Xilaba

Sustrai Colina da Xilabako txapelduna

Duela bi urte bezala, Urruñako bertsolariak irabazi du txapela, 1.008 puntu bilduta. Amets Arzallusekin (998 puntu) aritu da buruz burukoan.

Urriaren 29ko kanporaketa. ISABELLE MIQUELESTOREN
Ander Perez-Bidatz Villanueva
2016ko azaroaren 12a
07:49
Entzun

2016ko Xilaba Zuberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko bertsolarien txapelketak badu txapelduna: Sustrai Colinak saio ona josi du goitik behera, eta, 1.008 puntu eskuratuta, txapela jantzi du. Hala, bigarrenez lortu du Xilabako txapela, 2014an irabazi ostean. Amets Arzallusekin (998 puntu) aritu da buruz burukoan Colina, eta, azkenean, bera nagusitu da.

Horrela geratu da saioko sailkapena: Sustrai Colina (1.008), Amets Arzallus (998), Maddalen Arzallus (581), Odei Barroso (576,5), Miren Artetxe (571) eta Xumai Murua (537,5). Lehen bostak Euskal Herriko bertsolari txapelketa nagusian ariko dira, 2017an. Baionako Lauga aretoan jokatu da Xilabako finala, ehunka bertsozaleren aurrean.

Ane Zuazubiskar BERRIAko kazetaria aritu da saioaren berri ematen:


Mattin gogoan

Jean Pierre Treku Martin Treku Mattin bertsolariaren semeak jantzi dio txapela Colinari. Izan ere, iragan urriaren 11n bete ziren 100 urte Mattin sortu zela. Xilabako aurtengo txapelketan berari egin diote omenaldia. Mattin pertsonaia historiko bat da bertsogintzan. Fernando Aire Xalbador-en lagun mina, urte luzez ibili ziren elkarrekin Euskal Herriko plazetan, baita saio handietan ere. Gizon txiki baina bihotz handikoa zela diote askok, beti irribarre batekin ahoan. Haren belaunaldia, gainera, lehena izan zen Hegoaldearekin zubiak eraikitzen bertsogintzan. «Beti plazer egiten du gogoratzen dela jakiteak», Jean Pierre Trekuren hitzetan.

Mattinez gain, Aitor Renteria Txato BERRIAko kazetari eta bertsozale izan zena ere gogoratu dute. Aurreko aldian bezala, Txato saria banatu dute kantatzeko era politena eta doinuen erabilera saritzeko. 2014ko txapelketan bezala, Barrosori eman diote aurten ere. Epaimahai berezi bat izendatu dute horretarako, Mixel Aire Xalbador, Pantxika Solorzano eta Mixel Etxekoparrek osatua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.