Spiderman aipatu, eta haurtzaroa etorri zait gogora. Ez nintzen ni zalea, baina ahizpa nuen liluratua. Marrazki bizidunetan ezagututako pertsonaia hark zoratzen zuen. Mozorroa ere egin zion amak kamiseta gorri-urdin zaharrak erabiliz. Ez omen zen hura Spidermanen jantzia. Kaskagor jarri, eta jantzia erostea lortu. Gogoan dut etxetik ibiltzen zela, paretan gora egiteko ahaleginetan. Lo ere jantzi gorri-urdin harekin egiten zuen.
Umberto Ecoren eta hainbat ikerlariren ustez, superheroiekin identifikatzeko eta zaletzeko arrazoi nagusiak bi dira: batetik, gizakiak ahalguztidun izateko duen desira; eta, bestetik, superheroi hauetariko gehienen ahulgune hori (Greziako heroi mitologikoen antzera; Akilesen orpoa, kasu). Superheroi=supergizon identifikazioak superheroien interpretazio bat gailentzen du: superheroi hauek guztiek, ahalguztidun (super) izateko eta heroi (gizon?) izateko, ahalmen gutxiko lagunak eta miresleak behar dituzte inguruan. Horixe adierazten zuen Lander Garrok: Supermanek Lois behar zuen. Edo, beste modu batera esanda, Supermanekin identifika daiteke inor, Loisen miresmen hori lortzeko desiragatik. Istorio horietan inguruko pertsonaia guztiek superheroiaren izaera jainkotiar hori indartzeko funtzioa besterik ez dute, superheroiaren nortasunaren osagarri huts dira gehienetan. Baina zer gertatzen da superheroi=supergizon identifikazioa hautsiz gero? Zer gertatzen da superheroi femeninoak ere garatu direnetik?
Ez naiz ari Supergirl edo Spidergirl moduko superheroiez. Horiek supergizona baitute iturburu, bi-biak supergizon baten saihetsetatik sortuak. Azken urteotan jaio dira superheroi femenino berriak, ekintzaileagoak, gizon begiradarentzat bakarrik sortuak ez direnak, gizon heterosexualaren desira asetzeko jaio ez direnak. Esaterako, Fiona Averyren gidoiek sorturiko Anya Corazón Brooklyngo superheroi gaztea, neurri batean.
Superheroiekiko zaletasuna, bada, uler daiteke supergizonaren mitoaz beste. Ahizpak Spiderman izan nahi du, inolaz ere supergizon, psikoanalista guztien teoria argigarrien kontrara. Ahizpak paretan gora egiteko gogoa besterik ez zuen. Bere bakardadean, ondokoaren begiratuari iskin eginez, bere kabuz gora egiteko gogoa besterik ez zuen desio. Ekintza horretan zen identifikatzen, ekintza horretan da identifikatzen. Ekintza horretan dut identifikatzen. Ekintza horretan gara erortzen. Inor izatekotan, gehiago garelako Mafalda, Felipe, Libertad, eta baita Susanita apur bat ere.
Mafaldari entzun geniona gogoan, haren irakaspenak lagun: «Giza familia handiak duen gaitza da hauxe: guztiok nahi dute aita izan». Umezurtz garela ezkutatzeko, supergizonaren antzezpenean mozorrotzeko.
Literatura. Hirudia
Superheroiak vs Mafalda
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu