Sustraietatik loratuz

'Xarmak' diskoa argitaratu dute Josu Okiñena pianistak eta Liana Gourdjia biolin joleak. Inoiz argitaratu gabeko piezak berreskuratu, eta melodia jarri diete

Josu Okiñena pianoan eta Liana Gourdjia biolinarekin, Donostiako Musikeneko ikasgela batean. AITOR AZURKI.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2022ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Aita Donostiaren erromantze bat, doinu leun eta atseginean; Josu Okiñena pianoan, eta Liana Gourdjia biolinean. «Errepikatuko dugu? Segurtasuna lortzeko diot», Gourdjiak. Eta berriro ere erromantzearen doinuek egin dute oihartzun Musikeneko (Donostia) ikasgeletako batean. Bien artean argitaratu berri duten Xarmak diskoan dago entzungai erromantze hori, beste erromantze batekin eta sei piezarekin batera. Inoiz entzun gabeko melodiak berreskuratu eta entzungai jarri dituzte.

«Ahaztutako altxorrak». Hala definitu ditu Okiñenak Xarmak diskoak jasotzen dituen piezak. «Kultura bonboiak». Lehenago argitaratu gabeko konposizio batzuk bildu dituzte Okiñenak eta Gourdjiak: Aita Donostia, Francisco Manalt, Pablo Sarasate, Maurice Ravel, Jesus Guridi, Eugene Ysaye eta Moritz Moszkowskirenak. «Euskal zein nazioarteko errepertorioa berreskuratu eta zabaltzeko errezital gisa sortutako albuma da».

Azaldu dute ikerketatik abiatu zutela proiektua, eskuizkribuetan aurkitutakoetatik: «Aztertu egin behar izan ditugu ulertzeko». Makina bat pieza probatu zituzten lehendabizi, eta ondo egokitu ziren aukeratutako kantu sortara. «Iruditzen zitzaigun oso ondo egokitzen zirela abesti hauek, eta sentitu dugu zerbait desberdina eta berria ematen ari garela biolin eta pianorako musika klasikoari».

Nazioarteko agertokietan batera aritutakoak dira Okiñena eta Gourdjia, eta Musikeneko irakasle izan dira biak, baina argitaratu duten diskoak batu ditu: «Estudioan egiten dugun lehen grabazioa da, musika oso antzera ulertzen dugu, eta kuriositate berbera dugu errepertorio berriak bilatzeko».

Ez ditu soilik kuriositateak bultzatu lan hau argitaratzera. Izan ere, errusiarra da Gourdjia, eta, haren ustez, badute lotura bat euskal kulturak eta Errusiakoak. «Oso hizkuntza desberdinak badira ere, nondik gatozen jakitea gustatzen zaigu; gure sustraiak bilatzea, alegia». Eta, hain zuzen, Iruñeko artxiboan aurkitu dituzte diskoko abestien erroak.

«Benetako altxorrak»

Bi artistak zuriz jantzita paseoan, eta atzean Kontxako badia (Donostia). Irudi hori du bien artean egindako diskoaren azalak: «Polita iruditzen zitzaigun Aita Donostiaren hiriari keinu egitea, diskoko erreskaterik garrantzitsuena Aita Donostia baita». Okiñenaren hitzetan, abestiei egiten die erreferentzia diskoaren izenburuak. «Tamaina handi zein txikiko piezak dira diskokoak, baina denak dira xarma duten benetako altxorrak». Gainera, Gourdjiari «bikaina» iruditu zitzaion izena: «Oso fina iruditzen zait xarmak hitza, eta gure lanari ederki datorkiola uste dut».

«Musikagileen inguruan dagoen dimentsio kulturalean oinarrituta sortu dugu diskoa», azaldu du Okiñenak. Izan ere, Aita Donostiaz gain, Ravel ere bada obraren parte, eta bilduman funtsezko lekua betetzen du. «Ravel erabili dugu euskal lurraldearen nazioartekotze handiaren eta eskuizkribuetan gordeta egon eta kalitate handikoa den beste baten arteko ardatz gisa. Ez zegoen konposizio horien audiorik lehenago».

Gainera, diskoan agertzen den Euskal Herriko beste artista handienetako bat Sarasate da, Moszkowski poloniar konpositorearen hainbat kantu moldatu zituena. Okiñenaren iritziz, «oso aberasgarria» da pertsona batek euskal kulturatik oso urrun dagoen kultura bat ulertzen duela ikustea. «Eta, batez ere, nola iritsi garen errezital hau elkarrekin eraikitzera, berak euskal nortasunaren inguruan duen ezagutzaren interpretazio batetik abiatu baikinen».

Egileek adierazi dute euskal kulturan sustatzaile berria izan nahi duela Xarmak-ek, «musika unibertsalaren maila berean kokatzeko euskal musikaren munduaren ondare aberatsa». Sustatze lan horretan, ondare hori sakon landu eta jarduera batzuk egiteko asmoa dute Okiñenak eta Gourdjiak, «musika hori existitu dadin eta denboran iraun dezan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.