helloween
Giants & Monsters. Reigning Phoenix Music.
Badira zortzi bat urte Kai Hansen eta Michael Kiske taldera itzuli zirela. Zazpikote bihurtuta, 2021ean Helloween izeneko diskoa argitaratu zuten, eta, orokorrean teknikoki aipagarria bazen ere, oraingo honetan lortu dutena dezente suspergarriagoa da. Orain hiru abeslari dauzkate (lehen aipatu Hansen eta Kiske eta taldean hiru hamarkada daramatzan Andi Deris), eta txandaka kantatzen dute batzuetan eta batera besteetan. Egia esan, Giants & Monsters disko on bat baino gehiago da, eta taldearen zaleak asebetetzeko moduko ohiko ezaugarriak dauzka: Giants on the run kantu borobila da, ahots teknikoki landua, pasadizo akustikoa, leherketa prozesu dohakabea eta gitarra bikoiztuen festa orgiastikoa. Abiadura ere benetan pizgarria da, eta akaso batzuetan (disko honetan ez da bakarra izango) Speed Metalera ere hurbiltzen da. Ahots nota altuen maitaleentzako, Savior of the world ezin aproposagoa dugu (gainera, bukaera aldera bikoiztuta daude) eta A little is a little too much kantuak, nahiko arketipikoa den arren, bere funtzioa betetzen du. Horrez gain, ahotsaren errepikak erantzuna dauka zati askotan, eta gitarra soloa ere ezin ahantzi dugu, nahiz eta oraingoan apur bat xumea den.
Egurra barra-barra nahi dutenentzat, We can be gods zurrunbilotsua, bizkorra eta orgiastikoa daukate. Abiadura bizi horrek ematen die mota honetako taldeei prestigioa eta garra. Bestalde, Into the sun power balada borobila da. Hasiera teklatu eta ahotsarekin bakarrik egina dago; gero, haziz doa, errepika dirdiratsura iritsi arte, eta crescendo horri guztiari teklatuak ematen dio bukaera. This is Tokyo heavy nahiko arina da, baina ahots bikoiztuek eta errepika eraginkorrak maila handia ematen diote. Eta zuzenean diskoaren gailurrera iritsi nahi dutenek zazpigarren kanta entzutea besterik ez dute, zortzi minututik gorako Universe (Gravity for hearts) guztiz lehergarria baita. Gitarren trosta power metaleroa, ahots hedakorrak, efektu koralak, gitarra zoroak eta koru orgiastikoak dauzkan pieza hau harribitxi bat dugu. Aldiz, Hand of dog-en errepika nahiko estandarra da, teknikoki fina eta heldua den arren. Under the moonlight erdipurdikoagoa dugu, ordea, eta errepikak ere ez du abestiaren lehertzerik lortzen.
Magestic zortzi minututik gorako pieza da. Ahotsaren hasierako errezitala, gitarra bikoiztuen festa, abestiaren erdi alderako geldialditxoa, ia a capella kantatutako pasadizoak eta, noski, gitarra soloak, pizgarriak dira zentzu guztietan. 5’28”ko berpiztea brutala da, eta gero datozen ahots agudoek sentsazio ahalguztiduna sustatzen dute. Amaiera guztiz leherkorra, beraz, nahiz eta zerrendan azkena izateak plataforma digitaletan entzunaldi gutxiago izatea dakarren. Helloween taldeak bere estudioko hamazazpigarren lana ezin hobeto amaitu du, beraz, eta aurtengo Power Metal diskorik onenen zerrendako podiumera igo da, momentuz.