erreketako soldaduei zer zaien iruditzen, zoaz zu jakitera. Agian ez dira frantsesek igorri 75eko obus herbal horiez beldurtuko, frantsesek aurtiki obusek urtzintzak baitirudite alemanek igorri orroen aldean. Egia izanen da Helmut deabru horiek trebatuagoak direla gerlako jukutria eta jakintzetan. Behatu bertzerik ez da botxeek aurtiki obus bederak zer lurketak aireratzen dituen, lurrezko olatuak iduri. Obus batek ireki duen eta erdia ur eta erdia lohi den zulo hauetarik batean kukutuak dira Filipe Luro eta Etien Bonnat, lehenago Kruppen obus horietarik batek jo eta zapartatzen ez baditu, lurrak azpian hobiraturik hilko direla sinetsiak bi-biak. Ez da zizparik goititzen ahal ere. Gerla irabaztea, hemen Verdunen, zulo honetan kukutu eta irautea da. Zulo batean edozeinetan, dagoeneko errekarik ere ez baita, obusek guziak suntsitu eta birrindu dituztenez gero; su zelai bat bertzerik ez baita soldaduek parean dutena, begiak heda ahala; su zelai bat, putzuz eta lohiz eta kez eta lur tontorrez eta obusek eraiki hobiz egina. Kukutu eta iraun, beraz. Luis Bartaburuk, Jean Bordagaraik eta Martin Etxegaraik egiten asmatu ez dutena; finitu dira soinu ttipiak Luisentzat eta mus partidak Jean eta Martinentzat, zer eta Leon Iturri kapitainari itsuki obeditu eta obus su izugarri horren pean zuloa utzi eta menturatu direlako urrats batzuen egitera, ordu arte aitzinatu dituzten berrehun metroak aski ez eta. Obus bakar batek erdiz erdi jo eta suntsiturik utzi ditu bet-betan, hirurak batera, begiak leherturik, muinak barreiaturik, beso-zangoak epaiturik, gorputz erdiak errausturik eta zizpak funditurik. Bordagarairentzat kontsolamendu izanen da beharbada, semea autoak jota hil zaiola jakin duenetik ez duenez bere buruaren kabu egin. Zernahi gisaz, Lurok eta Etienek bezala ulertu balute zuloan kakoturik irautea dela gaur Verduneko gerla honetan irabaztea, bizirik izanen lirateke oraino. Beharbada. Baina debalde da negar egitea tenore honetan. Alferrik, hildako lagunen gorpuen xerka abiatzea. Kukutu eta egon, menturaz belarriak lehertzen ez bazaizkie harramantza honekin, fortuna poxi batez ez badituzte bizirik lurperatzen lur olatu horiek. Noizbait beharko dute aitzindariek manatu gibelerat egiteko, noizbait beharko du atertu obus erauntsi honek. Baina, anartean, lotinantek eta sarjantek, metro batzuk gibelago, «En garde!» manatzen segitzen dute garrasika, obusen, zizpen eta mitrallusen zarta, ziztu eta karraska guzien azantzarekin lehian. Duela zenbait aste erreka ziren eta orai gerri parerainoko babesa justuki egiten duten lur ebaki horietan ezker-eskuin dabil Silvain Tucoulet lotinanta, Star pistola zahar bat harturik eskuan, soldaduak eta soldadu gehiago su zelairat igorri nahian, alde guzietarik metaka pilatzen doazen hilotzen kinoari ezaxola, ezker-eskuinetako konpainiekin loturak ez galtzea arrangura bakar. Igortzen ditu soldadu batzuk aitzinerat, bertze batzuk ezker hegalerat, «En garde!», bertze batzuk eskuinerat, «En avant!», Star pistola zaharra soldaduei gerrietan sakatuz beharrezko bada. Urratsik ez gibelerat. Maiatz hondar honetan uharka jausten den euriari ere ezaxola. Zizpak kargatuak eta baionetak zuzen kakotuak dituzten aztertu, eta soldaduak eta soldadu gehiago igortzen aitzinerat, obusen erauntsiaren erdirat, heriotza segur den lekuetarat, nehoiz ez erretretan. Badira kuraios partitzen diren soldaduak, badira ero haize batez itsutuak bezala granada aurtikitzen ari direnak, eta badira ohetik jalgiarazi haurrak diruditenak, oka ari direnak, edo otoitzean, txiza eta kaka gainean eginik ere fitsik sentitzen ez dutenak, lurraren eta euriaren lixiba lohiak disimulaturik. Erreka zaharraren gibeleko hormaren kontra emana den hori, adibidez, soldadu berrietarik da, apiril hatsarrean heldua 49.eko hildakoen orde, ez ditu hogei urte ere izanen. Paparretik heldu eta oraino tente diren lur zaku batzuen kontra bermatu du Silvain Tucoulet lotinantak, otoitzak biharamunarentzat uzteko eta aitzinerat ontsa behatzeko manatuz. Gibelean, aitzinean, ezkerrean, eskuinean, lehertzen diren bonba, granada eta crapuillot horiez ohartuago da soldadu gaizoa ordea, eta lurrerat labaindu zaio zizpa. Ur lohien putzurat makurtu eta jaso du lotinantak, soldadu gaizoari saihetseko bat alimalekoa emanez zizparen ipurdiarekin. Lurrerat jausi da soldadua, belaunak lohietan eta esku bat saihetsean. Belarrian oihu egitera kukutu da lotinanta, eta oren zehatz horretan zartatu da 105eko bertze obus bat errekaren gibeleko patarrean, azantza handitan. Txistu luze bat belarrietaratu zaie soldaduei, lotinanten eta sarjanten manuak ez entzuteko maneran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu