Tanttaka Teatroak irabazi du ekoizpen onenaren Max saria

'Soinujolearen semea' eta 'Komunikazio-Inkomunikazioa' obrak saritu dituzte Espainiako sarietan

Erredakzioa
2014ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Espainiako arte eszenikoen XVII. Max sarietan irabazleetako bat Tanttaka Teatroa izan da. Konpainiak enpresa edo ekoizpen pribaturik onenaren saria irabazi du, eta Fernando Bernues zuzendariak jaso zuen saria herenegun, Madrilgo Circo Price antzokian. Bito Producciones SL eta Teatre Romea taldeekin lehiatu da Tanttaka.

Bernuesek eskerrak eman ditu sariagatik, eta Euskal Herriko antzokien lana nabarmendu du, haiei esker «kalitateko ekoizpenak» egin daitezkeela esanez. Horrekin batera, «antzerkia gutxiesten dutenei gauzak zailak jartzera» animatu ditu antzerkiaren munduko langileak.

Tanttakaren Soinujolearen semea eta Komunikazioa-Inkomunikazioa obrek jaso dute Max saria. Euskal Herritik hautatutako konpainia bakarra izan da, aurten sari kopurua murriztu egin dutelako. Orain arte, Espainiako hizkuntza koofizial bakoitzeko antzezpenik onenak saritzen zituzten, baina aurten batu egin dituzte antzerkigile onenaren sarian. Hain zuzen ere, iaz Patxo Telleriaren Lingua Nabajorum obrak irabazi zuen euskarazko antzezlan onenaren saria.

Juan Diego Bottoren indarra

Aurtengo Max sarien irabazlea Un trozo invisible del mundo antzezlana izan da. Juan Diego Botto (Buenos Aires, 1975) aktoreak idatzitako lehen obrak lau sari irabazi ditu; egile berriaren eta aktore onenaren saria(Juan Diego Botto), antzezlan onenarena eta argiztapen diseinu onenarena (Valentin Alvarez). Sergio Peris-Menchetak zuzendu du obra, eta erbestearen eta etorkinen inguruko istorio gogorra kontatzen du.

Horrekin batera, antzezlan berri onenaren saria irabazi du The funamviolista lanak. Dantzan berriz, Israel Galvan izan da sarituena, dantzari eta koreografia onenekin, eta Eva Yerbabuenak lortu du emakumezko dantzari onenaren saria. Emakumezko aktore onena Emma Vilarasau izendatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.