Durangoko 55. Azoka

Teknikariok: «Gutako erdiek ezingo dute beste urte erdiz iraun»

Kultur arloko teknikarien sindikatuak salatu du EAEko erakundeen laguntzak «urriak eta gaizki diseinatutakoak» direla. Sektoreko langileen %60 lanik gabe daude oraintxe

Teknikariok sindikatuko ordezkariak, atzo, Plateruenan egin zuten agerraldian. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
«Martxoan ixtera behartu gintuzten eta, bederatzi hilabete geroago, okerrago gaude. Sindikatu gisa eratu behar izan dugu gure eskubideak defendatzeko». Hala azaldu dute Teknikariok sindikatuko kideek beren zioa, Durangoko (Bizkaia) Plateruenan eman duten prentsaurrekoan. Bertan, azaldu dute nolako bilakaera izan duen kultur ekitaldietako eta emanaldietako teknikarien egoerak azken hilabeteetan.

Hasteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Kultura Sailarekin, Lan Sailarekin, Eudelekin eta Kulturaren Euskal Behatokiarekin hitz egin dutela nabarmendu dute. Bizkaiko Aldundiari ere eskatu omen diote bilera, besteak beste, «baina gure bilkura deialdiei ez die erantzunik eman».

Euren egoerari buruzko azterketa ofizial bat eskatu die erakundeei Teknikariok-ek, «laguntzak egokitu ahal izateko, neurri zehatzak sortzeko». Erantzun bera jaso du beti, baina: datuak lortzea oso zaila dela. Sindikatuak berak egin duen azterketaren datuak eman dituzte, bada, pandemiak itxuraldatutako Durangoko 55. Azokaren testuinguruan.

Martxotik orain artean erakunde publikoek hartu dituzten erabakiak eta abiarazi dituzten laguntza lerroen emaitzak aletu dituzte lehenik gaurko agerraldian. Soldatapeko finkoak diren teknikariek —kolektiboko %23k— aldi baterako erregulazioan sartzeko aukera izan dute, eta erdiei %60 gutxitu zaizkie diru sarrerak. Aldizkako soldatapekoak, berriz —%37 dira—, laguntzarik gabe egon dira martxotik urrira, sindikatuaren arabera. Aldizkotasuna ez da kontuan hartu, eta bakarrak ere ez du jaso urriko kultur sektorekoentzako laguntza. «Kultura Sailak eta Lanbidek uste zuten artista eta toreatzaileen erregimen berezian ematen zitzaigula alta, baina erregimen orokorrean gaude. Ondorioz, ez gara kultura laguntzetan sartu»

Autonomoak, azkenik, sektoreko %40 dira, eta jarduera etena izan dute martxoa eta ekaina bitartean. Uztailetik irailera bitarteko laguntza luzapena %2k jaso dute. Eusko Jaurlaritzak kultur arloko langile guztientzat jarri zuen 2,5 milioi euroko laguntza, berriz, hiru teknikarik bakarrik jaso dute EAE osoan. «Ba al zekiten baldintzek ia denok kanpoan utziko gintuztela?».

Sektore osoa kontuan hartuz, kultur ekitaldi eta ikuskizunetako langileen %60 ez dira lanean ari, Teknikariok-en arabera; diru sarrerak %50 gutxitu zaizkie batez beste, gainera, laguntzak kontuan hartuta; eta %15ek ez dute ez laguntzarik, ez lanik. «Baliteke hemendik urtebetera sektorerik ez egotea, gutakoen erdiek ezingo baitute urte erdi gehiago iraun; eta %75ek ezingo diote urtebete gehiago eutsi. Profesionalen galera hori jasanezina da kulturaren industria sarea mantentzeko».

Mugimendurik eza

Egoera horretan, administrazio publikoen aldetik «ez da ezer mugitzen», zehaztu dutenez, eta teknikarien arazoak gero eta larriagoak dira: «Laguntzak urriak, huts egindakoak, gaizki diseinatuak eta iraupen laburrekoak dira; berraktibatzea ez da iristen, jarduerak %80 gutxitu dira;ez digute kontsultarik egiten, eta ez dago arazoak modu bateratuan konpon ditzakeen sektore arteko mahairik».

Hori ikusita, «politikarien eta administrazioen lana erraztuko duten datu guztiak» lortzeko ahaleginean murgildu da Teknikariok sindikatua, gaur azaldu dutenez. «Gure sektoreak BPGaren %3 eta %5 artean ematen du; zifra horien araberako erreskatea litzateke bidezkoa». Neurriak berehala eta modu eraginkorrean hartu ezean, kultur sare osoa galbidean egon daiteke, erantsi duenez. «Sektorea desagerrarazten ari dira, eta Plateruena horren adibide argi bat da. Behin hori gertatu ondoren, nork egingo du berriro sortzeko ahalegina?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.