'The Divide' eta 'Troll Hunter' filmak Beldurrezko astean lehiatuko dira

Urriaren 29tik azaroaren 4ra izango da Donostian Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 22. astea

Aktore izan nahi duen emakume bat da Andreas Marschallen Masks filmeko protagonista. Z / BERRIA.
Erredakzioa
Donostia
2011ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Ia hilabete falta da Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XXII. astea hasteko, baina jada ezagutarazi dituzte urriaren 29tik azaroaren 4ra atal ofizialean lehiatuko diren bederatzi filmeren izenak. Haien artean daude Andre Ovredal norvegiarraren Troll Hunter/Trolljegeren eta Xabier Gens frantsesaren The Divide. 2007an aurkeztu zituen Gensek bere lehen bi lan luzeak, Frontière(s) eta Hitman. Hirugarren filma New Yorken kokatu du, apokalipsiaren ondorengo egunetan: zortzi lagun soto blindatu batean gordeta salbatu egin dira, baina hainbat arazori aurre egin beharko diote.Troll Hunter/Trolljegeren, berriz , Ovredalden lehen lana da, baina zabalkunde handia ari da izaten bere generoko jaialdietan, eta orokorrean kritika onak jaso ditu. Dokumental itxurako filmak trollen legenda berrikusten du, unibertsitateko ikasle batzuen ikerketetatik abiatuta.

'Lost'-en zaleentzat

Andy Mitton eta Jesse Hollanden YellowBrickRoad opera primak ere parte hartuko du lehiaketan; Lost telesailaren zaleek ezin dute galdu, jaialdiko antolatzaileen arabera. Horrez gain, Antoine Charreyronen The Prodigies 3Dan egindako animaziozko lana,Chris Crowren Panic Button, Jim Mickleren Stake Land, eta Andreas Marschallen Masks ere egongo direla jakinarazi dute.

Elkarren artean zerikusirik ez duten fantasiazko eta beldurrezko pasartez osatutako bi lan ikusteko aukera ere izango da: Adam Green, Joe Lynch, Adam Rifkin eta Tim Sullivanen Chillerama batetik, eta Douglas Buck, Buddy Giovinazzo, David Gregory, Karim Hussain, Jeremy Kasten, Tom Savini eta Richard Stanleyren The Theatre Bizarre, bestetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.