Taupaka elkartea sortu dute, euskal sortzaileen lana sustatzeko asmoz

Autogestioaren bidez diziplina artistiko guzietako lanak sustatzeko ahaleginak egingo ditu

Taupakako kideak, atzo Bilbon emandako prentsaurrekoan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
MusikHerria diskoetxea desagertu zenetik, proiektu berri bat abiarazteko beharra sentitu zuten haren parte ziren zenbait musika taldetako kideek. Hala, Taupaka kultur elkartea sortu dute Norte Apache, 121krew, Feos pero Majos, Zein da Zein?, Siroka, Solte eta Huts taldeetako partaideek, autogestioa oinarritzat harturik «euskal sorkuntza sustatzeko» helburuarekin. «Baliabide komunak jarriz eta elkarri lagunduz, gure sorkuntza lanei dagokien ahalik eta esparru gehienen kudeaketa guk geuk egitea da xedea», adierazi dute.

Oraingoz, musikariek osatzen dute Taupaka, baina egitasmoa diziplina artistiko guztietako sortzaileak biltzeko asmoa du, «diziplinen arteko elkarlanak eta harreman loturak elkartea bera sendotuko duelako». Hala, esparru artistiko askotan diharduten pertsonekin kontaktuan jarriko dira «hurrengo egun eta hilabeteetan».

Bestalde, elkarteko partaideen lanak banatzeaz DDT etxea arduratuko dela jakinarazi dute. «Filosofia bera partekatzen dugu». Horrez gain, ekimena jendaurrean aurkezteko Bilboko Zazpi Katu gaztetxean jaialdi bat egingo dute Taupakako partaideek, urriaren 6an. Datozen egunotan proiektuari buruzko informazio guztia bilduko duen www.taupaka.com ataria abian jarriko dute.

«Merkantilizazio prozesuan»

Bide batez, euskal kulturak duen egoerari buruzko hausnarketa plazaratu dute elkarteko kideek. Haien iritziz, «merkantilizazio prozesu sakon batean» murgilduta dago kultura. Halaber,krisi ekonomikoak sektorea «astintzen» ari den ideia «sinetsarazi» nahi izatea egotzi diete enpresa handiei.

Krisialdiak eta «ikuspegi merkantilistak» euskal kulturan eragina izaten ari direla aitortu dute, baina, haienen esanetan, «begi bistan da euskal sorkuntza kulturala ez dagoela krisian». Hala, sormenaren «balore soziala» eta sortzaile «alternatiboen» kolektiboa indartzen saiatuko dira. «Eduki kultural alternatibo eta kritikoei ateak ixten zaizkio, kultur neutralak eta aseptikoak bultzatuz». Horri erantzun nahian, «diskurtso kultural bat» eratzeko eta zabaltzeko konpromisoa hartu dute. Azkenik, herri mugimenduko «beste eragileekin» elkarlana sustatzeko eta euskara indartzeko asmoa adierazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.