«Artistek jadanik ez dituzte soilik gizartearen arazoak seinalatzen; beren burua eraldatu, eta irtenbideak ere proposatzen dituzte. Ez soilik artearentzat, baizik eta baita problema globalentzat ere. Teknologia eta zientziarekin batera egin dezake lan arteak, eta irtenbide prototipoak proposa ditzake». Martin Honziken hitzak dira horiek. Linzen (Austria) dagoen Ars Electronica Center zentroko zuzendaria da bera. Arte, zientzia eta teknologia berriak uztartzen dituen Europako zentrorik garrantzitsueneko burua, baita Artists as catalysts erakusketako komisario nagusia ere. Eta, hain zuzen ere, deskribatu duen horixe erakutsi nahi izan duBilboko Alondegian. Teknologia eta artearen bidegurutzean aritzen diren erreferentziazko 12 artistaren piezak bildu dituzte horretarako, eta irailaren 8ra arte izango dira ikusgai.
Naturari egindako erreferentzia batekin abiatzen da erakusketa. Finnbogi Petursson artista islandiarraren lanarekin. Alkimia jolas bat da proposatzen duena, funtsean: soinua ikusgarri bilakatzea. Eta ederra da emaitza. 7,8 hertzeko maiztasuna duen interferentzia emititzen dute bozgorailu batzuek, eta mugimenduan jartzen du hots horrek horma ondoan dagoen urmael bateko ura. Uhin horietara argi bat proiektatu, eta uhinen isla ikus daiteke horman. Forma konposizio abstraktu bat. «Lurraren taupadak» irudikatzen dituztela dio artistak, ordea. Izan ere, lurraren uhin elektromagnetikoen erresonantzia da bozgorailuetatik entzuten dena.
Arazo handien zirrikitu txikiak
Eta teknologia dator gero. Proposamen praktikoa egiten du, adibidez, Eric Pualos-ek. Energy parasites izeneko eskuzorro baten neurriko tramankulu sorta bat ekarri du Bilbora, eta energiari buruzko gogoeta piztea da harenasmoa. Egunerokoan alferrik galtzen den energiari buruzko arreta deitzea. Horregatik sortu ditu, etengabe martxan izaten diren hirietako iturrietako ura edo eskailera mekanikoen mugimendua energia bilakatzen duten tresnak. Parasitoak. «Egunerokoari begirada berriz begiratzen laguntzea da asmoa», dio artistak.
Eta badira arazo handiei, zirrikitu txikiak bilatzen dizkieten proposamen gehiago ere. Itsasoetan izaten diren isuriak biltzeko belaontzi formako robot bat sortu du Cesar Haradak.
Intimitatea. Hori da erakusketako beste gai nagusietariko bat. Interneten uzten dugun informazioari buruzko gogoeta, eta kaleko zaintza kameren gaineko kritika. Googlemaps-ek satelite bidez egindako kaleen argazkiak baliatzen ditu horretarako Paolo Cirio italiarrak. Sateliteak kalean oinez harrapatu dituen pertsonen irudiak giza eskalara eramaten ditu artistak, eta argazkia atera zaien leku berean itsasten ditu gero. Eta hori egin du Bilboko Alondegian ere. Sateliteak orain urte batzuk gune horretan erretratatutako bi emakumeren irudiak eraman ditu erakusketara. Inoiz gune ber horretan ibili ziren bi emakumeren irudiak.
Sorkuntzaren eta eraso informatikoen mugan dabiltza beste lan batzuk. Internet bidez egunkarien web orriak manipulatzen ditu Newstweek gailuak, adibidez. Elektrizitate sarera konektatzen den esku baten neurriko tresna txiki horrek, web erabiltzaileek hedabideen orrietan ikusten dituzten testuak aldatzeko aukera ematen die hackerrei. Notiziak goitik behera sortzen direla salatu, eta hori iraultzeko aukera eskaini nahi dute artistek.
Zaintza kameren aretoa
Neurri txikikoak dira piezarik gehienak, baina bada salbuespen bat: areto osoa hartzen duen Seiko Mikami artistaren Desire of Codes lana. Bisitariaren mugimenduen arabera mugitzen diren kameraz bete du gela, eta horman eta zoruan proiektatuta ikusiko du bere burua ikusleak.
EHU Zarata Lab taldearena da erakusketan dagoen euskal sortzaileen pieza bakarra. Bi horma hartzen dituen arbel berde bat jarri dute sarreran, jendeak nahi duena idatz dezan. Mikrofono batzuen bidez, idaztean egindako soinua jaso, moldatu eta bisitariari itzuliko zaio bueltan.
Teknologiaren adar artistikoa
Artea eta teknologia uztartzen dituzten 12 artistaren lanak bildu dituzte Bilbon, 'Artists as catalysts' erakusketan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu