Testuinguruan bustita

Nazioarteko hamar artistak esku hartze artistikoak egingo dituzte Urdaibaiko biosferan

Erredakzioa
Bilbo
2012ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Hamar artistak beste horrenbeste esku hartze artistiko egingo dituzte datozen asteetan Urdaibain, Bizkaian, Zentzua eta Iraunkortasuna proiektuaren barruan. Artistak beren lanak amaitzen ari dira orain, eta haietako bakoitzak Urdaibaiko biosferako leku jakin batean kokatu du obra. Uztailaren 21etik 23ra bitartean egongo dira lan artistikoak ikusgai.

Zentzua eta iraunkortasuna erakusketa Eusko Jaurlaritzak abian jarritako Bake eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtearen barruan kokatutako egitasmo bat da, 2012 Euskadi fundazioak antolatutakoa, eta arte garaikideko instalazioak jendaurrean jartzea da asmoa. Antonio Rivera Kultura sailburuordeak adierazi duenez, «indarkeriari, haren jatorriei eta ondorioei buruzko begirada kritikoa eta argigarria» izateko eskatu diete egitasmoan parte hartuko duten artistei, «etorkizun berriak irudikatzeko eta, horrela, bizikidetza eta gizartearen aurrerapena onbideratzen laguntzeko arteek duten gaitasuna aldarrikatzeko».

Proiektuan hamar artistak hartuko dute parte: Maider Lopez (Euskal Herria), Liam Gillick (Ingalaterra), Carlos Irijalba (Euskal Herria), Gunilla Klingberg (Suedia), Rafael Lozano-Hemmer (Mexiko), Ranata Lucas (Brasil), Oscar Tuazon (AEB), Lara Almarcegui (Espainia), Pieter Vermeersch (Belgika) eta Haegue Yang (Hego Korea).

Artistek hainbat udaletako kokaleku naturalak eta herri barrukoak baliatuko dituzte obrak jartzeko, eta horretarako, aurretik, eskualdeko biztanleekin partekatu dituzte bizipenak, ingurune fisikoari ez ezik sozialari ere erreparatzeko. Alberto Sanchez Balmisa komisarioaren esanetan, «parte hartzaile bakoitzak esku hartze artistiko bat proposatu du, non bere artelanak, beren interesak jakintza sortzaileak eta egileak diren aldetik, Urdaibain ikusi duten gizarte, kultura, hiri eta politika testuinguruarekin busti diren».

Erakusketak beste helburu batzuk ere izango ditu; horien artean, obrak kokatuko diren lekuko giza baliabideak eta baliabide materialak ahalik eta gehien sartzea proiektuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.