Suzanne Vegaren adierazpen askatasuna

Lehenengo diskoa kaleratu zuenetik berrogei urte bete diren honetan, Suzanne Vegak oraindik ere argi erakusten du folk kantautorearen etiketa motz geratzen zaiola. 'Flying With Angels' haren azken diskoa da horren erakusgarri.

Suzanne Vegaren hamargarren diskoa da 'Flying with Angels'.
Suzanne Vegaren hamargarren diskoa da 'Flying with Angels'.
mikel lizarralde
2025eko maiatzaren 25a
04:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Hilaren 1ean bete ziren berrogei urte Suzanne Vegak (Santa Monica, AEB, 1959) bere lehenengo diskoa kaleratu zuenetik, egilearen izen berekoa. Ordurako ezaguna zen kantari eta gitarrista gisa New Yorkeko folk zirkuituetan, baina, lan hari eta A&M diskoetxeak diskoan jarritako konfiantzari esker, izar txiki bat bilakatu zen Vega 1985. eta 1986. urteetan AEBetan, eta handik kanpo ere bai. Orduz geroztik, nahiz eta bere ibilbideko lehenengo urteetan arrakasta handiko kantuak grabatu zituen —agerikoena Luka, Solitude Standing (1987) bigarren diskoan azaldutako hit handia, baina baita Marlene on The Wall, Tom’s Diner, Book of Dreams eta In Liverpool ere—, Vegak lasai hartu du bere ibilbidea, eta beharrezkoa iruditu zaionean baino ez du diskorik argitaratu. Hain zuzen ere, Flying with Angels (Cooking Vinyl, 2025) bere hamargarren diskoa da, eta hilaren 2an ikusi zuen argia. Vegak debutatu eta berrogei urtera.

Bederatzi urte zeramatzan Vegak kantu berriz osatutako diskorik atera gabe, 2016an Lover, Beloved: Songs from an Evening with Carson McCullers argitaratu zuenetik alegia. Lan hura, gainera, ohiko bidetik kanpokoa zen, The Heart is a Lonely Hunter nobelaren egileari buruzko antzezlan bat baitzuen abiapuntu. 

Flying with Angels-ekin, ordea, kantu autonomoz osatutako album formatura itzuli da musikari estatubatuarra, disko osoari giro bat, begirada bat sumatzen zaion arren. Izan ere, pandemian bere buruari egindako zenbait kantutatik abiatuz hasi zen Vega kantuak sortzen, nahiz eta adierazi duen ez dela garai hari buruzko disko bat. «Kantu batzuk pertsonalak dira, beste batzuk politikoak, eta beste zenbait egoera jakinen inguruko gogoetak besterik ez dira. Diskoak ez du narratiba zehatzik», adierazi berri dio Spin aldizkariari. «Kantuek errepikatzen den lelo bat dute, eta ez dira narratiboak: horrek askatasun handia ematen dit nahi dudana egiteko, eta horregatik gustatzen zait kantuak idaztea, horregatik naiz konpositorea eta ez fikzio idazlea». 

Azken urteetan Gerry Leonard bilakatu da Vegaren kolaboratzaile estuena, eta kantariaren lan honetan agerikoa da hori. Diskoa ekoizteaz gain, zortzi kanturen konposizioan parte hartu du. 

Jantzi hertsirik gabe

COVID-19aren garaian eta hark eraginda, Vegaren senarrak buruko isuri batzuk izan zituen, eta, horien ondorioz, ezin hitz egin geratu zen. Hain zuzen ere, diskoko lehenengo hiru kantuak — Speaker’s Corner, Flying with Angels eta Witch— egoera horretara egokitzeko beharretik sortu ziren. Vegaren senarra poeta eta eskubide zibilen aldeko abokatua da, eta hari eskainia dago, adibidez, Speaker’s Corner, adierazpen askatasunaren aldarria egiten duen pop kantua. «Iktusen ondorioz, egun ez du modurik bere zeregina betetzeko, hau da, protesta egiten duen jendeari babesa emateko». 

Bere ibilbidea folk-popari lotuta hasi bazuen ere, Vegak askotan erakutsi du jantzi hertsiak ez dituela atsegin, eta beraren musikak iturri askotatik edan dezakeela. Lehenengo hiru kantuek hori bera adierazten dute. Speaker’s Corner pop kantu bat da, Flying with Angels tentsioan dagoen gitarra baten gainean eraikia dago, eta Witch-en, berriz, bere hastapenak gogoraraziz hasten da Vega, eta, gero, rock sintetikora jauzi egiten du. Kolore paleta askotariko horren erakusgarri dira Last Train to Mariupol balada dramatikoa —erreferentzia egiten dio Donetskeko hiriaren setioari— eta Alley. Bigarrenean, aterpe bat bilatzeaz kantatzen du Vegak, soft-rockaren erritmoan. Vegaren alabak, Ruby Froomek, ahotsak jarri ditu bi pieza horietan.  

Baina diskoak badakartza beste ezusteko batzuk ere. Lucinda-n —Lucinda Williams musikariari eginiko omenaldi bat da—, errezitatu egiten du Vegak, Lou Reed-en eta rap kantari baten artean kokatuta, eta Love Thief-en soulera jotzen du, hari konponketa dotoreek eta koruek lagunduta. Chambermaid-en, berriz, Bob Dylanen I Want You kantu ezaguna egokitu du modu libre eta jolastian, kantu hartan agertzen zen zerbitzariari ahotsa emanez.

Azken bi kantuek erakusten dute modurik agerikoenean Flying with Angels ez dela definitzeko erraza. 1970eko hamarkada amaierako new wave talde batena ematen duen pieza bizi eta disonantea da Rats —pandemia garaian New Yorken izan zen arratoi izurritea darabil egileak bizirik irauteko borroken metafora gisa—, eta jarraian dator, berriz, Galway, mandolina baten erritmora dantza egiteko gonbidapena egiten duen kantu itxaropentsua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.