Talka baten kronikagile zorrotza

Chinua Achebe hil da, 'Things Fall Apart' -en, Afrikako literaturan gehien irakurritako nobeletako baten egilea

Chinua Achebe 2008an, This Fall Apart liburuaren 50. urteurrena ospatzeko ekitaldi batean. DANIELA RADULESCU.
Igor Susaeta.
2013ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Umuofia herrixkan, Nigerian, dago girotuta Things Fall Apart (1958) nobela. Han bizi da Okonkwo, herriko pertsona errespetatuenetako bat. Herriko egunerokoa, ordea, aldatu egingo da, kolonizatzaileak helduko direlako. Igbo etniakoentzat bitxikeria bat besterik ez da izango hasieran, baina gizon zuriak herritar batzuk erakarriko ditu bere ingurura, eta horrek arrakalak sortuko ditu igboen balio sisteman. Liburuak deskribatzen du bizimodu modernoaren eta Afrikako kultura tradizionalaren arteko talka. Kolonialismo garaian Afrikako etniei gertatutakoaren kronika osatu zuen Chinua Achebe idazleak, Afrikako literatura modernoko liburuen artean gehien irakurrietako bat. Egilea atzo hil Bostonen (AEB). 82 urte zituen.

Beste lau nobela argitaratu zituen, eta poesia, ipuingintza eta saiakera ere landu zituen, 25 lan baino gehiago kaleratuz. Things Fall Apart (1958) izan zen idatzi zuen aurreneko eleberria, eta hura 50 hizkuntzara baino gehiagotara itzuli zuten, eta hamar milioi aletik gora saldu. Baina sekula ez zuten Acheberen ama hizkuntzan, igboeran, plazaratu.

Amak eta arrebak kontatzen zizkioten ipuinak aditzen hazi zen, eta igboen tradizio horri heldu zion gero berak ere. Eskolako liburutegi «zoragarrian», gainera, Charles Dickens edota Jonathan Swift deskubritu zituen, eta are gehiago zaletu zen kontagintzara. Ibadaneko Unibertsitatean medikuntza eta literatura ikasi zituen. Orduan idatzi zuen bere estreinako ipuina: In a Village Church. Nigeriako landa eremuetako bizimodua Erresuma Batuko kolonizatzaileen tradizioekin nola uztartzen zen kontatu zuen hartan.

Ikasketak bukatu eta berehala, 1954an, Nigeriako Irrati Nazionalean hasi zen lanean, Lagos hiriburuan. Hurrengo 12 urteetan idatzi zituen bere bost nobeletako lau: Things Fall Apart, No Longer at Ease (1960), Arrow of God (1964) eta A man of the People (1967). Ordurako jada herrialde burujabea zen Nigeria. Baina gerra zibila lehertu zen 1967an. Biafra eskualdeak, igboen herriak, independentzia aldarrikatu zuen. Achebe ere Nigeriatik banantzearen alde zegoen, eta bere herrikideen enbaxadore bilakatu zen. Bukatu zen guda, Biafrak ez zuen independentzia lortu, eta Achebe zenbait alderdi politikotan militatzen hasi zen. «Ustelkeria eta elitismoarekin» gogaituta, ordea, beste bide bat hartzea erabaki zuen.

Hortaz, irakasletzara emana bizi izan zen ondorengo urteetan. Bai AEBetako eta Afrikako zenbait unibertsitatetan ere jardun zuen. Okike Afrikako literatura aldizkari ospetsuenetako baten eratzailea izan zen, gainera, garai bertsuan (1971).

Afrikako literatura modernoaren aitzindaritzat daukate adituek, eta askotan laudatu izan dute Achebe, ustelkeriaren eta botere gehiegikerien aurkako borrokalari sutsua izan zelako. Baina Ngugi wa Thiong'o idazle kenyarrak, esaterako, kritikatu egin zituen bera etaWole Soyinka nobel sariduna, ingelesez idazteagatik: «Haien lanek kolonoen kultura aberasten dute, haienaren kaltean». Afrikako kulturan ingelesaren erabilera— «kolonizatzaileen hizkuntza»— defendatu izan du Achebek. Eta bere arrazaren defentsa ere egin zuen hitzaldi batean, Joseph Conrad idazlea kritikatuz: «Arrazista odoltsu bat da».

Euskaraz, bi liburu

Man Booker International saria eman zioten 2007an, «bere ibilbideagatik eta afrikarrei ahotsa emateagatik». Urte berean, Alberto Martinez de la Cuadrak Things Fall Apart itzuli zuen euskarara —Gainbehera dator dena (Alberdania-Elkar)—. Zortzi urte lehenago, Achebek 1971an argitaratutako Civil Peace ipuina itzuli zuen Maddi Alvarezek, eta Susa argitaletxeak kaleratutako Bake zibila eta beste zazpi gerra ipuin liburu kolektiboan bildu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.