Hilaren 3an bete ziren 50 urte Turkiako poeta modernorik handiena —Nazim Hikmet Ran (1901-1963)— erbeste hotzean hil zenetik, Moskun. Hain zuzen, hiri horretan hilobiratu zuten, Novodevitxi hilerrian, eta han egiten diote ekainero ohore Moskun bizi diren hainbat turkiarrek.«Oraindik orain, Errusian bizi diren turkiarrentzat, bi nazioen arteko zubia da Nazim Hikmet». Hala adierazi zuen hilerriko omenaldian Ali Galip Savasir ekimenaren bozemaileak.
Egun berean, Moskun bertan, taula gainera igo ziren 80 lagunetik gora —tartean Zuhal Olcay, Edip Akbayram eta Zulfu Livaneli musikariak— behinola hirian bizi, idatzi eta maitatu zuen poeta omentzeko. Hunkituta ageri zen Livaneli, Errusiara doan aldiro akordatzen baita Nazim Hikmetekin: «Bihotza atabalatzen zait bere izena entzuten dudanean. Bera izan zen arrazoi nagusia ni musikari eta konpositore izan nendin».
Errusiar-Turkiar Inbestitzaileen Batasunak (RTIB) antolatu zuen ekitaldia, eta elkarteko buru Naki Karaaslan-ek honakoa eman zuen aditzera: «Nazimenganako maitasunak elkartu egingo ditu orotariko seme-alabak eta bilobak, gutxienez, beste mende erdiz». Asteotan Turkian izaten ari diren istiluei buruz galdetuta, Karaaslanek onartu zuen biziki «zaila» dela egoera, «baina herrialde bakoitzak aurre egin behar dio bere halabeharrari. Egitura osasuntsuak eskura daitezke halako eztabaida demokratikoei esker».
Turkiatik Turkiara
Raza Naeem kazetariak The Sad State of Turkish Freedom erreportaje zinez interesgarrian diosku Nazim Hikmet-ek nolabait aurreikusi egin zuela —50eko eta 60eko hamarkada urrunetan—orain Taksim plazan gertatu dena, alegia, begi-bistan geratu dela klaseen arteko talka. Hikmeten lerroetako batean honako hau irakur daiteke: «Klasez aldatu eta komunista egin nintzen». Hain zuzen, lerratze horrexegatik kartzelatu zuten hainbat bider, baita iheslari izatera behartu ere. Bien bitartean, lerroz lerro, aparteko ospea lortu zuen nazioartean.
«Ene eskribuak berrogei hizkuntzatan inprentaturik daude, / baina Turkian, ene hizkuntzaz, debekaturik daude», idatzi zuen 1961ean, Berlinen —euskaraz Gabriel Arestiren itzulpenean, Lau gartzelak (Lur, 1971) liburutik—. Bada, dagoeneko 50etik gora hizkuntzatan irakur daiteke Nazim Hikmeten lana, eta debekaturik egotetik urruti, Turkian eskuz esku eta ahoz aho dabiltza bere izkribu eta hitzak. Gezi parkerako edo Taksim plazarako apropos idatzia dirudi Eguzkia edaten dutenen ereserkia, eta bereziki, amaiera: «Al-da-rri / e-gi-ten / i-kas / de-za-gun!».
Kantuetan, karteletan, pankartetan bizi da Nazim, ke potoen artean, Guy Fawkes edo Anonymous maskaraz inguratuta. Avantajix blog turkiarrean diotenez, Taksim plazako kanpaldian unean unekoa ari ziren bizitzen; batzuk inauterietan bezala, eta beste batzuk Hikmeten hitzak gogoan: «Bizitzea ez da txantxetan ibiltzekoa, / seriotasunik handienarekin bizi behar da, / urtxintxak bagina bezala, konparazio baterako». Poeta ihesi joan zen aspaldi Turkiatik, eta deserrian hil; baina poetaren gorpua Moskun egonagatik, bera aspaldi itzuli zen Turkiara.
Sarean eta gurean
Nolanahi ere, Nazim Hikmet noranahikoa zen, eta halaxe dabil egun ere, nonahi. Ugariak dira sarean dituen loturak; ezin ugariagoak sare sozialetan egiten zaizkion aipu eta erreferentziak, Japoniatik bezala hementxe bertatik. Izan ere, berriki jakin dugu Armiarma.com atariko Euskarari Ekarriak atalean irakur daitezkeela euskaraturiko Nazimen olerki guztiak. Gorago aipaturiko liburua —Lau gartzelak— osorik irakur daiteke bertan, Arantxa Urretabizkaiak idatzitako sarrera mamitsua barne.
Honako hau jakin dezakegu, esaterako, hitzaurrea irakurriz gero: «Bi herri izan ziren turkiar literaturaren eragile: arabiarrak, erlijio eta alfabetoaz, eta persiarrak, poesia arin eta erotikoaz. Funtsean, bada, turkiarrek oinarritu zuten bere kultura persiar eta arabiarrengan erromatarrak grekarrez baliatu ziren bezala: gauza bahituz bete zituzten norberaren kulturaren hutsuneak».
Horrez gain, Iñigo Aranbarrik itzulitako 12 poema (Susa, 2007) ere eskuragarri dago, Koldo Izagirrek eta Josu Landak euskaraturiko poema solte batzuekin batera. Aranbarriren itzulpenetan aurki daitezke, adibidez, sarean bolo-bolo dabiltzan lerrook: «Arbola bat bezala bizi, bakar eta libre / senide bezala bizi oihan bateko arbolak bezala / amets hau da gurea». Halaber, irakurri genuen berripaper honetan Askatasuna bizitzan eta poesian artikulua, Juan Luis Zabalak Hikmeti buruz idatzia. Azkenik, Hala Bedi irratiko Celosamente Gordea literatur saioan, ezetz asmatu noren poemak irakurri dituzten aste honetan?
Euskal irakurleontzat dago aitzakiarik, beraz, Nazim Hikmeten lana ez ezagutzeko. Ez zaigu damutuko; izan ere, indar harrigarria du, bere xumean, haren poesiak. Nabari da tintaren bestaldean bizitza bizi izan duen norbait dagoela. Eta, hain zuzen, honelaxe amaitu zuen Hikmetek Neure bizitzaren kontaera poema, 1961ean: «Hitz gutitan, ene lagunok, / egun Berlinen herri-minak hiltzen nauela banago ere, / ongi esan ahal dezaket / gizon bati dagokion bezala bizi izan naizela».
Literatura
Taksim plazan bizi da Nazim
Bizitzaren erdia eman zuen espetxean nahiz erbestean; han hil zenez geroztik iragan da mende erdia. Istanbulen eta Moskun, sarean eta gurean, bizi-bizirik dirau Nazim Hikmet poetaren lanak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu