Zinema
'The Adventures of Tintin: The Secret of The Unicorn'
Zuzendaria: Steven Spielberg. Aktoreak: Jamie Bell, Andy Serkis, Daniel Craig, Simon Pegg, Nick Frost, Toby Jones, Tony Curran, Mackenzie Crook. Herrialdea: AEB. Iraupena: 107 minutu.
Hogeita hamar urte luze kostatu zaio Steven Spielbergi bere aspaldiko ametsa gauzatzea, Tintinen abenturak pantaila handira eramatea. Distantzia fisiko zein psikologikotik begiratuta, denbora horretan guztian ez da sobera aldatu Hollywoodeko betiereko ume nagusiaren nortasun zinematografikoa. Besteak beste, segitzen du Midas erregea izaten, negozioetarako abilezia gaindiezina duen ekoizle-zuzendari-enpresari trinomia.
Tintinena luzatzen ari zela ikusita, horren ordezko bat sortu zuen Spielbergek 80ko hamarkadan. Kazetari ilehoriarekin ezaugarri komun asko ditu Harrison Fordek haragitu duen unibertsitateko irakasle bidaiariak. Abenturazale porrokatuak biak, munduko bazter guztiak ezagutuko dituzte objektu ikonikoen bila. Horrexegatik, 2011n Tintin ikustean Indy horrekin akordatuko gara behin baino gehiagotan, are gehiago hainbat sekuentzia fotokopia animatuak ematen dutenean.
Nortasunik gabeko pertsonaia da Spielbergen Tintin. Hain zozoa, hain tolesgabea, izan behar zuenaren itzala bihurtu dute. Horregatik, ez da batere harritzekoa bigarren mailako pertsonaia batek —ezinbestekoa, bina bigarren mailakoa— hartuko duen protagonismoa, Haddock kapitainak. Filma Haddock kapitainaren abenturak deitu izan balitz, askoz ere justuago zatekeen.
Azken finean, Tintin izan edo beste norbait izan, azken garaiotan egin ohi diren frankizien erreplika dotorea besterik ez du egin Spielbergek. Harridura eraginen du animazioaren teknikak lortu duen mailak, gero eta zailagoa da horri akatsik aurkitzea, gero eta errazagoa da aktoreen lana ordezkatzea. Alde horretatik dudarik ez da, txundigarria da filma.
Baina James Cameroni bere Avatar-ekin gertatu zitzaion gauza bera gertatu zaio Spielbergi, baliabide ia mugagabeekin itsututa, ahaztuko zaio istorio bat kontatzea dela oinarria (Pixar vs Dreamworks lehia, akordatzen?). Horren ordez, lasterraldi amaigabeen festa eginen du. Horiek laguntzen, espazio eta isilune guzti-guztiak bete behar dituen John Williamsen musika jasangaitz eta errepikakorra.
Erakustaldi tekniko hutsal honen amaiera ez da batere serioa. Azken urteotan nagusitu den teknika lotsagarri bat bere eginen du zuzendariak, istorioa amaitu gabe utzi eta hurrengo baterako gonbita zabaldu. Ia hamar euro pagatu dituen ikusleak errespetu handiagoa merezi du.
Teknika hutsala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu