Surrealista bezain errealista

Andoni Urzelaik bere bosgarren nobela kaleratu du, 'Ametsen trafikatzailea' izenburukoa

Andoni Urzelai, Ametsen trafikatzailea nobelaren aurkezpenean, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Donostia
2022ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
«Fabula hiperboliko bat da». Hala definitu du Andoni Urzelaik (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1967) kaleratu berri duen azken nobela: Ametsen trafikatzailea (Elkar). Atzo egin zuen liburuaren aurkezpena, Donostian. Azaldu zuenez, delirioa eta errealitatea nahasten dira bertan. Idazleak sinesgarritasuna eman nahi izan dio «disparate» bat den istorioari, eta, horretarako, buru nahasmena duen pertsonaia baten gorputzetik josi du kontakizuna. Krudela eta ankerra da protagonista, baita «patetikoa» ere. Liburua gizartearen isla ere badela argitu zuen.

Hain zuzen, nortasun nahasia duen pertsona bat da protagonista. «Bizitzan zerbait handia egiteko jaio dela uste du, baina zoriak familia normal batean jarri du, pertsona normala da... beraz, bere amets propioa eraikitzen du». Besteen ahuleziak ezagutu eta menderatzeko asmoz, psikologia ikasketak egingo ditu, eta,bidean, aurkikuntza zientifiko batekin egingo du topo: nootropiko bat, amestutakoa hurrengo egunean erreala balitz bezala bizitzea ahalbidetzen duen medikamentu bat. «Berez, alzheimerra dutenek ahaztutako gauzak gogoratzeko sortzen da pilula hori, baina iraupen motza du». Protagonistak, ordea, bestelako erabilera bat emango dio: ametsak induzitu eta amestutakoa bizipen erreal moduan gogoratzeko baliatuko du. «Esaterako, batzuek amesten dute gazteak direla, eta hurrengo egunean gazte moduan esnatzen dira». Efektua iraungi bezain laster itzuliko dira, ordea, errealitatera, eta pilulak halako adikzio bat sortuko die.Urzelairen arabera, hori da nobelaren sinopsia, nahiz eta irakurketa asko izan: «Irakurle bakoitzak modu diferentean irakurriko du».

Nobela hiru zatitan banatuta dago: aurrenekoan, pertsonaiaren arkitektura azaltzen du idazleak; bigarrengoan, protagonista ametsa fabrikatzen eta eraikitzen hasiko da; azken zatia, berriz, erabat «surrealista» da: «Irakurleak ez du jakingo gauzak benetan gertatzen ari diren, imajinatzen ote dabilen... hor dago irakurleari planteatzen zaion jolasa».

Berezia da egiuratzeko modua ere. Zati bakoitza kapitulu laburrez josita dago: «Kapitulu bakoitzak bere titulua du. Horrek ere badu garrantzia, eta tituluetan ere umorea baliatu dut». Irakurketa errazteko balio izan dio teknika horrek.

Ametsen peskizan ibiltze hori errealitatean gertatzen den zerbait dela uste du Urzelaik: «Orokorrean, ametsen jonki batzuk garela iruditzen zait. Errealitateari baino kasu gehiago egiten diegu buruan ditugun ametsei». Hala, gizartearen «erretratu» moduko bat egin nahi izan du liburuan. Bat dator Antxiñe Mendizabal editorea: «Ispilu lana egiten du».

Urzelairen arabera, istorioa, tarte batzuetan, «nahaspilatsua» suerta daiteke. Nahita egindako zerbait da, irakurlea protagonistaren barrunbeetan sartzeko, «haren garunaren barruan edo». Ohar bat ere eman zuen editoreak: «Irakurlea bidean apur bat nahasten bada, ez dadila kezkatu: seinale ona da. Aholkua da irakurlea ez saiatzea logikarekin eta arrazoiarekin irakurtzen; disparate honetan sartu, eta disfrutatu».

Protagonista «galtzailea» dela iritzi dio Urzelaik, zentzu guztietan: «Galtzaile baten istorioa da». Harekiko enpatia sentitzen duela ere aitortu zuen.

Umorez

Akzioz beteriko nobela bat da, eta umore «beltza eta garratza» erabiltzen du. Mendizabalen ustez, jakin-mina pizten du azken momentura arte. Liburu dibertigarritzat jo du Urzelaik: «Tarteka oso dibertigarria dela uste dut; idazten, behintzat, pila bat dibertitu nintzen. Tipoa bere ametsa fabrikatzen hasten denean... horrek edozertarako aukera ematen du».

Urzelairen bosgarren nobela da hau. Aurretik argitara emanak zituen, euskaraz, Haginkada (2002), Zirkulua (2004) eta Karanbola toxikoak (2015); eta gazteleraz, Demencia (2015).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.