Tapiak Urdaibaiko Guggenheimen proiektua babestu du, eta babes neurriak hartuko dituztela esan

Sailburuaren arabera, proiektua oraindik atariko fasean dago, baina, hura gauzatzen denean, kontuan hartuko dute ingurunea, eta natura eta iraunkortasuna «babestuko» dituzte.

Urdaibaiko Guggenheimen aurkako manifestazioa deitzeko agerraldia, arxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
2023ko azaroaren 3a
17:03
Entzun 00:00:0000:00:00

Hasieratik sortu zuen harrabotsa Urdaibaiko Guggenheimen proiektuak, eta askotarikoak izan dira haren kontrako aldarriak. Hain zuzen, joan den larunbatean manifestazio jendetsua egin zuten makroproiektuaren aurka, Gernika-Lumon. Besteak beste, salatu zuten egitasmoak ez diela eskualdearen beharrei erantzuten, eta kalteak eragingo dituela. Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkideak horren inguruan galdetu dio gaur Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuari, eta Tapiak adierazi du «zorroztasunez» jasoko dituztela babes neurri guztiak.

Sailburuaren arabera, proiektua oraindik atariko fasean dago, baina, hura gauzatzen denean, kontuan hartuko dute ingurunea, eta natura eta iraunkortasuna «babestuko» dituzte: «Urdaibaiko biosfera erreserbako organoetan aztertu eta onartuko da». Museoaren proiektuak «natura zaintzen eta ekonomia pizten» lagunduko duela uste du Tapiak. Halaber, esan du Urdaibai inguruko biosfera «ondo» kudeatzen dela, eta azpimarratu hainbat ekinaldi eta inbertsio egiten dituztela eremu horretan.

EH Bilduko legebiltzarkideak salatu du proiektuaren inguruko informazio falta dela, eta kudeatzeko moduak ere gaitzetsi ditu: «Horrela ezin da herririk egin». Herritarrek dituzten hainbat galdera zerrendatu ditu; besteak beste, hauek: Zergatik ez da parte hartzeko prozesurik zabaldu? Zergatik egingo da museo hori? Ekimen kultural bat bakarrik izango da, edo eskualderako plan sozioekonomiko oso baten barruan egongo da? Bestelako azpiegituretan zer inbertsio egingo dira, egingo badira? Ze eragin izango du horrek eskualdeko eguneroko bizimoduan? Etxebizitza turistikoak ugarituko dira? Prezioak igo?

Agirrek azpimarratu du Busturialdeak inbertsioak behar dituela, baina Jaurlaritzaren jokabideak ez dituela herritarrak aintzat hartzen eta entzuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.