Musika

Sylvain Luc jazz musikari baionesa hil da

Europako jazz musikaren izen handienetako bat izan da. Barda zendu da, 58 urterekin.

KANTUKETAN
Sylvain Luc –ezkerraldean–, gitarra eskuetan duela, Maddi Oihenart eta Kepa Junkerarekin eman kontzertu batean, Getxon. JOSEBA MARTIN
Leire Casamajou Elkegarai.
2024ko martxoaren 14a
18:00
Entzun

Baionan sortu zen Sylvain Luc, 1965ean, eta gaur egungo Euskal Herriko jazz musikari garrantzitsuenetakoa zen. Gitarra 4 urterekin deskubritu zuen, ondotik biolina, eta hamar urtez biolontxeloa ikasi zuen Baionako musika kontserbatorioan. Bulle Quintet jazz taldearekin —Nicolas Filiatreau (bateria), Mario Vilas (teklatuak), Jean-Claude Driollet (baxua) eta Pierre Olivier (bibrafonoa, perkusioa)—, sari bat irabazi zuen 1982ko Donostiako Jazzaldian. Kontzertu ugari eman zituen Euskal Herriko talde horrekin, eta, 1988an, Parisera bizitzera joan. Orduan, moldatzaile, musikagile eta barietate artista anitzen laguntzaile aritu zen. Halere, jazz munduari hertsiki lotua egon zen bizi osoan. Haren emazteak sareetan hedatutako informazioaren arabera, barda zendu zen, bihotzekoak jota, 58 urterekin.

Piaia bere lehen diskoa 1993an kaleratu zuen, eta, arrakasta handia bildu zuenez, publikoak lan haren bidez egin zuen Lucen ezagutza. Zenbait urte geroago, 1999an, Ameskeri atera zuen, Stephane Belmondorekin. 2000. urtean, Andre Ceccarelli eta Jean-Marc Jafetekin batera, Trio SUD talde ospetsua sortu zuen, eta urte berean grabatu zuten lehen diskoa. 2002an Sylvain Luc Trio Sud bigarren diskoa atera ondotik, taldeak Victoire de la Musique saria lortu zuen jazzaren arloan. Hurrengo urteetan beste hainbat aitortza jaso zituen Lucek: hala nola Urrezko Django saria 2008an, eta SACEM elkartearen Jazz Sari Nagusia 2010ean. Trio SUD taldearekin beste album bat ere kaleratu zuten, 2008 hasieran: Young and Fine. Artetik, eta, urte horiez geroztik, beste disko anitz atera ditu bakarrik, bikotean, hirukotean, edo beste zenbait talde eta musikariren laguntzaile gisa. Haren azken diskoa, Simple Song (Space Time Records), 2023ko apirilaren 28an kaleratu zen.

Euskal Herriarekiko lotura

Luc Baionakoa zen sortzez, eta bi anaia zituen, biak musikariak. 1978an jadanik, 12 urterekin, anaietarik batekin Oinak arin diskoan parte hartu zuen. Eta elkarlanak segida izan zuen 2000. urtean, haietarik batekin Nahia diskoa atera baitzuen.

Pantxoa Etxegoien eta Sylvain Luc, Luhusoko jaialdiarentzat, 2005ean. GAIZKA IROZ
Pantxoa Etxegoien eta Sylvain Luc, Luhusoko jaialdian, 2005ean. GAIZKA IROZ

1981ean Pantxoa eta Peioren Bakezko besarkada batean diskoan aritu zen, eta Euskal Herriko jazzaldi anitzetan parte hartu izan du, hala nola Donostiako Jazzaldian 1982an, eta Gasteizko Jazzaldian 2004an. Halaber, Baionako jazz jaialdia desagertu ondoan sorturiko  jaialdi herrikoiagoan, hau da, La Ruee au Jazzen ere aritu zen, 2006an.

2005ean, EKE Euskal Kultur Erakundeak Luhuson (Lapurdi) antolatutako Batek mila programan jo zuen, besteak beste, Maddi Oihenart eta Kepa Junkerarekin batera. Biharamunean Getxon aritu zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.