Literatura

Tere Irastortzak 'Mundua betetzen zenuten' plazaratu du, heriotza zeharkatzen duen poema liburua

Lau urte zeramatzan libururik plazaratu gabe. Eta orain badakit (2011) izan zen orduko hura, eta oraingoa bezala Pamielarekin atera zuen. Lan argitaratu berrian gertukoen heriotzak utzitako "arrastoak" modu poetikoan azaleratu ditu, "baina tragikotasunik gabe".

Tere Irastortza, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ, ARGAZKI PRESS
gorka erostarbe leunda
2015eko urriaren 6a
13:27
Entzun

"Ez dut pertsonalizatu nahi izan. Maite duen orok sentitzen du galera bat heriotzean, baina osatu ere egiten gaitu, maitasunaren bidez". Tere Irastortzak (Zaldibia, Gipuzkoa, 1961) heriotza izan du helduleku nagusi 'Mundua betetzen zenuten' poema liburua argitaratu berrian. Ama eta aita aipatu ditu poema banatan, baina, oro har, ez du pertsonalizatu nahi izan, eta horregatik, zenbaitetan pluralezko lehen pertsonan ere idatzi du: "Norbait hiltzen denean ez da egoten norberaren mina bakarrik, baita beste batzurena ere". Eta ez da soilik mina egoten gainera, Irastortzak gaur goizez egindako aurkezpenean azaldu duenez. "Maitasuna ere badago, eta hortaz, heriotzak osatu ere egiten gaitu". 80 poema inguru idatzi ditu, eta lau zatitan banaturik sailkatu. Zati bakoitzari zenbaki baten izenburua eman dio, 1, 2, 3 eta 4, eta zenbaki ordinal bakoitzarekin ere sarrera poetiko bat osatu du, zenbaki hark iradokitzen diona agerian jarriz, beti ere bizitzaren eta heriotzaren arteko dema azalduz, izatearen eta ez izatearen artean etenik dagoen edo ez gogoeta eginez.

Irastortzak 1980an idatzi zuen lehen poema liburua: Gabeziak. Harrez geroztik beste hamar heldu dira, azkeneko hau kontuan hartuz. Saiakeran eta zutabegintzan ere aritu izan da. Saiakeran Izendaezinaz (2008) liburua argitaratu du, eta bere hainbat saiakera laburrago ere argitaratu izan dira Argia-n, Jakin-en, Egan-en eta RIEV-en. Idazle gogokoenen itzulpenak egin izan ditu, hala nola, Marina Tsvietaieva, Edmond Jabes, Maria Manent edota Karmele Igartuarenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.