Taviani anaiek txalo zaparrada jaso dute Berlinalen

'Cesare deve morire' aurkeztu dute, Shakespeareren 'Julio Zesar' tragediaren egokitzapena

Agentziak
Berlin
2012ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
William Shakespearek XVI. mendearen amaieran (1599an ziurrenik, baina ez dago argi) idatzitako Julio Zesar erromatar tragedia zinemara eraman dute Taviani anaiek, Paolok eta Vittoriok. Kartzela batera; Erromako kartzela batera, eta benetako presoekin. Cesare deve morire dauka izena filmak, Berlinaleko sail ofizialean lehiatzen ari da, eta atzo, haren aurkezpenean, txalo zaparrada jaso zuen. Christian Petzold alemaniarraren Barbara eta Antonio Chavarrias espainiarraren Dictado ere, sail ofizialekoak biak, atzo aurkeztu zituzten, jaialdiaren hirugarren egunean.

Taviani anaientzat «aita, semea eta anaia» da Shakespeare. Horregatik egin dute haren tragedietako baten egokitzapena. Brutok Zesarren kontra antolatutako konplota, tirano bihurtutako enperadorea, segurtasun handiko kartzela bateko presoak... Horiek dira, adibidez, filmaren osagaietako batzuk; zuri-beltzaren gordintasunarekin eskainitakoak, gainera. Taviani anaiei galdetu zieten ea tiranoa akabatzeko antolatutako konplota gaur egungo Italiarentzat —eta munduarentzat— baliagarria izango ote zatekeen. «Bizirik zegoen bitartean esan zituenak [Shakespearek] indarrean daude gaur egun ere», erantzun zuen Paolok.

Dena den, baziren estreinatu baino lehenago filmari buruz errezeloak zituztenak. Izan ere, iaz Ralph Fiennesek Shakespeareren Coriolanus tragediaren egokitzapena egin zuen zinemareko, eta ez zuen, ez, harrera onegia eduki. Kasu honetan, baina, lehen minututik egin zuen bat filmak ikusleekin. Kartzelako presoak benetakoak izateak bere garrantzia eduki zuen horretan. Droga trafikoagatik kondenatuta daudenak, kamorrako kideak... Gizarteratze programa batean den-denak. Halere, presoekiko sinpatiatik haratago — «haiek ere pertsonak dira, eta Shakespearerekin daukaten konfrontazio horretatik sortzen da gizatasun hori», nabarmendu zuen Vittoriok—, ausardiagatik eta kalitateak jaso zuen txalo zaparrada Cesare deve morire-k.

Petzolden Barbara-k ere harrera ona eduki zuen. Alemaniako Errepublika Demokratikoan kokatu du istorioa Alemaniako zuzendari ezagunenetako batek. Nina Hoss, aktore protagonista, Berlindik probientzietako ospitale batera lekualdatzen dute, arrazoi politikoengatik. Chavarriasen Dictado, aldiz, «ipuin ilun bat» da, zuzendariak adierazi bezala. Julia da protagonista. Bere aitak bere buruaz beste egin ondoren, ezin dio trauma horri aurre egin, Umezurtz, bikote batek hartuko du. Angelina Joliek, berriz, berak zuzendutako aurreneko lana aurkeztu zuen: In the Land of Blood and Honey. Ezinezko amodio bat kontatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.