Deigarria da abizen aldaketa. Beti trikitiarekin ezagutu, eta arraroa egiten da irakurtzea ere: Joseba Tapia, gitarra jotzailea. Baina trikitia utzita, gitarrarekin sortu ditu Tximela kapitainaren izarrak diskoko 18 kantak. Aldaketak deigarria da, baina ez hain handia ere. Denbora darama Tapiak bere burua kantagile abizenez aurkezten. Eta kantak egin ditu orain ere. 36ko gerran Eusko Gudarostean aritutako Luis Rezola Aranari (Tolosa, 1914, 1993) hartu dizkio hitzak horretarako; Tximelari. 1937an Dueso kartzelan preso zela idatzitakoei jarri die musika Tapiak. Ezberdin, baina lehengo gisan: «Sei zaineko gitarra batek lagundu dit idatzia kantu bihurtzen. Gitarra jotzeko modua antzinakoa da. Estiloa ezaguna egingo zaizue. Kantaera ere bai. Gaia, betikoa dela esan liteke. Baina entzungo dituzuen kantuok ederrak dira».
Ederrak eta gogorrak. Izan ere, estua da Rezola Aranak deskribatzen duen errealitatea. Lau horma artekoa, eta baita hormaren beldur eman beharrekoa ere. «Goizeko zortzi-zortzitan/ hogeita hamazazpigarren/ urte barrenetan.../ Nola dan ere hila? A, bai: urrila./ Atea tin-tan joaz nere bila/ sekulako gizon pila./ Eskuak lotuaz naramakite./ Nora? Berak dakite./ Leize zulora? Esan liteke». Diskoko lehen abestia da, eta giro hori da gainontzeko abestietan ageri dena ere. Rezolaren mina, Tapiak kantatua.
Min horri eman nahi izan dio protagonismoa musikariak. Biluziak dira kantak horregatik. Ahotsa, gitarra eta biolontxeloa, eta organo ukitu batzuk. Listo. Diskoari buruzko azalpen handirik ere ez, bestela. Azkaraten grabatu dutela. Luis Fernandez izan dela biolontxeloarekin, Jexux Aranburu organoarekin eta Tapia gitarrarekin. Diskoaren aurkezpenik ere ez. Atzo abiatutako kontzertu biraren datak, eta Rezolaren biografia bat soilik. Tolosako tximelatarretan sortu zela 1914an. Gazte hasi zela lagunartean bertsotan. Altxamendu faxista hasi orduko sartu zela erresistentzian. Eusko Gudarostean sartu zela. Gorbeian, Oizen, Gernikan eta Bilbon borrokatu zela, eta 22 urte zituenean egin zutela kapitain. Orduan jaso zituela izarrak. Eta horregatik diskoaren izenburua: Tximela kapitainaren izarrak.
Tapiak sortu eta kudeatutako Zakurraren bibolina zigiluak argitaratu du lana, eta dendetan ez ezik, sarean ere izango da salgai (www.josebatapia.com).
Kartzelako errimak
Zaletasuna lehenagotik bazuen, baina Dueson egin zen Rezola bertso idazle. Hori kontatzen du Antonio Zabala historialariak. «Kartzela izan zuan bere bertso-eskola. Beste zer egiñik ez eta bertso jartzeari ekin, ango mixeriak kantatuz». Tximelaren bertsoak biltzen dituen Bakardadeko ametsak libururako idatzitako hitzaurrean dator esaldia (Auspoa bilduma, 1994). Eta liburu horretatik bildu ditu Tapiak ere diskorako hitzak.
Gordinetik gehienetan, baina umoretik ere bai zenbaitetan. Jueza eta ni abestian, adibidez. Baina ez da hori tonu nagusia. Diskoa aurkezteko hedabideei bidalitako oharrean dator arrazoia: «Gosea, eritasunak, herrimina. Epaiketa militarrak. Anaia bat frontean hila. Bestea zauritua, Iparraldean aterpeturik. Ama semeen aztarrenik hartu ezinda. Eta gaua, gaua bere sarraila hotsekin: jendea ateratzen fusilamendura».
Duesoko espetxetik Andaluziara, eta 1940an buelta Euskal Herrira. Orduan utzi zuten aske. Eta berriz ere Tolosan, lantegira. Erretiroa hartu, eta han hil zen 1993an 23 urterekin kapitain izandakoa. Eta haren kontakizuna berreskuratu du Tapiak. Haren hitzei berritu die hauspoa. Gitarrarekin orain.
Tapiaren hatzek hauspotutako gitarra
Gitarrarekin musikatu ditu Joseba Tapiak Luis Rezolaren bertsoak 'Tximela kapitainaren izarrak' diskoan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu